EHU-KO ZERAMIKA MASTERREKO IKASLEEN ESKULTURAK IKUSGAI BATZAR NAGUSIETAKO ERAKUSKETA ARETOAN
Bilbao
- EHUko Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko hamalau ikaslek ARTEKAN erakusketa kolektiboa aurkeztu dabe.
- Garagarrilaren 16ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
(Bilbon, 2021eko garagarrilaren 6an). Garagarrilaren 16ra arte, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterra egiten ari diran 14 ikaslek euren azkenengo lanak erakutsiko ditue Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan, ARTEKAN izenburupean. Kontzeptu horrek mundu bien artean jarten dau zeramikea: artea eta historiaurreko garaietatik daukan funtzionaltasuna.
Buztinen eta prozedura zeramikoen aukera mugabakoak aztertzen dituan proposamen pertsonal sorta bat batzen dau erakusketak, alkarrizketa iradokitzailean oinarrituta. Leioako campusean emoten dan graduau osteko ikastaro espezializau honetako bederatzigarren promozinoko (2020-2021) kideak dira protagonistak: Ainhoa Arzallus Goñi, Alex Ruiz Errera, Antonio López Caro, Carmen Piñón Loureda, Celia Martínez Moreno, Edu Valls Sánchez, Eguzkiñe Egaña Corta, Eva Kareaga Cortacans, Garazi R. Itza, Ismael Buenaga Fuente, Naiara Otaegi Sánchez, Nerea Castaño Gonzalo, Paula Huarte Cosin eta Tamara Sadia Mancebo.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak inaugurau dau gaur erakusketea, artista gehienakaz eta Carmen Marín masterraren arduradun eta erakusketaren komisarioagaz batera, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilboko erdigunean daukien erakusketa-aretoan. “Erakusketea oso interesgarria da, eta material horren adierazkortasuna eta berezitasuna aldarrikatzen dau; izan be, agerikoa da zeramikea, adierazpen artistikorako bide moduan, etxeko edo dekorazinoko erabilera ezaguna baino harago doala. Urtero erakusketa honek sormen handiagaz eta obra guztiz desbardinakaz harritzen gaitu, zeramikazko material honen aberastasun handia erakutsiz”, azaldu dau Otaduik.
Zeramika Masterraren bederatzigarren promozinoaren 2020-2021 ikasturtearen azken ikutu moduan antolatuta, ARTEKAN erakusketak sortzaile gazteen “kezka tematiko eta estetiko pertsonaletara buztina zelan egokitzen dan erakusten dau”, azaldu dau Carmen Marinek.
Aurkezten diran lan batzuetan, zeramikak bere prozesuan emoten dituan “gaitasun plastikoak aztertu dira”; beste batzuetan, “mineralen ezaugarri fisikoak behartu dira, keinuari edo suari erantzutean, zoria pieza osatzen daben faktoreen artean sartuz”. Eta, masterreko arduradunaren berbetan, ikusleek “materialen eta tekniken arteko konbinazinoan alkarrizketa barrien hedapena” ikusi ahal izango dabe, “adierazpen-potentzial handiko kontraste ezohikoak eragiten dituenak”, eta baita “artearen eta diseinuaren alderdiak batzen dituen lanak be, barruko arkitekturaren eta zeramikaren arteko erlazinoa barriro ikusiz”.
Erakusketak planteamentu pertsonalen moltso bat osatzen dau. Bertan, batzuek “modernidadeak sortutako eta artista garaikideek azkenengo hamarkadetan jorratutako arazoen inguruan hausnartzera bultzatzen dabe, naturaren eta kulturaren arteko hartu-emonen eta horreek gizabanakoaren identidadearen garapenean daukien inplikazinoaren inguruan, besteak beste”. Eta beste batzuek, barriz, erregistro guztiz desbardin batean, “esplorazino formalean aurkitzen dabe euren bultzada sortzailea”.
Erakusketea Bizkaiko Batzarrek EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz orain hamarkada batetik daukan akordioaren parte da, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko. Batzar Nagusiek uriaren erdigunean daukien erakusketa aretoa lagatzen dabe, lana Bizkaiko ikusleengana errazago gerturatzeko. ARTEKAN erakusketea garagarrilaren 16ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea izango da.