ADINEKOEN ALKARTE BATEK FORU OGASUNAK AURREZ AURREKO ARRETEA BERRESKURATU DAIALA ESKATU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- Bilboko eta Bizkaiko Demokraziaren aldeko Erretiratu eta Pentsiodunen Alkarteak (AJPD) agerraldia egin dau Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean, “pandemiagaz luzatu egin dan” eten digitalaren ondorioak Batzar Nagusietako taldeen aurrean azaltzeko.
- Adinekoek eta pertsona kalteberek neurri handi batean pairatzen daben arazo horren aurrean “estrategia” bat eta Arartekoak egindako gomendioen betete-mailaren “ebaluazinoa” eskatu deutsie Aldundiari
(Bilbon, 2021eko garagarrilaren 2an). Bilboko eta Bizkaiko Demokraziaren aldeko Erretiratu eta Pentsiodunen Alkarteak (AJPD) agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean, joan dan eguaztenean, bagilaren 30ean, amaitu zan 2020ko Errentaren azkenengo kanpainan aurrez aurreko arretea “desagertu izana” gaitzesteko.
Batzar Nagusietako taldeek alkarte horren eskariak ezagutu ahal izan ditue, Jose Luis Ruiz, eten digitalaren kontrako Manifestuan AJPDko bozeroalearen, eta Juan Maria Leon, zahartze aktiboaren inguruko gaietan ia 30 urteko ibilbidea daukan alkarte bateko presidenteordearen berbetan. Eten digitalari aurre egiteko eta foru administrazinoan aurrez aurreko hitzorduak bermatzeko proposamenak helduarazo deutseez biek Bizkaiko Batzar Nagusiei.
Bizkaia albiste izan da errenta-aitorpenean digitalizazinoagaz izandako “arazoengaitik”, eta alkarteak adinekoek eta persona kalteberek gai horren eta beste batzuen aurrean bizi daben egoeraren kontakizuna egin dau, badakielako administrazinoen, kasu honetan Aldundiaren, eta herritarren arteko hartu-emon barriak “lar arin” ezarten ari dirala. Arazo hori bankuetara eta kutxetara be zabaltzen da, eta herritarrek beste administrazino batzuekaz daukiezan hartu-emonetara (Osakidetza, Gizarte Segurantza…). “Jentea oso galduta eta laguntza barik dago”, esan dau Jose Luis Ruizek.
Euren ustez, pandemiak azkartu egin ditu administrazinoaren eta herritarren arteko hartu-emonak online egiteko prozesuak, eta horrek “eragin negatiboa” izan dau adineko personen eten digitalean. Hori dala eta, eten digitalaren aurrean “ebaluazino” bat eta “plan espezifiko iraunkor bat” egin daizala eskatu deutsie Aldundiari, eta egiten diran digitalizazino-plan “guztietan” trantsizinorako atal bat izan daiala. Ganera, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak “laguntza- eta kontsulta-sare iraunkor bat” sortzea eskatu dau, Euskadiko hiru maila instituzionalakaz (udalakaz, Aldundiakaz eta Eusko Jaurlaritzagaz) hartu-emonak errazteko, eta adinekoen artean prestakuntza teknologikoa bultzatzeko eta “zerbitzu publiko guztietan” aurrez aurreko arretea bermatzeko, “ez dogulako gura digitalizazinoak bigarren mailako herritar bihurtzea”, esan dau Ruizek.
AJPDk uste dau administrazinoek gai honetan izan beharreko jarduketea Arartekoaren gomendioetan, administrazino-prozedura erkidearen legean eta milaka persona edadeturen eta zaurgarriren eskarietan oinarritu behar dala. Eskaera horreek alderdi politikoei, Arartekoari, Lehendakariari eta Eusko Legebiltzarrari entregautako Eten eta Bazterketa Digitalaren kontrako Manifestuagaz bat egin daben ia 40 alkarteren bidez jakinarazo da. Batzar Nagusietako Taldeek aho batez onartu dabe adierazpena Bizkaiko Foru Aldundira bialtzea.
OBRAK GUMUZIO AUZOAN (AMOREBIETA-ETXANO)
Beste alde batetik, herritarrek Batzar Nagusietako taldeen aurrean euren kexak eta iradokizunak aurkeztu daiezan erreserbautako batzordean José María Ortiz Insausti jaunak egin dau agerraldia, 2005etik Amorebieta-Etxanoko Gumuzio auzoan egiten ari diran obrak dirala-eta.
“Peña Lemoaren azpian, Boroa parean” dagon landa-gune bateko bizilagun talde baten izenean, Ortizek salatu dau eremu hori “ingurumenean kalteak” jasaten ari dala industrialde bi eregiteko lanen eta euri-urak bideratzeko udala egiten ari dan lanen ondorioz.
Halanda be, AHTren tartea eregiteak eragiten dau “kalterik handiena”. Tarte hori 2019an hasi zan, eta, besteak beste, tunel bat eregiteko lanak jasoten ditu. Tunel horrek bost familiak erabilten daben ur-pozu pribadu bat lehortzea ekarri dau. Pozu horren inguruak espezie inbaditzaileen gune bihurtzen ari dira, “tojoa, tximeleta-lorea edo Pampako lumea”, adibidez. Ortizek ADIF aitatu dau, esanez ez dauela bete Amorebieta-Etxanoko Udalagaz gai horren inguruan daukan akordioa. “Adarra joten ari jakuz”.
Modu berean, ingurua, zabortegi batek sortzen dituen “usain txarrak eta gasak”, eta Sare Elektrikoko 40 metroko torreak jartea pairatzen ari da, eta ganera Iberdrolaren beste jarduketa bat be bai, azpiestazino elektriko baten energia banatzeko “poste kopurua bikoiztea aurreikusten dalako”.
Hori gitxi balitz, Amorebieta-Etxanoko landa-eremuko bizilagunek auzotarrek eurek eregitako auzo-bide partikular bat erabilten daben legez kanpoko ehiztarien joan-etorriak be pairatzen ditue, eta bide hori obretako makinak be erabilten dabe. Kexen aurrean, bizilagun batzuek mehatxuak jaso ditue. “Kartutxoak be bialdu deuskuez etxera”.
Azkenik, Ortizek azaldu dauenez, Lemoako ingurabidearen proiektuaren barruan tunel bat eregiteak eragina euki daike inguruan, eta, hori dala eta, euren eskaerak kudeatu ahal izateko “solaskideak” eskatu ditue.