Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK DINO URDAIBAIKO GUGGENHEIM PROIEKTUA GAUZATU, GAUZATUKO DALA, EUROPAKO FUNTSAKAZ EDO BARIK

  • Unai Rementeria ahaldun nagusiak Bizkaiko Batzar Nagusien kontrolerako osoko bilkuran berretsi dauenez, Next Generation funts barik Guggenheim museoaren anpliazinoa “erritmo txikiagoan” egingo da, “egin beharreko” proiektua dalako.

(Gernikan, 2021eko bagilaren 30ean). Foru Gobernuak hamaika bider emon behar izan ditu azalpenak gaur Gernikako Batzar Etxean egin dan kontrolerako saioan. Horreetako batean, Unai Rementeria ahaldun nagusiak azaldu dauenez, Aldundiak Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua Europako funtsakaz edo barik gauzatzen lagunduko dau. “Proiektu batzuk, egin, egin behar dira, funtsak etorri edo ez, lurraldearentzat onak diralako”. Europaren laguntza iristen bada, proiektua “azkarrago” joango da, eta funtsak barik erritmoa “motelagoa” izango da.

Rementeriak gaur goizean emon dau erantzuna, Bizkaiko Batzar Nagusietako kontrolerako osoko bilkuran, Elkarrekin Bizkaiak proiektu hori martxan jartearen ganean egindako itaun batean; “beharrezkoa” Aldundiarentzat, izan be, hasierako “127” milioi euroko aurrekontua aurreikusten da; horreetatik, “81” Europako Batzordeari eskatu jakoz, “Next Generation” funtsen bidez, diru-kopuru "neurribakoa" Hector Fernandez batzarkidearentzat. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren patronatuak daukan eretxiaren ganean be galdetu dau. Fernandezek jakin gura izan dau proiektuak zer eragin izango dauen Gernikako itsasadarrean eta zergaitik egiten dan “karta bakarrerako apustua” eskualde horretako garapen ekonomikorako planetan.

Ahaldun nagusiak esan dau Guggenheim Museoaren Patronatuan aurkeztutako proiektua babesten dabela, “helburuak partekatzen doguzalako”. Proiektua “borobila” eta “bakarra” dala esan dau Rementeriak, eta “garai barri honen ondorio” dala uste dau, “kulturea, jarduera ekonomikoa eta ingurumenaren babesa” batzen ditualako, mundu mailan “erreferentzia” dan marka bategaz: Guggenheim.

Rementeriak ganeratu dauenez, proiektuak Biosferaren Erreserbea “errespetetan” dau eta Urdaibaiko eskualdearentzat “aukera bardintasuna bultzatzen” da. Ingurumenaren eta aurrekontuen ikuspegitik, proiektu “iraunkorra da zentzu guztietan”. Europako Batzordearen babesa jaso ezkero, proiektu “globala” izango litzateke, baina funts horreek onartzen ez baditue “erritmo txikiagoan” egingo litzateke. Ahaldun nagusiak aurreratu dauenez, Urdaibaiko Erreserbako arduradunakaz “alkarrizketak” izan ditue daborduko, baina goiz da erakunde horrek eretxia emon daian, proiektuaren inguruko “xehetasun gehiago” izan arte; izan be, gune bien arteko loturen ganeko eretxia emon beharko dau. Rementeriak ohartarazo dauenez, Dalian eta ontziolan egin beharreko jarduketak udal-plangintzari jagokoz.

BIZKAIAREN ERAKARPENA INBERTSINORAKO

Beste gai batean, Amaya Fernandez Talde Berezia-PPBko bozeroaleak, Bizkaia inbertsinorako lurralde “erakargarria” izan daiten Foru Aldundiak ezarriko dituan neurrien inguruan galdetu deutso ahaldun nagusiari. Popularren batzarkidearen ustez, lurraldeak hainbat gauza behar ditu: industria-politika bat “orain holangorik ez dagolako”, jarduera ekonomikoa sustatuko daben zerga-beherapenak izango dituan zerga-erreforma barri bat ezarteko “itun” bat, Administrazinoaren gastu “ez-emonkorrak” murriztea, eta garraio-azpiegituren eta azpiegitura digitalen ganeko politika bat, “bidesari politika aproposagaz”.

“20 hilebete geroago” itaun “bera” egitea kritikau ostean, ahaldun nagusiak Foru Gobernuak Bizkairako inbertsinoa eta talentua erakartera bideratuta aurrera daroazan ekintzen errepasoa egin dau. Enpresak erakarteko haztapenen artean, bidesarien politikea “beste bat da”, baina beste “esanguratsuago” batzuek baino “balio txikiagoa dauka”. Azken horreen artean, Jaurlaritzak inbertsinoak eta talentua (digitala, energetikoa eta ingurumenekoa, sozio-sanitarioa, eta azpiegituren garapenen ganekoa) erakarteko egin dituan lau trantsizinoei lotutako ekimenak gogorarazo ditu barriro.

Industriaren arloan, Rementeriak industrietako “barrikuntza-unidadeak” erakartea dauka helburu, lurraldeak bereganatzea lortzen dituan proiektuak “errotzen” saiatzeko. Erakarpen politika hori, “Estaduan ez dagozan kenkariak” barne hartzen dituan fiskalidade egoki bategaz egiten da. Horren harira, ahaldun nagusiak azaldu dau bere Gobernuaren eredua baliabide publikoei eusteko “beharrezkoa” dan oreka fiskalean oinarrituta dagola, Talde Bereziak Bizkairako aldarrikatzen dauen “Madrilgo eredutik” urrun.

KONTRATAZINO-POLITIKEA

Kontsultoretza enpresen inguruan CNMCk emondako ebazpena ezagutu ostean, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek azalpenak eskatu deutsez Aldundiari, Foru Administrazinoa enpresa horreekaz “bat eginda” ete dagon jakiteko. Xabier Benito talde moreko ordezkariak azaldu dauenez, CNMCren ebazpenean, “Euskadi sarearen epizentroan dago”, eta Foru Administrazino osoan “frogautako 16 gertakarik” daukie eragina, hau da, egitura horren Iparraldeko sarearen “% 14,4k”.

Talde biek “neurri zuzentzaileak” eskatu deutsez Foru Gobernuari iruzur klase hori saihesteko. Hain zuzen be, Arantza Urkaregi EH Bilduko ordezkariak kontratazino publikoan prozedura negoziaua ez erabilteko eskatu dau, edo, hala bajagoko, kartelean inplikautako aholkularitza enpresak ez konbidetako. Kexu dira Foru Gobernuak merkataritzako soziedade foralak gero eta gehiago erabilten ditualako kontratetako, eta hori enpleoaren kalidadearen kalterako izango dalako. Benitok Foru Aldundiak “barruko ikerketa bat” egitea, aholkularitza enpresa horreek aurkeztutako lanak ez erabiltea eta Kontu Auzitegiak kontratu horreek fiskalizetea eskatu dau.

Elixabete Etxanobe Administrazino Publikoko eta Erakunde Harremanetarako diputatuak esan dauenez, Aldundiak ez dau kontratazino politikea aldatuko, izan be, CNMCk ez deutso “inolako gaitzespenik” egiten Foru Administrazinoari. Halanda be, gertakariengaitik “kezkatuta” agertu da, “gure esku dagon guztia” egingo dabela ohartarazo dau, “etorkizunean jardunbide hori gerta ez daiten”. Foru Aldundiko arduradunaren ustez, CNMCren ebazpenak agerian izten dau “akatsak” dagozala lehiaketa batzuen kontratu-kategorian, eta hori dala eta “erreza” dala hori egitea, foru sektore publikoan formula hori “oso gitxi” erabilten dan arren, Aldundiak “gehienbat” kontratazino prozedura edegia sustatzen dauelako.

BESTE GAI BATZUK

Foru Aldundiak Hidrogenoaren Euskal Korridorean parte hartzeari, LGTBI kolektiboari zuzendutako politikei, Eurokopa Leagueko eta emakumezkoen Championseko finalei, adinbako baten zaintza kentzearen inguruko epaiketari, Gaztelugatxeko tiketing zerbitzuari, salgaien garraioaren sektoreari laguntzeko neurriei eta Petronorreko ERTEari buruz galdetu deutso oposizinoak Foru Gobernuari.

Foru Gobernuak emondako erantzunean azaldu dauenez, “garagarrileko lehenengo egunetan” UEFAk berretsi egin beharko dau euskal agintariek 2020ko Eurokopea erakarteko gastautako 1,3 milioi euroak itzultzea, eta baita Europako final biak San Mamesen egingo diran ala ez. Erakundeen arteko “lankidetza-eskema bera” erabiliko da futbolaren Europako erakundeagaz akordioa ixteko.

Gaztelugatxerako sarbideei jagokenez, bihartik aurrera 900 lagunek bisitau ahal izango dabe egunean baseleiza ingurua –pandemia aurretik edukiera 3.000ra mugatzen zan–, eta kontrol bat egingo da banakako sarrerak gauzatzen dirala egiaztetako, eta baita erreserben miaketa bat be, sarrerak emoteko orduan iruzurrak saihesteko.

Kamioientzako edukiera handiko errepide sarean bidesariak jarteari jagokonez, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak iragarri dauenez, “datozan asteetan” hasiko ditu bilerak garraio sektoreko ordezkariakaz.