Aurreko Albisteak

GUEÑES-ITSASO GOI-TENTSINOKO LINEAREN ERAIKUNTZAK KALTETUTAKO SAI ZURIAREN HAZKUNTZAKO LURRAK BABESTEKO "LEGEZKO PAUSO GUZTIAK" EMONGO DITU ALDUNDIAK

  • Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, basogintza sektorerako laguntzen ganeko 62/2021 Foru Dekretuaren barritasunak eta Gueñes-Itsaso goi-tentsinoko linea eregiteko obren inguruan Foru Gobernuak daukan jarrerea azaltzeko.

  • Bizkaiko Batzarrek atzera bota dabe EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak basurdeen uxaldi “guztietara” basozaintza joan daiten egindako erdibideko zuzenketa-eskea.

(Bilbon, 2021eko bagilaren 25ean). Gueñes-Itsaso goi-tentsinoko linearen eraikuntzaren inguruan Aldundiak daukan jarrerea ezagutzeko EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek batera eskatu daben agerraldian, Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan esan dau bere alderdiak “legezko pausu guztiak” emongo dituala sai zuriak Igorreko eta Lemoako udalerrietan kabiak egiteko eremu bat galdu ez daian. Izan be, bertatik igaroten da Red Eléctrica Española (REE) eregiten ari dan goi-tentsinoko linearen proiektua.

Enpresa horrek egiten dituan obrak “Ingurumeneko basozaintza zerbitzua ari da kontroletan”, baina diputatuak badaki konpainiak oraindino ez dauela “40 eta 44 torreen artean esku hartuko”, gitxienez Aldundiagaz daukan auzi bat epaibideetan ebatzi arte. Enpresak eremu horretako lanak geldiarazoteko “konpromisoa bete” dau, eta Aldundiak egiaztau dau ez dala “ezelango kalterik” egin kabiak egiteko eremuan. Lanak “kilometro bateko erradioan gelditu dira, eta hegaztia martiaren 1etik irailaren 1era bitartean hazten ari dan garaian, modu orokorrean”, azaldu dau diputatuak.

Kontua da Aldundia eta enpresa elektrikoa zain dagozala, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak behin betiko ebatzi daian sai zuriaren hazkuntzan daukan eraginarengaitik goi-tentsinoko linearen obrak eten gura ebazan foru aginduaren kontra REEk jarritako errekursoa. Auzitegi horren 2020ko garagarrilaren 28ko auto batek foru agindua “kautelaz etetea” erabagi eban. Epaiaren barri izan ostean, Aldundiak, abuztuan, goi-tentsinoko linea eregiten jarraitzeagaitik, enpresaren kontra edegitako espedientea bertan behera iztea be erabagi eban.

Agerraldia egiteko eskaera aurkeztu daben Batzar Nagusietako taldeek azpimarratu dabenez, Aldundiak berandu jardun eban espezie hori babesten, eta baita desagertutako Aramotzeko Santa Marina baselizea egoan ingurua, “ustezko arkeologia gunea”, babesten be, linea eregitean “arriskuan” jarten dalako, Elkarrekin Bizkaiako Xabier Benito batzordekideak esan dauenez. Talde biek babestu egin dabe Aldundia azpiegitura horren “kontrako jarreran parte aktiboa” izatea, baina “jarrera indartsuagoa izan heinkean”, EH Bilduko Iratxe Arriolaren berbetan. Behin eta barriro galdetu dau ea Aldundiak alegazinorik aurkeztuko dauen, epea “oraindino edegita” dagolako.

BASOGINTZAKO LAGUNTZEN INGURUKO DEKRETUA

Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta, diputatuak maiatzaren 11ko 62/2021 Foru Dekretuaren barritasunen errepasoa egin dau. Dekretu horren bidez, Bizkaiko lurralde historikoan 2021erako inbertsinoak egiteko, baso-eremuak garatzeko eta basoen bideragarritasuna hobetzeko diru-laguntzak emoteko oinarriak eta deialdia ezarten dira. Eskabideak aurkezteko epea “gaur bertan” amaituko da.

Talde moreak ezarritako gidoiari jarraituz, diputatuak PDR15 izenekoa aitatu dau. Horren helburua basoen jaubeakaz akordioak lortzea da, kudeaketa jasangarria lortzeko edo basoetako pistak hobetzeko laguntzak lortzeko, basoen kudeaketa ezin hobea lortzeko eta suteak amatetako lanak errazteko. Makineriari jagokonez, dekretu horrek makineria astunaren erabilerea mugatzeko beharra ezarten dau, lurzoruan dituan ondorio kaltegarriengaitik. Horretarako, kontzientziazino-kanpaina bat ezarri dabe, enpresak jardunbide egokietan trebatzeko.

Dekretuak, “sektoreagaz adostuta”, diputatuaren berbetan, espezieak landatzeko diru-laguntzak be ezarten ditu, eta horreek “unean-unean egokitu beharko dira”. Azken horreetatik kanpo geratu dira eukaliptoak landatzeko diru-laguntzak, baina ez Robinia Acacia landatzekoak, Batzar Nagusietako EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek adierazo dabenez azken hori be “espezie inbaditzailea” dan arren.

BOLUEKO HEZEGUNEA ETA PARKE EOLIKOA

Diputatuak, oposizinoaren galderei erantzunez, adierazo dau ez dagola barritasunik Bolueko hezegunea mantentzeko eta Bizkaian parke eoliko barriak eregiteko lanen inguruan. Lehengo gaiari jagokonez, Antxustegik esan dau URAk ez dauela aurkeztu arrain arantzadunaren habitata dalako babestuta dagon hezegune horretan dragatzeak egiteko ur-maila handitzeko “eskaera formalik”. Teknikarien artean “hartu-emon ez-formalak” baino ez dira egon.

Eta Eusko Jaurlaritzak etorkizunean parke eoliko barriak jarteko aukerea emango dauela iragarri izanari jagokonez, Aldundiak “ez dauka ezelango informazinorik”. Eduardo Andrade PPB taldeko ordezkariaren ustez hori ez dator bat Arantxa Tapiaren adierazpenakaz, Bizkairako “kokaleku barriak aztertzen” ari dirala esan eban eta.

BASURDEEN UXALDIAK

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dabe EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak Bizkaian basurdeen uxaldien kontrola handitzeko egindako erdibideko zuzenketa-eskea. Ekimenak, Foru Aldundiari foru eta udal araudia betearazoteko eskatzeko lau puntu jasoten ebazan: uxaldietan basozainen presentzia fisikoa areagotzea; araudi zehatzailea aldatzea ehiza-baimen pertsonalak edo kolektiboak kentzeko ez-betete kasuetan; eta ehiztari taldeei uxaldi bakotxaren hasieraren eta amaieraren barri emoteko eskatzea.

Proposamena ez da onartu, kontrako 9 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta proposamena egin daben talde bien ordezkarien aldeko 5 botogaz. Foru Gobernua babesten daben taldeek adierazo dabenez, uxaldiak “modu seguruan” egiten dira Bizkaian, baina “ez dago zero arriskurik”, Jesus Ortizek azaldu dauenez, aurreko hilebeteetan izandako hainbat gertakariren harira. Talde horreentzat, basozainak “ezin dira uxaldi guztietan egon”. Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak azaldu dauenez, “Aldundiak kexa gehiago jasoten ditu basurdeen kalteengaitik uxaldiengaitik baino”.