Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK "HIRU HILEBETE BARRU" ONARTUKO DABE ARAUDIA ALDATZEA, ALDUNDIAK BERE FORU DEKRETUETAN ERAGIN EKONOMIKOAREN GANEKO TXOSTENAK AURKEZTU DAIZALA ESKATZEKO

  • EH Bilduk gai horren inguruan egindako arau-proposamen baten eztabaidan, foru-gobernua eusten daben taldeek aurrera egin dabe arau-aldaketa horren aplikazinoan.

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikan egindako osoko bilkuran, oposizinoaren ekimen parlamentario guztiak baztertu ditue.

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Mendatako bandera eta armarri barria onartu ditue, eta ondoetorria emon deutse Victor Trimiño Vegasi, Batzar Nagusietako Euskal Sozialistak taldearen ordezkari moduan.

(Gernikan, 2021eko bagilaren 23an). Bizkaiko Batzar Nagusiek “hiru hilebeteko” epean arau aldaketa bat onartuko dabe, aurrekontuan grabamena egotekotan Foru Gobernuaren foru dekretuakaz batera eragin ekonomikoaren ganeko txostena egin daiten. Bizkaiko Batzar Nagusietako talde guztiak bat etorri dira esatean foru araudia hobetu egin behar dala Foru Gobernuak zeregin hori bete daian. Baina horretarako aukeratutako tresnan ez dira ados jarri. Oposizinoak foru arau bat eztabaidatzeko prozesua martxan jartea proponidu dauen bitartean, Foru Gobernua eusten daben taldeek dekretuaren aldeko apustua egin dabe.

Gaur goizean Gernikako Batzar Etxean egindako osoko bilkurak, beraz, ez dau kontuan hartu 3/1987 Foru Arauaren aldaketea, Bizkaiko Foru Aldundiak Foru Dekretu arauemoileakaz batera txosten ekonomiko bat aurkeztu daian. EH Bilduren ustez, foru arauak “berme legal eta demokratiko gehiago” emoten ditu, foru dekretua baino “maila altuagoa” daukalako eta eztabaidea ahalbidetzen dauelako.

Pandemiak iraun dauen bitartean, osoko bilkurak “17” Foru dekretu onartu ditu preminaz, txosten ekonomiko barik, Arantza Urkaregik salatu dauenez; izan be, Urkaregik ziurtatu dauenez, Araban txosten ekonomiko horreek aurkeztu ditue, eta Gipuzkoan, aho batez, betebehar hori txertatzeko foru arau bat onartu barri dabe. Egungo legeriak Zerga-arloko Foru Dekretu Arauemoileak txosten horretan sartzetik kanpo izten ditu, legegintza-egokitzapenekoak eta premiazkoak, eta koalizino abertzalearentzat “garrantzitsua” da Batzar Nagusiek balioztatu baino lehen hareen eragin ekonomikoa ezagutzea, hau da, aztertzeko beharrezkoa dan aurrekontu-eraginaren ganeko txostena jasotzea, eta, eraginik izan ezkero, baita txosten ekonomikoa be.

Foru Gobernua babesten daben taldeak ados agertu dira funtsagaz, baina uko egin deutse betebehar hori foru arau proiektu batean sartzeari; izan be, “hiru hilebete barru”, zerga arloko dekretuetarako prerrogatiba hori jasoten dauen 87/2021 foru dekretu arauemoilea onartuko da, eta, 25. artikuluan oinarrituta, txosten ekonomiko bat eskatuko da, eta bertan “proiektu horreek aurrekontu kargarik daukien ala ez balorauko da”, Jesús Ortiz sozialistak eta Unai Lerma jeltzaleak esan dabenez.

2020KO ERRENTEA

Gaur eztabaidatutako lau mozinoen artean, 2020ko Errentaren kanpainak protagonismoa hartu dau barriro be. Talde Berezia-PPBk testu bat ekarri dau Batzar Nagusietara, besteak beste, astebete barru amaituko dan kanpainan aurrez aurreko eta telefono bidezko arretea “bermatzeko”, eta baita hurrengo Errenta aitorpenean zerga-arintze bat ezarteko, eredu barria ezarteko egindako kudeaketarengaitik ordaindu behar izan diran zerga-aholkularitzako gastuengaitik; izan be, hori “atxakirik bako porrota” izan da, zergadunei “arazoak” sortu deutsezalako, Amaya Fernández bozeroalearen berbetan.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek “akatsak” onartu ditue, baina, halanda be, beste ekitaldietan baino hilebete bat gehiago iraun dauen kanpainan “konpontzen” joan dirala esan dabe. Eredu barriak “paradigma aldaketea” ekarri dau, Jose Alberto Alvarez Castrejon Sozialistaren berbetan, eta “709 milioi datu ezbardin” tratetea ahalbidetu dau. Dagozan “8.975” gastu-erregeletatik “12tan” egon dira arazoak. Informazino-bolumen hori erabilteak arazoak eragin ditu bialdutako aitorpenen zirriborroen “% 3an”.

Bagilaren 14ra arte, aurreko kanpainan baino “580.482” errenta-aitorpen “gehiago” aurkeztu ziran, “ia % 72 webgunearen edo aplikazinoaren bidez, % 8 baino gehiago telefonoz, eta 360 baino ez aurrez aurre”, Euzko Abertzaleak taldeko Garazi Diaz Intxaustik azaldu dauenez. Hasiera batean erantzun bako “60.000 dei baino gehiago” egin ditu Ogasunak, eta aurrez aurreko arretari jagokonez, “behar izan dauen edozeinek hitzordua” izan dauela ziurtatu dau.

Mozinoak hiru puntu eukazan, eta bakotxa bere aldetik bozkatu da, EH Bilduk proponiduta. Talde hori ez egoan ados hurrengo kanpainarako aholkularitzetan sortutako gastuengaitik kenkari fiskalak sartzeagaz. Neurri “bidebakoa” da, eta zerbitzu horreek aurretik erabilten ebezan zergadunei “mesede” egiteko aukerea egoan, aholkularitzek bezeroei egindako fakturak “handitu” ahal izateko.

Azkenean, mozinoa ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak alderdien kontrako botoakaz. EH Bilduk be desgrabazinoen ganeko puntuaren kontrako botoa emon dau eta beste bien alde agertu da. Bien bitartean, Elkarrekin Bizkaia taldeak erabateko oneretxia emon deutso Talde Bereziak aurkeztutako testuari.

GOBERNANTZA- ETA GARDENTASUN-EREDUA

Beste alde batetik, EH Bilduk mozino baten bidez, Aldundiaren gobernantza-eredua aldatzea defendidu dau, “desbardinen arteko lankidetzan eta adostasunean” oinarrituta egongo dana “politika publikoak erabagiteko eta ebaluetako prozesuetan herritarrek parte hartzeko bide gehiago edegiko dituana” eta Bizkaia Gardena webgunea osatzeko balioko dauena ezarteko. Elkarrekin Bizkaiaren babesa lortu dauen ideak Foru Gobernua babesten daben taldeen kontrako eretxia jaso dau, eta Talde Mistoa abstenitu egin da.

Jeltzaleek eta sozialistek osoko zuzenketea aurkeztu dabe koalizino abertzalearen testua ordezteko, Foru Aldundiari “Open Data” bidez edegitako Gobernuan “aurrera egiten jarraitzeko” eskatzeko, bai kontuak emoteko eta planen jarraipena eta ebaluazinoa egiteko, bai herritarren parte-hartzerako programan be aurrera egiteko.

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia taldeak beste mozino batean salatu dauenez, Aldundia Batzar Nagusietako taldeen kontrol lana “oztopatzen” ari da, taldeek jasoten daben informazinoa garaiz eta behar bezala jasotea “mugatzen” ari dalako, eta horrek 3/1987 Foru Arauaren 47. artikuluko C atala urratzen dau. Hori dala eta, Eneritz de Madariagak “ohikotzat” jo dauen jardunbide hori ezabatzeko Aldundiak “beharrezkoak eta nahikoak” diran baliabideak jartea eskatu dabe. Alderdi moreak erakundearen kalidade demokratikoaren mailea ebaluetako tresna bat diseinetea proponidu dau, lortutako emaitzak jasoten dituan urteko txostenagaz batera.

Gobernua babesten daben taldeentzat, ez dago kalidade demokratiko faltarik, ezta arazo orokorrik be, sistemaren “disfuntzino” bat baino ez. Begoña Gil sozialistak esan dauenez “atzerapen teknikoak” gertatzen ari dira sail bitan, dokumentazinoa entregetako orduan. Foru Gobernuak taldeei informazinoa emoteko daukan “betebeharra beteten dau”. Agintaldi honetan kontroleko “1.310” ekimenen bidez egin dau. “240” informazino-eskaera bialdu ditu. “359 bider” erantzun dau idatziz, eta “197 bider” ahoz, eta “184” agerraldi eskariri erantzun deutse. Gardentasun faltaz eta kalidade demokratiko faltaz berba egitea “larregikoa” dala esan dau Mikel Bagan jeltzaleak. Datu horreetan oinarrituta, “diagnostikoa neurriz kanpokoa da eta errealidadetik guztiz aldentzen da”.

GUFEKO LANTALDEA

Azkenengo osoko bilkuran GUFEren egoeraren ganean egindako itaunaren ostean, gizarte zerbitzuetan enpleo publikoa bultzatzea defendidu dau EH Bilduk mozino baten bidez. Hiru puntutan “adinekoak artatzeko GUFEren kudeaketa publikoko plazak ez murriztea” eskatzen eben, Izaskun Duqueren berbetan, “adinekoen plazen % 2,5ak bakarrik daukalako kudeaketa publikoa”. Modu berean, “emondako zerbitzuak handitzen diranean, GUFEren lantaldea handitzea” eta “orain arte behargin publikoakaz emoten diran zerbitzuak ez azpikontratetako konpromisoa hartzea” proponidu dabe.

Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek esan dabe Bizkaiko sareak, datozan urteetan, 2011. urtetik aurrera Estaduan plantilla publikoa handitzeko dagon mugea, eta urritasuna daukien personentzako zentroetan “100 plaza barri” sartzea uztartu behar dauela. Alderdi biek esan dabe zentroak etorkizuneko zaintza eredura egokitu beharra dala eta Aldundiaren azken mobimenduengaitik “inork” ez dauela kalterik jasan. Ganera, lurraldeko zaintza sistemaren “balioaniztasuna” dala eta GUFEk pandemian izan dauen “funtsezko papera” azpimarratu dabe.

Juan Otermin sozialistak adierazo dauenez, behargin kopuruak gora egin dau. 2000. urtean, “715” personari emoten eutsen beharra, eta, gaur egun, “881eri”. Lantalde horrek “bere horretan” jarraituko dau datozan urteetan, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea inpliketan dauen plan estrategiko barrian oinarrituta, Celia Gómez jeltzalearen berbetan. Izan be, Celia Gomez harritu egin da EH Bilduk kontratazino publikoan mugak daukiezan Estaduko Aurrekontuak babesteagaz, Bizkaian enpleo publikoa handitzea eskatzen daben artean.

BATZARKIDE BARRIA ETA MENDATAKO ARMARRIA

Saioaren hasieran, Víctor Trimiño Vegasek bere jarlekua bete dau gaur Batzar Nagusietako osoko bilkuran Euskal Sozialistak Batzar Nagusietako taldetik, Ángeles Muñoz Llamasen ordez.

Eta osoko bilkurak oneretxia emon deutso, aho batez, Mendatako Udalaren osoko bilkuraren ekimenez, armarri heraldikoa aldatzea eta herri horretako banderea sortzea proponiduten eban Aldundiak hartutako erabagiari.