BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ERROMOKO ESKOLA ZAHARREN ETA KAPERAREN BABESA BULTZATUKO
- Nerbioiko itsasadarrari lotutako ondare industrialari balioa emon gura deutson “Urbideak” proiektuan aldaketak sartzea be baztertu dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek
(Bilbon, 2021eko bagilaren 22an). Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dabe EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek, Eusko Jaurlaritzari Erromoko (Getxo) eskola zaharren eta kaperaren moltso arkitektonikoa Kultur Ondasun izendatzeko espedientea hasteko eskatzeko, batera egindako arauz besteko proposamena. Ekimenak Talde Berezia-PPB taldearen babesa eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoa jaso dau.
Proposamena egin daben talde biek arrazoi bi jarri ditue mahai gainean 1935ean eregitako Ibar Nagusien Etxea izenekoaren gaur egungo eraikinari eusteko. Alde batetik, Bizkaiko Arkitektoen batzorde batek egindako txosten tekniko “pribadu” batek “nazinoarteko estiloa eta Lapurdiko etxeen inspirazinoa uztartzen dituan eraikin baten balio arkitektoniko eta artistikoa autortzen dau”. Estilo “neoeuskaldun errazionalistako” eraikuntzea kontserbazino-egoera “bikainean” dago.
Bigarren errazoi moduan, oposizinoko talde biek Getxoko Udala jabe dan eraikinaren izaera “sinbolikoa” azpimarratu dabe; izan be, “funtsezko nortasun balioa” dauka Erromorentzat, “80ko hamarkadatik” Getxoko auzo horretako herritarren “bizitzaren parte dalako”. Hector Fernandez (Elkarrekin Bizkaia) eta Endika Montes (EH Bildu) batzordekideek Getxoko Udalean aurkeztutako “4.000 sinadura baino gehiago” be izan ditue hizpide, eta eraikina ez eraisteko eskatu dabe, “2.600 bazkide” dituan Ibar Nagusien Etxeak eraikina kudeatzen jarraitu ahal izateko.
Udalak eraikina eraistea proponidu dau, Aldundiagaz batera, mendekotasuna daukien personentzako egoitzako 100 plaza eta alokairuan dagozan gazteentzako 40 apartamentu barru hartuko dituan belaunaldien arteko zentroa eregiteko. Lanak 2022ko udabarrian hasiko dira eta 13 milioi euro inbertiduko dira bertan.
Arauz besteko proposamena atzera bota daben eta Bizkaiko Batzar Nagusietan gehiengoa daukien talde biek esan dabe gai hori “askotan” eztabaidau dala Getxoko Udalean. Euskal Sozialistak taldeak ez dau uste Batzar Nagusiek gai honetan esku hartu behar dabenik, “edozein partikularrek edo alkartek” espediente bat edegitea eskatu leikelako, Berta Campo sozialistak gogotuarazo dauenez. Belaunaldien arteko zentroaren proiektuak auzoaren “beharrei erantzun gura deutse”. “Balorazinoa ez da erespide bat”, eta bai, barriz, “guztion ontasuna”. “Herritarren babesa daukan proiektu estrategiko bat dago martxan”, gaineratu dau Elena Coria jeltzaleak, eta “interes orokorrak” eta “gehien behar daben” herritarrek “lehentasuna izan behar dabela” uste dau. EAJko batzordekideak adierazo dauenez, Udalak baztertu egin dau “eregi ostean eraldaketak” jasan dituan eraikin bat babestea, baina ez dau gauza bera egin “Etxe Merkeekaz”.
URBIDEAK PROIEKTUA
Batzarretako Euskera, Kultura eta Kirol Batzordearen bilkura berean, Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat be emaitza beragaz (aldeko 6 boto eta kontrako 9) ezetsi da. Proposamen horrek, besteak beste, Nerbioi itsasadarreko erreka azpiko arroak ibaiertzetako industria-ondarea balioan jarri gura dituan Urbideak proiektuan sartzea eskatzen eban, daukien “garrantzi historikoarengaitik”.
Zehatzago esanda, alderdi morearen asmoa orain Lorea Bilbaok zuzentzen dauen sailak gauzatzen dauen ekimen horretan “lurralde historikoaren historiarako garrantzitsuak diran meatze- eta industria-jarduerarako espazioak edo/eta egiturak” sartzea zan, “ur-ibilgu batetik guztiz gertu egotetik harago”, kasu honetan Bilboko itsasadarretik. Zuzenketa-eske baten bidez, EH Bilduk “200 urte baino gehiagoko historia” daukien “gasolinoen” jarraipena babestea gura eban, Endika Montes batzordekidearen berbetan. Erandio-Barakaldoko gasolinoak, bere ustez, bizirik irauteko “azken labankadea” jasan leike, Aldundiak ibaiertzeko bizikleta-bideak lotzeko proponiduten dauen alde bien arteko oinezkoen pasabidea eregiten bada.
Bisitariak itsasadarraren ertz bietako kontakizunagaz eta historiagaz lotuko dituan “Urbideak” proiektua “definizinoaren hasierako fasean” dago, eta, beraz, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe “beharrezkoa” ikusten orain itsasadarraren ertzetan “zer gertau zan” ikertu gura dauen proiektu hori “behartzea”. Halanda be, ez dabe zalantzan jarten Kultura Sailak industria-iraganaren historia sartuko dauela, baina jakin badakie “ezin dogula Bizkaia osoa hartu”, Mikel Bagan jeltzaleak ohartuarazo dauenez. Proposamena aurkeztu daben taldeek Nerbioi ibaiaren eta itsasadarretik urrin dagozan beste eremu batzuen (Barbadun ibaia, adibidez) industria-iraganaren alderdiak sartu gura ebezan proiektuan, eta baita Meatzaldearen aztarnen azterketea be.