Aurreko Albisteak

GERNIKAKO BATZAR ETXEA URDINEZ TINDATU DA, ERREFUXIATUEN MUNDUKO EGUNEAN

  • Holan, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza ofiziala beste eraikin enblematiko batzuei batu jake, Empire Stateri, Eiffel Torreari edo Erromako Koliseoari beste batzuen artean.

(Gernikan, 2021eko bagilaren 20an). Gernikako Batzar Etxea urdinez tindatu da bagilaren 19tik 20ra biarteko gauean, zapatutik domekara bitartekoan. Errefuxiatuen Munduko Eguna dala eta, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak bat egin dau Nazio Batuen Erakundeko (NBE) errefuxiatuen ACNUR bulegoek sustatzen daben eta 135 herrialdetan egiten dan nazinoarteko jardunaldi horregaz.

Errefuxiatuen Mundu Eguna Nazino Batuek izendautako nazinoarteko eguna da, mundu osoko errefuxiatuak eta desplazauak ohoratzeko. Urtero bagilaren 20an egiten da, gatazketatik edo jazarpenetatik iges egiteko etxea itzi behar izan daben personen indarra eta adorea goratzeko.

Ospakizun honeen barruan, mundu osoko uri eta erakunde desbardinek omenaldi honegaz bat egitea erabagiten dabe, euren eraikin eta monumentu esanguratsuenak Nazino Batuen kolore urdinaz tindatuz. Ekimen honetan parte hartu daben munduko ikonoen artean Empire State, Eiffel Torrea eta Erromako Koliseoa dagoz, beste batzuen artean.