BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KULTUR ESKAINTZA INDARTSUA ETA ASKOTARIKOA ZABALDUKO DABE UDAN
- Enkarterrietako Museoak, oso ezagunak diran lanen errematean parte hartu eban Anastasio de Amesti harginaren piezak jaso ditu, horreen artean, El Tigre edo Diego López de Haroren eskulturak (Bilbo) edo El Cid (Burgos), eta baita Zalla eta Balmasedako dokumentazino grafiko ugari be, XX. mende hasierakoa, Koldo Gallarreta ikertzaileak dohaintzan emona.
- Bizkaiko Batzarrek aldi baterako hiru erakusketa sustatzen ditue une honetan: “Eulalia Abaituaren emakumeak”, Abellanedan; “80ko hamarkadako Artea” bilduma propioa, Batzar Nagusien Bilboko egoitzan; eta “Antonio de Trueba”-ren bizitzaren eta lanaren ganeko atzera begirako erakusketea, Bilboko Ondare aretora eroandakoa.
- Udako eskaintza hori, Bizkaiko Batzar Nagusien garrantzi historikoa ezagutarazoten dauen “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketa ibiltariagaz osatzen da. Une honetan Portugaleten dago, eta garagarrilaren 1etik aurrera Durangora eroango da.
(Bilbon, 2021eko bagilaren 16an). Uda kultura kontsumitzeko garai ona izaten da. Une honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaintza zabala, askotarikoa eta kalidadekoa daukie euren erakusketa-gune nagusietan. Eskaintza hori euskal argazkilaritzaren aitzindari izan zan Eulalia Abaituak egindako argazkietatik hasi eta 80ko hamarkadan Bizkaiko Batzarrek euskal artea eskuratzeko programaren hasieran erosi ebezan pintura-altxorretara doa, Bilbon dagon erakusketa batean batutako Lazkano, Urzay, Tamayo, Gortazar, Ramos Uranga edo Badiolaren lanakaz, besteak beste. Ganera, Antonio de Truebaren ganeko erakusketea, Enkarterrietako Museoak antolatua, Bilboko Ondare Aretora eroan da.
Uda garaian kontzentrautako erakusketa-jarduera trinko hori bat dator Bizkaiko Batzarren kultura-eskaintza osatzera datozan eta Enkarterriko Museoak jaso dituan dohaintza garrantzitsu biren katalogazino- eta zaharbarritze-lanagaz. Holan, Enkarterrietako Museoak Juan de Amesti arkitekto, etnografo eta bildumagilearen eta Koldo Gallarreta Zallako bizilagun eta ikertzailearen dohaintzak jaso ditu.
Hain zuzen be, gaur goizean bertan, Bizkaiko Batzar Nagusien administrazino-egoitzan, Ana Otadui Biteri Batzarretako lehendakariak bi dohaintzak aurkeztu ditu Juan de Amestigaz, Anastasio de Amesti harginaren bilobagaz, eta Koldo Gallarretagaz batera, Enkarterrietako Museoari entregau jakozan elementuen parte bat azaltzeko eta erakusteko.
Lehenengo dohaintzak Anastasio de Amestiren ondarea jasoten dau, eta gaur egun oraindino gozetan doguzan kalidade handiko monumentuak eregiteko erabili ebazan dokumentazinoa, argazkiak, piezak eta moldeak batzen ditu. Hargina lanbidez, XX. mende hasierako arkitekto eta eskultore ospetsuakaz egin eban behar, Bizkaiko familia burgesentzako panteoi eta kapera ugari eta gaur egun herri eta urietako paisajearen zati diran eskultura handiak eginez. Amestik estu egin eban behar Joaquín Lucarinigaz Deustuko Erriberako eraikineko “Tigrea” altxetako, edo Diego López de Haro Bilboren fundatzailearen eskultura gaur egun dagon lekura aldatzeko. Bere lorpenen artean, Montellanon, Galdamesen, Manuel María de Smith arkitektoaren agindupean, Truebaren monumentua lekuz aldatzea, edota San Pedron (Galdames) Martinez de las Rivasen monumentuan hargin moduan behar egitea dagoz, eta baita Burgosen Cid-eri eskinitako estatua eregiteko lanetan be.
Amestiren artxiboa, bere alderdi profesionalean arakatzen daben familiako argazkiek eta Anastasioren lan txikiek osatzen dabe, eta baita bere lanak ulertzen laguntzen deuskuezan dokumentuek be (marrazkiak eta krokisak, agenda pertsonalak, garaiko arkitekto eta eskultore ospetsuakaz idatzitako gutunak, fakturak, aurrekontuak eta XX. mendearen lehen erdialdeko lan-esparruaz berba egiten deuskuen hamaika dokumentu).
Beste alde batetik, Koldo Gallarretaren ondareak 500 argazki baino gehiago, hogeta hamar plano eta Enkarterriri buruzko XX. mendearen lehen erdiko dokumentazinoa be batzen ditu. Besteak beste, José de los Herosen argazkiak ageri dira. Balmasedako azken alkate demokratikoa izan zan, 1937an nazionalak sartu baino lehen, eta La Herrera eta Bolunburuko elektren sortzailea. Horreekaz hasi zan, kasu batzuetan lehen aldiz, Balmaseda, Galdames eta Zalla elektrizidadez eta argindarrez hornitzen. Zalla eta Balmasedako industria-ingurunearen argazkiak be badagoz. Dohaintzen artean, herri bietako eguneroko bizitzaren alderdi ugari batzen dituen argazkiak dagoz: jaiak, inauteriak, familia arteko topaketak, eskolak, etab. Eta baita XX. mendearen hasieran La Herreran (Zalla) eregitako eta elektrizidadea Bizkaiara ekarri eban antzinako elektrei buruzko dokumentazinoa be.
Ganera, Enkarterrietako Museoak Patxi Xabier Lezama Perier Enkarterriko eskultorearen “Zaldi” lanaren dohaintza be jaso dau aurton.
BISITA GIDAUAK
Horrez gain, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako Museoak, bisita gidauak antolatu ditu aldi baterako erakusketak ikusteko eta kultur ondarearen beste puntu esanguratsu batzuk ezagutarazoteko, Abellanedako Batzar Etxe zaharrak barruan daukana, adibidez.
Enkarterriko jaunen biltoki zaharrean, Los Colina-ren botamen zaharra instalau da. XX. mende hasierako Botikako altzariak eta potoak emon dituan farmazialari-familia da. Gaur egun, normalean itxita egoten diran Abellanedako foru-bulegoetan dagoz ikusgai.
Horrez gain, Enkarterrietako museoak bisita gidauak aurreikusten ditu uda sasoirako, Sopuertako kultur zentroko (Abellaneda) teknikariakaz euskal argazkilaritzaren aitzindari moduan Eulalia Abaituak egindako argazki-lanaren eta Antonio de Truebaren bizitzaren eta obraren ganeko erakusketetara. Azkenengo erakusketa hori Aldundiko Ondare Aretora eroan da. Bisiten programan Abellanedako Batzar Etxeko monumentu-moltsoaren geletatik be egingo da ibilbidea.
Beste alde batetik, erakundea kalera eroateko ahaleginean, Bizkaiko Batzarrek Bizkaia zeharkatzen jarraitzen dabe, “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketeagaz. Horren bidez, sei mende baino gehiago gugaz daroazan eta lurraldeko gertaera garrantzitsuenen lekuko izan dan erakunde baten garrantzi historiko, sozial eta kulturala erakusten jako Bizkaiko jendeari. Bagilean Portugaleteko Solar plazan ikusi ahal izango da eta garagarrilaren 1etik aurrera Durangoko Landako Plazan egongo da.
Beste alde batetik, “80ko hamarkadako Artea” erakusketea aukera bikaina da hamarkada horretako euskal pinturan sakondu gura bada; izan be, garai haretan euren karrerei ekin eutsen eta EHUko Arte Ederren Fakultadean ondu ziran artistentzako zirrikitu garrantzitsua izan zan. Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan, Bilbon, 17 artistaren 22 lan dagoz: Jesus Mari Lazkano, Dario Urzay, Iñaki De la Fuente, Alberto Rementeria, Agustin Reche, Gabriel Ramos Uranga, Juan Luis Goenaga, Alfonso Gortazar, Pablo Aizoiala, Daniel Tamayo, Mikel Diez Alaba, Iñaki Alvarez, Fernando eta Vicente Roscubas anaiak, Txomin Badiola, Merche Olabe eta Juana Cima.
Batzar Nagusien bildumako altxorren ostean, garagarrilean Bizkaian trebatutako artisten talentu gazteen erakusketa barri bat egingo da. EHUko Arte Ederretako Fakultadeko 14 ikaslek euren zeramikak eta eskultura txikiak erakutsiko ditue “Artekan” izeneko erakusketa barrian, Bizkaiko Batzarrek euskal unibersidade publikoagaz daukien hitzarmenaren barruan. Erakusketea garagarrilaren 6tik 16ra ikusi ahal izango da.
Bizkaiko Batzar Nagusien kultur eskaintzaren laburpena:
-
“Eulalia Abaituaren emakumeak” argazki erakusketea Enkarterrietako Museoan, azaroaren 30a arte. Bisita gidauak:
- Bagilak 18, barikua, 11:00etan
- Bagilak 25, barikua, 11:00etan
- Garagarrilak 11, domeka, 11:00etan
- Garagarrilak 17, zapatua, 11: 00etan
- “80ko hamarkadako Artea” erakusketea Bilboko Batzar Nagusien egoitzako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga, 6. zk.), bagilaren 28ra arte.
- “Antonio Trueba Bizkaiko kronikaria” erakusketa Bilboko Ondare Aretoan, azaroaren 13ra arte. Bisita gidauak:
- Bagilak 23
- Irailak 15 eta 29
https://www.bizkaikoa.bizkaia.eus/detalleContenido.asp?t=4&id=9&idioma=EU
- “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea. Bagilaren 30era arte, Portugaleteko Solar plazan. Garagarrilaren 1etik 30era Durangoko Landako Plazan.
- Enkarterrietako Museoa
- Museoaren barruko Colina Botikara bisita gidauak. Eguazten, eguen eta barikuetan, 10:00etatik 14:00etara. Garagarrilaren 8tik 30era.
- Bisita gidauak Abellaneda Ingurunera eta Museora:
- Bagilak 18, barikua, 12:30.
- Bagilak 25, barikua, 12:30.
- Garagarrilak 11, domeka, 12:30.
- Garagarrilak 17, zapatua, 12:30.
- “Artekan” EHUko Zeramika Masterreko erakusketea, Bilboko Batzar Nagusien egoitzako Erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga, 6. zk.), garagarrilaren 6tik 16ra.