Aurreko Albisteak

GEORGIAKO ENBAXADOREAK GERNIKAKO BATZAR ETXEA BISITAU DAU, EUSKAL HERRIAGAZ SENIDETZEKO KEINU BAT EGINEZ

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek emon deutsie harrerea Ilia Giorgadzeri.

(Gernikan, 2021eko bagilaren 15ean). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Ilia Giorgadze Georgiako enbaxadorea hartu dau gaur arratsaldean Gernikako Batzar Etxean. Kaukasoko estadu txikiko ordezkari batek Bizkaiko Batzarretan geldialdia egiten dauen lehen aldia da.

Georgiako Gobernuaren ordezkaria bisita ofizialean dago Euskadin, eta Batzar Nagusien egoitzea ezagutzeko interes berezia agertu dau, agenda politiko, instituzional eta enpresarial estuan lekua eginez. Batzarretako lehendakariagaz eta Mahaiko Zigor Isuskiza Arana eta Emilio Lobato Pascual kideakaz batera, Batzar Etxeko gela nagusiak bisitau ditu.

Batzarretako lehendakariak ohore guztiakaz hartu gura izan dau enbaxadorea, Euskadik eta Georgiak urteetan dituen hartu-emon onak zigilatzeko. Uriburua, Tiblisi, Bilbogaz senidetuta dago 1998tik eta euskal hizkuntza eta kulturako katedra baten egoitzea da. Hizkuntzalari batzuek euskerearen eta georgieraren arteko antzekotasunak be aitatzen ditue.

Otaduik Bizkaiko Batzarren sarreran hartu dau Georgiako ordezkaritzea. Txistulari baten soinuak gidau dau segizinoa Batzar Etxearen kanpokaldetik, geldialdiak eginez Zugatz Zaharrean eta Gernikako Arbolan. Dantzari bikote batek ohorezko “aurreskua” dantzatu deutse konbidauei. Jarraian, segizioa Osoko Bilkuren Aretoan eta Beiratearen Aretoan sartu da. Ohi bezala, horren ostean, ekitaldia Gernikako Batzarretako Ohorezko Liburuan egindako sinadureagaz eta haretxaren aurrean ateratako familia argazkiagaz amaitu da.