ALDUNDIAK BARRIRO ESAN DAU LANTIKEKO ZUZENDARITZAREN ALDAKETAK "EZ DAUKALA ZERIKUSIRIK" 2020KO ERRENTA KANPAINAREN GARAPENAGAZ
- Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan defendidu dauenez, Nerea Martiarturen izendapena, Ibone Bengoetxea ordeztu ostean bere saileko zuzendaritzetan izandako “funtzinoen berrantolaketaren” ondorioa da.
(Bilbon, 2021eko bagilaren 15ean). EH Bilduk eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak barriro esan dau Lantik foru informatika soziedadeko zuzendaritzan personak aldatu izana bere saileko “antolaketako aldaketen” ondorio dala, berak apirilaren 29an beste Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzorde batean informazino-agerraldian iragarri eban moduan, eta “ez daukala ezelango zerikusirik” 2020ko Errenta kanpainaren garapenagaz”. Aldaketea, Sail horren eta estrategia digital eta korporatiboaren kabinetearen arteko funtzinoen “berrantolaketa eta birbanaketaren” ondorioa da.
Diputatuak onartu dau agerraldi horretan baekiela Urko Goitia Lantikeko zuzendari kudeatzaile kargutik kendu egingo ebela, baina bere lehenengo berbaldian Bizkaiko Batzarretan “zentretea” erabagi ebala, ezarritako erronka eta helburu barrietan oinarrituta, sailean egingo ziran “egiturazko aldaketak” azaltzeko. “Ez neban ezer ezkutau beharrik”, esan dau, holango erabagiak “ez dira inprobisetan” esan ostean.
Aldaketa horreen zutabeak azaldu ostean, horreen artean, telefono bidezko arretea hobetzeko garapen teknologikoa, aurrez aurreko arretea garatzea, Gertu bulego barriak zabalduz, “laster” Balmasedan edegiko dana adibidez, edo administrazino “inklusiboagoa eta adimentsuagoa” lortzea, diputatuak esan dau aukeratutako personek, besteak beste orain Lantikeko arduraduna dan Nerea Martiartuk, erronka barri horreei aurre egiteko “guztiz baliagarria” dan talde bat osatzen dabela, egitura “eraginkorragoa”, “gaitasunak, ibilbidea, konpromisoa eta motibazinoa” daukiezan kudeatzaileakaz.
Halanda be, oposizinoko taldeek “zalantzan” jarri dabe aurreko kudeatzailearen kargu-iztearen eta apirilaren hasieran hasi zan errenta-kanpainan atzemandako akatsen artean loturarik ez egotea. Amaya Fernandez Talde Berezia-PPBko bozeroaleak esan dauenez, “kasualidadeak ez dira existitduten, baina ‘kausalidadeak’, barriz, bai” eta kudeatzailearen aldaketak errenta-aitorpenaren eredu barriaren “porrotari erantzuten deutso”. “Ekarri dodana baino nahaste handiagoagaz noa”, ganeratu dau Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak, Etxanobek emondako azalpenak entzun eta aldaketea errenta kanpaina hasi ostean “gertau” dala azpimarratu ostean.
Arantza Urkaregi EH Bilduko ordezkariak, bere aldetik, ez dau ulertzen “zergaitik ez eban diputatuak kargua kendu izana aitatu”, baina “kezkagarriena” soziedadearen funtzionamentua da. “Zer gabezia egozan Lantiken aldaketa horreek eragiteko?”, galdetu dau.
Foru Gobernua babesten daben taldeek “konbentziduta” geratu dira azalpenak entzun ostean. “Argi dago Aldundiaren eraldaketa digitalaren bultzadaren ondorio dala”, esan dau Juan Otermin sozialistak, eta oposizinoa kritikau dau, gertakariak kontuan hartu barik “eretxiak” emoteagaitik. Jesus Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, oposizinoko taldeei Lantikeko gerentzian izandako aldaketak Errentaren kanpainagaz lotzea “interesetan” jake, baina “oso argi geratu da” foru sail bien arteko “funtzinoen birbanaketea” dala.
BIZKAIA TORREA ETA ETXEBIZITZA
Aldundiak Aldundiaren bulegoak Bizkaia torrera eroateko lanak gauzatzeko izango dauen moduaren ganean Elkarrekin Bizkaia taldeak egin dituan galderei erantzunez, diputatuak ezin izan dau eragiketa hori zehaztu, foru-bulegoetarako espazioa ekintzailetza-zentroaren etorkizuneko garapenaren “baldintzatzaileen menpe” dagolako. Zentroa kudeatuko dauen enpresak “Bizkaiko ekintzailetza-ekosistema indartzea” dauka helburu, eta, une honetan, helburua zentroaren lehenengo fasea, “aurre-bultzadea”, gauzatzea da, eta fase hori “2022ko udan” edegiko dan unera arte luzatuko da. Beraz, “a priori ezin da zehaztu zenbat solairu eta metro karratu okupatu ahal izango dituan Aldundiak Bizkaia Torrean”.
Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordea, Batzarretako Elkarrekin Bizkaia taldeak egindako arauz besteko proposamen baten eztabaideagaz amaitu da. Proposamen horretan eskatzen zanez, Aldundiak “biztanleen etxebizitzarako eskubidea defendiduteko neurri fiskalak” jarri behar ditu martxan, eta alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoaren esku jarri behar ditu foru-erakundeak edo edozein foru-enpresa publikok dituan etxebizitza “hutsak”.
Kontrako 10 botogaz eta aldeko 5 botogaz baztertuta geratu da ekimena. Alderdi moreak EH Bildu taldearen babesa izan dau, eta Batzarretako ganerako taldeek (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PPBk) kontra bozkau dabe. Foru Gobernua babesten daben talde biek, proposamena egin dauen taldeak onartu ez dauen osoko zuzenketa bat aurkeztu dabe, Foru Gobernuari “etxebizitzaren zerga-arloan neurriak hartzeko formulak aztertzeko eta proponiduteko” eskatzeko, “etxebizitzaren alokairua ordaintzen daben personen kenkariak errenta-mailaren arabera egokitzeko eta haztatzeko, eta etxebizitza alokatzearen bidez lortutako errentak progresibotasun-printzipioaren arabera bideratzeko”.