ALDUNDIAK MERKANTZIEN GARRAIOAN EREDU JASANGARRIAGOA ONARTZEKO ADOSTASUNA LORTU GURA DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak Bizkaiko Batzarretan gaur iragarri dauenez, eukiera handiko Bizkaiko errepideetan 3,5 tonatik gorako kanon sistema bat jarriko da martxan kamioientzat 2022ko udazkenerako.
- Aldundiak daborduko pentsatu dau “free-flow” sistemako “hogeta hamar bat kontrol-arku” instaletea, kanona trafikoa gelditu behar barik aplikatu ahal izateko.
(Bilbon, 2021eko bagilaren 14an). Aldundiak ahalik eta adostasun handiena lortu gura dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, merkantzien garraioa erabilteagaitik ordaintzeko sistema bat martxan jarteko, Bizkaiko errepideetako “desorekak konpondu ahal izateko” eta “eredu eraginkorrago baterantz aurrera egiteko”. Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzarretan, berak halan eskatuta, “Europako erakundeen kudeaketa eta deskarbonizazino politika aurreratuenak jarraitzen dituan” ekimen “garrantzitsu” hori aurkezteko; izan be, “eskumenak dituen gobernuei bidea markatu deutse tarifikazinoaren gainean jardun deien, “kutsatzen eta erabilten dauenak ordaindu egiten dau” printzipioan oinarrituta.
Bizkaiak “pausu erabagigarria” emon gura dau “etorkizuneko mobikortasunerantz”, eta, horregaitik, proposamen bat ekarri dau Batzar Nagusietara, 3,5 tonatik gorako kamioi handiei ahalmen handiko errepideak erabilteko pizgarriak emongo deutsezan erabileraren araberako ordainketa-sistema bat martxan jarteko: “Europa osoan oso ezarrita dagon sistemea da, eraginkorra dala frogatu da, eta horrek nabarmen lagunduko dau desoreken ondorio negatiboak murrizten. Gaur egun, holango desorekak N-240, BI-625 eta Txorierriko korridorean nabarmentzen dira, besteak beste. Horrez gain, CO2 emisioak murriztea eta errepiide-sareko segurtasuna hobetzea be bilatzen da”, aurreratu dau Pradalesek.
Aldundiak argi dauka “bide luzea” dagola “eredu barri” hori ezarteko, baina data jarri dau. Lurraldearen zati batean “2022ko udazkenean” ezarri gura dau. Orain arte, teknologia instalatu eta, aurretik, baldintza bi bete behar dira. Europako Batzordeak oniritzia emon behar deutso daborduko bialdu dan proposamenari, eta Batzar Nagusietan Foru Arau bat onartu behar da, “sei hilabetetan”, auzia juridikoki konpontzeko. Araudi horrek kontuan izan behar dau ezin dala diskriminazinorik ezarri kanona ibilgailuaren jatorriaren, nazionalidadearen edo matrikularen arabera kobretearen inguruan, teknologia barrien erabilera sustatu behar dala eta batutakoa sistemaren gastuak ordaintzeko erabili ahal izatea ahalbidetu behar dau. Konpromisoa “adostasun sozial eta politiko zabala” lortzea da, eta alkarrizketa mahai baten bidez sektorearen ekarpenak jasotea. “Funtsezkoa da adostasunez, apurka-apurka eta sektorearen beharrak kontuan hartuta egitea”, esan dau Pradalesek.
Beste herrialde batzuetan egin dan moduan, Aldundiak daborduko pentsatu dau kanona trafikoa gelditu behar barik apliketako aukera emoten daben “free-flow” sistemako “hogeta hamar bat arku” instaletea. Horreek, apurka-apurka, N-240, BI-625, N-636, A-8 eta Txorierri errepideetan instalauko dira, egunero ibilten diran “80.000 kamioi” astun horreen pasabidea kontroletan laguntzeko.
Aldundiak kalkuletan dauenez, sistema horregaz, gaur egun lanegun batean bide horreetatik doazen “4.000” kamioi handi inguru ahalmen handiko sarean sartuko litzatekez. “Urtean milioi bat baino gehiago”. Errepide aldaketa horrek “% 10,2” murriztuko leukez kamioiekin izandako istripuak (2019an 855 istripu izan ziran) eta “7.140” tona CO2 gitxiago isuriko litzatekez urtean. Ganera, etekinen artean, enpresentzako denporea eta kostuak aurreztea aitatu dau Pradalesek. Egindako kilometroen “% 12,8” murriztea, urtean “1,9 milioi” gidatze-ordu aurreztea eta sektoreko enpresei lotutako kostu zuzenean “51 milioi euro baino gehiago” aurreztea aurreikusten da. “Larregizko ibilbideak” murrizteak trafiko-pilaketak murriztuko leukez sareko oso puntu saturatu batzuetan.
BATZARRETAKO TALDEAK
Batzarretako taldeek errepideko garraioaren kutsadura gitxitzeko zeozer egitearen aldeko apustua egin dabe, holan klimaren aldaketari aurre egiteko, mobikortasun iraunkorragoa lortzeko aukeratutako errezetea talde guztien gustukoa izan ez arren.
Eduardo Andradek (Talde Berezia-PPB) uste dau soluzinoa “ez dala zuzena”. “Dana kobratuta konpontzen dogu. Kobratu beharrean, enpresei pizgarriak emon behar jakez, izan be sistemak aurrezteko aukerea emongo baleu, -kamioiak- ez litzatekez Kanpazartik edo Txorierritik joango”. Batzordekide popularra, ahalmen handiko errepideak “diruz laguntzeko” Errioxan apliketan dan ereduaren alde agertu da.
Eva Maria Cabornerok (Elkarrekin Bizkaia) CO2 emisioak murrizteko beste neurri batzuen falta sumatu dau, Europan merkantzien garraioaren emisioak “% 6 baino gitxiago” dirala adierazo ostean. Lurraldeen arteko desorekak murriztuko dituan garraio publikoaren aldeko apustua aitatu dau, autobideetako autobus-erreiak barne. Alderdi morearen ordezkariak kritikatu egin dau Aldundiak “zerga asko” ordaintzen dituan sektore bati eraso egitea. “Ez da ez dabela ordaindu gura, daborduko ordaintzen ari dira eta”.
Raul Mendezek (EH Bildu) iragarri dau bere taldeak “sakon” hartuko dauela parte eztabaidan, baina “ezinbestekoa” dala “eragile guztiek parte hartzea: udalek, mankomunidadeek, eragile sozialek, ekologistek...”, eta ez bakarrik merkantzien garraioaren sektorearen eretxia jasotea. Gobernuari eskatu deutso kontuan hartzeko trafikoa errepide handietara desbideratzeak ekarriko dituan kostuak, garraio azpiegitura handiak amaitu beharko diralako, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra edo Lamiakoko ibai azpiko errepidea, besteak beste.
Foru Gobernua babesten daben alderdiek babestu egin dabe Aldundiak “mobikortasun jasangarriagoa lortzeko bidea hasteko” daukan asmoa, eta Ignacio Jeronimo sozialistak aukera hori “horretan guztiz sinistuta” egin behar dala esan dau; izan be, klima aldaketa “serio hartu beharreko gauzea da”, eta, ganera, Europako Batzordeak CO2 emisioak murriztera behartzen dauela gehitu dau. Irene Edesa jeltzalearen berbetan, kanona ez da kobratzeko “kamuflajea edo atxakia”, “fokua testuinguruan jarteko” eta mobikortasun iraunkorragorantz joateko balioko dau. Elkarrekin Bizkaiaren inkoherentzia kritikatu dau, Bizkaian “Gipuzkoan edo Nafarroan babesten dauena” kritiketeagaitik.