Aurreko Albisteak

OGASUNAK UDA HONETAN JASOKO DAU BIZKAIKO ZERGAK GJH-AKAZ LERROKATZEKO MAZZUCATOREN TALDEAREN BIGARREN TXOSTENA

  • José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak University College Londonek aurkeztutako lehenengo txostenaren xehetasunak emon ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan. Txosten hori proposamen “orokor” bat da, 2030era arte Bizkaiko zerga-politika “osoa” Nazino Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuakaz lerrokatzeko.

(Bilbon, 2021eko bagilaren 10ean). Bizkaiko Foru Aldundiak martian jaso eban Bizkaiko zerga-araudia Nazino Batuen GJHakaz 2030era arte lerrokatzearen inguruko Mariana Mazzucatoren taldearen lehenengo txostena. “Proposamen orokorra” da, eta oraindino, “udan zehar” jasotea aurreikusten dan bigarren “parte” batean zehaztu behar da, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak EH Bilduk eskatutako Batzar Nagusietako agerraldian azaldu dauenez.

University College Londonek (UCL) Bizkaiko zerga-politika Garapen Jasangarrirako Helburuetara bideratzeko Aldundiagaz 2020ko maiatzean sinatutako hitzarmena oinarri hartuta igorritako lehenengo dokumentuak, Ogasunak eta zergadunek etorkizunean kontuan hartu beharko dituen zerga-irizpideak ezarteko oinarriak emoten ditu, daborduko identifikau diran “hiru erronka estrategiko handitan” oinarrituta. Erronka horreek, batez be, erronka demografikoagaz, genero bardintasunagaz, klima-aldaketagaz edo barrikuntzari lotutako jarduera ekonomikoaren garapenagaz, ekintzailetzagaz eta teknologia barriakaz daukie zerikusia.

Iruarrizagak azaldu dauenez, erronka horreek Nazino Batuen 2030 Agendak jasoten dituan 17 helburuetatik “10” GJHetan ezarriko dira, hasieran proponidutakoak baino bat gehiagotan, hilebete iraun eban alegazino garaian jasotako ekarpen “bakarra” kontuan hartu dalako. Alegazino horretan, Euskal Unibersidade Publikoak 4. helburuan (“kalidadezko hezkuntza”) jasotako alderdiak etorkizuneko fiskalitatean sartzea planteau eban.

Diputatuak azaldu dauenez, prozesua “bigarren fasean” dago daborduko, eta Ogasuneko eta Mazzucato buru dan taldeko teknikariak atzemondako “28 jarduera-eremuak” gehiago zehazten ari dira. Adituen taldea “indize sintetikoa” eta “baremazinoa” ezarten saiatzen ari da eremu horreetako bakotxerako, gero eragile “publikoek” fiskalizau ahal dagien, aurreikusitakoa baino “konplexuagoa” izaten ari dan lan batean.

Zailtasun horreek dirala eta, Iruarrizaga ez da ausartu esaten Aldundiak noiz armauko dauen bere arau-proposamena, Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatzeko, baina onartu dau badagola atzerapena, pandemiaren eraginarengaitik; izan be, adibidez, irailean eta urrian ezin izan ziran egin aurrez aurreko bilerak UCLgaz.

Hori bai, egiten ari diran proiektua “Bizkaiko eta, agian, Euskadiko fiskalitatearen etorkizunerako garrantzitsua” dala esan dau diputatuak. Bizkaiko Aldundia da “GJHak diru-sarreretatik eta ez gastuetatik soilik lantzen ari dan lehenengo erakundea”. Proiektu hori “asmo handikoa, garrantzitsua eta barritzailea” da. Helburua zergadunarentzat tresna “erabilgarria” eta “gardena” diseinetea da, “gure lurraldeko idiosinkrasiagaz eta enpresa-egituragaz ahalik eta modurik egokienean”.

Oposizinoko taldeek proiektuaren atzerapena kritikau dabe; izan be, Foru Gobernuak aurtengo garagarrilaren amaieran proposamen bat egiteko konpromisoa hartu eban. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak zalantzak agertu ditue etorkizuneko araudia autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei helarazteko moduaren inguruan, eta kolektibo horreetako ordezkariakaz eztabaida prozesua hasteko eskatu dabe, enpresa handien fiskalitaterako “alfonbra gorria” izan ez daiten.

KUTXABANKEN KOMISINOAK ETA ZERBITZUAK

Beste alde batetik, Ogasun eta Finantza batzordeak atzera bota dau EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak egindako proposamen bateratu bat, Kutxabankek eta herrialdeko beste banku erakunde batzuek kobretan dituen komisinoak “gitxienez 2015eko mailara” murrizteko, eta bankuen bulegoetako aurrez aurreko zerbitzuak ez murrizteko. Orain lanean ari diran “bost” erakundeek (2009an “hogei baino gehiago” izan ziran), “ia amaierea emon deutsie oinarrizko produktuen dobakotasunari”, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldearen bozeroaleak salatu dauenez.

Batzarretako ganerako taldeek ez dabe ekimena babestu. Talde Berezia-PPB abstenitu egin da, eztabaida “sakonagoa” eskatuz, eta Foru Gobernua eusten daben alderdi biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) ez dabe proposamena onartu.

Proposamena egin daben taldeakaz bat etorri dira esatean digitalizazinoak eta marjinen murrizketak bankuen sektorean eragina izan dauela, eta, bulegoen murrizketak eta leihatilako arretak be eragina jasan dabela, baina jeltzaleek eta sozialistek ukatu egin dabe proposamenak Kutxabanken “eragina” daukanik, eskaintzari eta eskariari lotuta dagon erakunde “pribadua” dalako, Bizkaian sektore osoko “presentzia handiena” daukana eta “batez bestekoaren azpitik dagozan komisinoak dituana”. “Herritarrengandik hurbilen dagozanei emoten jake egurra”, esan dau Unai Lerma jeltzaleak.

Eneritz de Madariaga alderdi moreko bozeroaleak mahai gainean jarri ditu erakunde horrek Euskadin itxi dituan “427 bulegoak”, eta Arantza Urkaregik (EH Bildu) kontu bat eukiteagaitik hiru hilean behin kobretan dituan “25 euroak”. “Kontuen erdiek baino gehiagok ez daukie mantentze kuotarik”, erantzun dau Lermak.

TICKETBAI ELEBIDUN BATEN ALDE

Azkenik, batzordeak, EH Bilduren arauz besteko proposamen bat ordeztu dauen, erdibideko zuzenketa bat onartu dau Aldundiak TicketBaiko software-garatzaileen eskura “behar diran materialak eta eukiak” jarteko, “horreek fakturak eta gainerako dokumentuak euskaraz zein gaztelaniaz igortzeko egokitzapena errazteko”.

Modu berean, ekimena sinatu daben taldeek (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu) proponidu dabe erregistrautako softwareen titularrei proponidutea hizkuntza ofizial bietan lan egiteko “beharrezko aldaketak” egitea, TicketBai 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean jarteko “ahalik eta enpresa gehienakaz lan egin ahal izateko”. Arantza Urkaregik azaldu dauenez, gaur egun “248” aplikazino dagoz, eta horreetatik “49k” emoten dabe euskeraz fakturetako aukerea.