ALDUNDIAK 3,5 MILIOI EUROTAN HANDITUKO DAU BIZKAIBUSEKO AURREKONTUA, EMAKIDADUN BATEN ALDEKO EPAIA BETETEKO
- Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian azaldu dauenez, bere sailak “3.564.684,33 euro” ordainduko deutsaz Pesalur emakidadunari lau urtetan, 2015etik izan diran aurreikusi bako soldata-kostuen handitzea dala eta
(Bilbon, 2021eko bagilaren 9an). Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian azaldu dauenez, bere sailak onartu egingo dau eta ez dau errekurriduko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazinoagazko Auzien Aretoaren 2020ko abenduaren 9ko epaia. Epai horrek bere sailaren aurrekontua hiru milioi eta erdi euro (3.564.684,33 €) gehitzea ekarriko dau, kopuru hori Pesalur emakidadunari ordaintzeko. Enpresa horrek, gaur egun Avanzaren esku dagozan Durangaldeko, Arratiako eta Goi Nerbioiko lineak kudeatzen ditu, eta epaia, indarrean dagon kontratuan sartzen ez diran lanorduen ingurukoa izan da.
Diputatuak adierazi dauenez kopuru horrek emakidadun horren gidarien (7.762 ordu gehiago) eta egiturako beharginen (6.051 ordu/urtean) kostu barriei aurre egitea dakar, “1.841.180 euro”, hain zuzen be, eta etorkizunean “1.351.741 euroko” igoerea eskatuko dau, 2024an emakida amaitu arte. Gainera, emakidadunari beste 369.758 euro ordaintzera kondenau dau epaitegiak. Aurrekontuaren doikuntza ekonomikoa egin beharko dan arren, Gomez Viarrek esan dau kopuru hori enpresak lan-kostuak eta lan egindako orduak gehitzeagaitik hasieran auzitegietan erreklamau eban zenbatekoaren (16.381.000 euro) % 21,76 ordaintzea dala, hau da, erreklamautakoaren “laurena baino gitxiago”. 2024tik aurrerako lizitazinoei begira, kostu barri horreek “kontuan hartuko” dirala ziurtatu dau diputatuak, “ausaren esku ezer ez izteko”.
Aldundiak maiatzaren 4ko Gobernu Kontsejuan onartutako urte anitzeko gastua oinarri hartuta, agerraldia erregistrau eban Raul Mendez EH Bilduko batzordekideak epaia ez baloretea leporatu deutso diputatuari, eta, horren ostean, Bizkaibuseko aurrekontu-aldaketak azken urteetan “ohikoak” dirala kritikau dau, hainbat errazoirengaitik: “Zuzeneko diru-laguntzak, kilometroko prezio barriak, konpentsazino ekonomikoak, finantza-berrorekak…”. Horrek “urtero gehiago ordaintzea” eragiten dau, gastuaren muga zein dan jakin barik. Epaia “gehitu eta aurrera” bat izango da. “Alsa britainiarra eta Avanza mexikarra moduko multinazionalen zakua beteten daben kantidade izugarriak” eta Aldundiak ez dau ezelango “zaintzarik” egiten. Azkenik, zerbitzuaren kalidadea “okerragoa” dala esan dau Mendezek, “kanpora atera gura dalako”. Halanda be, diputatuaren ustez, baieztapen hori ez dator bat Bizkaibusek erabiltzaileen aldetik azken aldian balorazinorik onena lortu izanagaz: 7,8 puntu.
BIZKAIBUSEKO PLATAFORMAK ETA METROREN AUTOBUS ZERBITZUA
EH Bilduko batzordekideak Bizkaibuseko autobusetan mobikortasun murriztua daukien personentzako plataformen funtzionamentuaz be galdetu dau batzorde berean. Erabiltzaile baten salaketen arabera, Lekeitio eta Bilbo lotzen dituen A3512 eta A3523 lineetan “eten barik” ari dira akatsak egiten.
Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko diputatuak ukatu egin dau matxura horreek ohikoak diranik; izan be, azken lau urteetan, “matxura bat izan da 3.900 bidaiako”, eta horrek erakusten dau Bizkaibusen, gailu horretan akatsak “% 0,025eko” ehunekoa hartzen dabela. 2021. urte honetan “89 matxura” antzeman dira autobusetan sartzeko plataformaren batean. 2018an “392” izan ziran, 2019an “381” eta igaz “186”.
EH Bilduk, sarbide-plataformakaz arazorik izan ezkero, “eragina ahalik eta txikiena izatea lortzea” eskatu dau, eta foru aginduaren arabera hartu diran eta “15 minutuan” zerbitzuaren alternatiba irisgarria ezartera behartzen daben konpromisoak betetea, bai taxiz, bai beste autobus bat jarriz. Eskinitako datuetan oinarrituta, Mendezek esan dau “matxura bat” gertatzen dala “egunean”, eta hori erabagigarria izan daitekela mobikortasun-arazoak dituen erabiltzaileek, azkenean, senide batek ibilgailu pribaduan eroatea aukeratzeko.
Koalizino abertzalearen galderei erantzunez, diputatuak plataforma horreekaz izandako arazoak izan ditu hizpide, gehienak Lekeitioko eta Arratiako lineetan. 2018az geroztik, arazo horregaz erlazionautako “23 kexa” jaso dira, eta “16” aurtengo urteari jagokoz. Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko sailak “zero gorabehera izateko egiten dau behar”, esan dau Gomez Viarrek, baina helburu hori lortzea “oso gatxa” dala ganeratu dau.
Autobusen irisgarritasuna hobetzeko neurrien artean, Aldundia arrapala independente bi (eskuzkoa eta automatikoa) dituen unidadeak sartzen ari da, eta balizko kolpeak arintzeko babes-sistema bat jarri dau, “oso sistema sentikorrak” diralako. Hobekuntzek barru hartzen dabe, baita, gidariei eta ikuskatzaileei horreen erabileraren gaineko prestakuntzea emotea, eta emakidadunek gailu horreetan aldian behin probak egiteko betebeharra.
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiaren ahozko galderari erantzunez, diputatuak jakinarazo dau, pandemiaren ondorioz urriaren 28an kendu zan Metro Bilbaoko gaueko autobus zerbitzu osagarria berrezarteak ez daukala oraindino datarik. Metroaren zuzendaritzak berak jakinarazo dauenez, “ez dago epe laburrean berreskuratzeko asmorik”. Emilio Lobato batzordekidearen ustez, atzerapen horren atzean zerbitzu hori behin betiko ezabatzea egon daike, Metro Bilbaok emondako datuen arabera, 2019an bidaia guztien “% 0,16” jaso ebalako. Hori ez gertatzeko, kontsejuan “bitartekari” izateko eskatu deutso diputatuari.