Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEI BURUZKO ERAKUSKETEA PORTUGALETERA LEKUZ ALDATU DA BATZARREN GARRANTZI HISTORIKOA ZABALTZEN JARRAITZEKO

  • “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea gaur goizean inaugurau da Portugaleteko El Solar plazan, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzarretako lehendakaria eta Mikel Torres Lorenzo Portugaleteko alkatea, Begoña Gil Llanos, Zigor Isuskiza Arana eta Emilio Lobato Pascual Mahaiko kideek lagunduta.

  • Erakusketea Ezkerraldean egongo da bagila osoan, eta hortik Durangora joango da garagarrilaren 1ean.

(Portugaleten, 2021eko bagilaren 4an). Bizkaiko uribildu bakanetako batek “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketa ibiltaria hartuko dau bagilean. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mikel Torres Lorenzo Portugaleteko alkateak, Begoña Gil Llanos, Zigor Isuskiza Arana eta Emilio Lobato Pascual Mahaiko kideek lagunduta, gaur goizean inaugurau dabe, El Solar plazan, Portugaleteko udaletxearen ondoan eta 2016an landatutako Gernikako Arbolaren oinordekotik oso gertu, Europako Batzar zaharrenetakoa dan baten garrantzi historiko eta kulturala lurralde osoan zabaltzen ari dan erakusketea. Erakusketa ibiltaria Bilbotik eta Getxotik Ezkerraldeko bihotzera doa, XIV. mendetik aurrera erakunde hori lurraldeko gorabehera nagusien protagonista eta lekuko bihurtu izanaren zergaitiak zabaltzeko.

“Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea formatu handiko 12 panelek osatzen dabe, eta erakunde parlamentario moduan daukan eskumen-egitura zabala azaltzen dau, eta baita batzen dauen kultur ondarea be. Erakusketan ibilbide xume bat eskaintzen da bere lau egoitzetako (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) eukietatik, Gernikako Batzarretzean zehaztasun handiagoagaz geldituz, Gernikako Arbolea demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloaren babeslekua dalako.

Erakusketaren berrinaugurazinoan, Ana Otadui Biterik, azpimarratu dauenez, erakusketak “Batzarrek daukien egiteko parlamentarioan eta ondare kultural aberatsean eragin gura dau”. Otaduik gogora ekarri dau Portugaleteko uribildua Batzar Nagusiakaz lotuta dagola, Miguel Loredo Rolaren figuraren bidez, “foruen defendatzaile sutsua” izan zalako. Berba egiteko eukazan dohainengaitik “Portugaleteko Castelar” ezizena jaso ostean, 1864an Gernikan batzarretako kide bihurtu zan, eta bertan “bere erretorika bikainagaz jentea suspertu eban”. Foruen Batzordeko kide aukeratua izan zan.

Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizino historiko handia daukie. Tradizino horren jatorria Erdi Aroa baino lehenagoko garaietan dago, eta, logikoa danez, Gernikako Batzar Etxearen eraikuntzaren aurretik. Otaduik gogorarazo dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusiak Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat izatea “askotan oharkabean pasetan da herritarrentzat”, eta, hori dala eta, Batzar Nagusietako Lehendakaritzak erakundea bere lau “hormetatik” –egoitzetatik– ateratea, eta Bizkaiko beste leku batzuetara eroatea erabagi dau, testuen eta irudien bitartez erakundearen balio historiko aberatsa eta Lurralde Historikoko herritarren ordezkaritzarako eta partaidetzarako organu gorenean hartzen diran erabagi garrantzitsuak erakusteko. Erakusketaren azkenengo geltokia Durango izango da, garagarrilaren 1etik aurrera, Bizkaiko lau barrutietako udalerriak zapaldu dituan ibilbidea osatzeko.