Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 80KO HAMARKADAKO BERE ARTE-BILDUMAREN ZATI BAT ERAKUTSI DABE BILBON

  • Bizkaiko Batzarrek lehenengoz erakutsi dabe bere erakusketa-aretoan (Hurtado de Amezaga, 6. Bilbo) 80ko hamarkadan eskuratutako arte-bildumaren zati handi bat, autore honeen 22 lanek osatua: Jesus Mari Lazkano, Dario Urzay, Iñaki De la Fuente, Alberto Rementeria, Agustín Reche, Gabriel Ramos Uranga, Juan Luis Goenaga, Alfonso Gortazar, Pablo Aizoiala, Daniel Tamayo, Mikel Díez Alaba, Iñaki Álvarez, Fernando eta Vicente Roscubas anaiak, Txomin Badiola, Merche Olabe eta Juana Cima

(Bilbon, 2021eko bagilaren 2an). Bizkaiko Batzarrek euren ondare artistikoaren zati bat korridoreetatik, bulegoetatik eta aretoetatik kentzea, eta bere Erakusketa-aretoa (Hurtado de Amezaga, 6 – Beheko solairua, Bilbo) betetea erabagi dabe, “80ko hamarkadako Artea” erakusketagaz. Gure lurraldean sortzaile barrien leherketa ezagutu eban euskal artearen hamarkada emankor horretako bilduma propioko 22 lan batzen ditu erakusketak. Artista gehienak, mende erdiko ibilbidea dauen EHUko Arte Ederren Fakultadetik urtendakoak dira.

Bizkaiko Batzarretako erakusketa aretoak, batez ere 50eko eta 60ko hamarkadetan jaiotako 17 artistaren lanak batzen ditu: Jesus Mari Lazkano, Dario Urzay, Iñaki De la Fuente, Alberto Rementeria, Agustín Reche, Gabriel Ramos Uranga, Juan Luis Goenaga, Alfonso Gortazar, Pablo Aizoiala, Daniel Tamayo, Mikel Diez Alaba, Iñaki Alvarez, Fernando eta Vicente Roscubas anaiak, Txomin Badiola, Merche Olabe eta Juana Cima.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko kideakaz eta Iñaki de la Fuente, Alberto Rementeria eta Agustín Reche, artistakaz batera, erakundearen 80ko hamarkadako arte-bildumako lanen erakusketa hau aurkeztu dau gaur.

Politikaren eta gizartearen ikuspegietatik asaldatuta egoan hamarkadan, Bizkaiko Batzar Nagusiak 80ko hamarkadan euskal artean nagusi ziran edo euren karrerak hasten egozan artisten lanak erosten hasi ziran. Garai sozial eta ekonomiko gatxa bizi zan, gainbehera industriala gero eta handiagoa zan eta asaldura sozial izugarria egoan. Halanda be, giro horrek, gauza asko esateko eukien artisten bigarren belaunaldi bat azaleratu eban, “euskal artearen etorkizun oparoa erakutsiz”, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak aurkezpen ekitaldian nabarmendu dauenez. 80ko hamarkadan indar handiz sartu zan aurreko garaietan oso txarto ikusita egoan figurazinoa, hainbat motatakoa. Dana dala, hamarkada hori ezaugarri bategaz definidu behar bada, proposamenen heterogeneotasuna izango litzateke.

Bizkaiko Batzarren arte-bilduma ia 200 artelanek osatzen dabe gaur egun, batzuk eskuratuak eta beste batzuk dohaintzan hartuak. 50 inguru 80ko hamarkada horretakoak dira. Altxor ezkutu hori Anton Aurre Bizkaiko Batzarretako lehen lehendakariak garai demokratikoan izan eban “ikuspegiari” esker batu da, Otaduik nabarmendu dauenez. Orain gertatzen dan moduan, garai haretan, Bizkaiko Batzarretan artea eskuratzeko etenbako programea martxan jartea erabagi zan, eta artista “hasibarrien” aldeko apustua egin zan, Bizkaian trebatutako artisten harrobi gaztearen lana erakustea helburu daukan lankidetza-hitzarmen baten bidez gaur egun UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz egiten dan moduan.

“80ko hamarkadako Artea” erakusketea Bizkaiko herritarrei erakunde horrek arte eta kulturan egindako inbertsinoaren barri emoteko eta 80ko hamarkadako artistak sortzeko leku moduan unibersidade publikoari balioa emoteko erakusketa moltso baten bigarrena da. “Harrobi artistiko handi bat eta harro egoteko moduko unibersidade handi bat”, esan dau Otaduik, eta datozan urteetan “gure altxor guztiak” erakusteko konpromisoa hartu dau, jabeek goza daien: Bizkaiko herritarrek.

Erakusketea bagilaren 28ra arte egongo da zabalik, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.

FITXA TEKNIKOA:

• RAMOS URANGA, Gabriel. Sin título. 1986. Óleo/tela

• GOENAGA, Juan Luis. Sin título. 1985. Óleo/tela

• GORTAZAR, Alfonso. Sin título. 1985. Óleo/tela

• AIZOIALA, Pablo. Paisaje. 1986. Óleo/tela

• LAZCANO, Jesús Mari. Desde Santa Ana. 1987. Pintura/tela

• URZAY, Darío. Endogiro. 1987. Encáust.óleo/tela

• TAMAYO, Daniel. Nocturno. 1985. Óleo/tela

• DIEZ ALABA, Mikel. Sin título. 1984. Acrílico/tela

• DE LA FUENTE, Iñaki. Sin título. 1982. Pintura/tela

• REMENTERIA, Alberto. VII-VIII. 1988. Mixta/tela

• ALVAREZ, Iñaki. Axis Mundi. 1988. Mixta/lienzo

• OLABE, Merche. Coco´ y Iciar. 1985; Iciar y Alicia 91. 1985; Alicia 94. 1985; Nerea 93. 1985. Pintura/cartulina

• CIMA, Juana. La mujer, la luna y la mar. 1988. óleo sobre papel-tela

• ROSCUBAS, Fernando y Vicente. Bodegón. 1986. Pintura/madera

• BADIOLA, Txomin. Bastardo. 1985. Óleo/tela

• RECHE, Agustín. El Corte Inglés. 1987. Óleo/tela