Aurreko Albisteak

La Avanzadako proiektuaren idazketa prozesuak beste luzapen bat jasan dau, konplexutasun teknikoa eta LSP-PTS-agaz "koordinau" beharra dirala eta

Batzordea

Bilbon, 2015eko urtarrilaren 16an.

Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako foru diputatu andrea gaur goizean agertu da Batzar Nagusien aurrean, La Avanzada tunela zabaltzeko eta egokitzeko proiektuaren idazketa zein egoeratan dagoan azaltzeko. Batzarretako talde popularrak eskatu dauen agerraldian, Aldundiko arduradunak onartu dau proiektua idatzi behar dauen enpreseak 8 hilebeteko luzapena eskatu ebala joan dan urrian, azkenengo dokumentua prestetako. Luzapen hori, 2013ko azaroan Aldundiak emon eban 9 hilebeteko beste luzapen bati gehitu behar jako. Garamendik, “obraren konplexutasunaren” eta La Avanzadako proiektua, une honetan burutzapen fasean dagoan errepideen II. Lurralde Sektore Planagaz (LSP-PTS) “koordinau” beharraren ondorioz justifikau dau atzerapen hori.

Diputatu andrearen berbetan LSP-PTS-aren barrikuspen horretan “asko” aurreratu dan arren, Garamendik adierazo dau La Avanzadako proiektua, onartu aurretik, Leioako Udaletik igaro beharko dala, Udalaren eretxiak ezagutzeko, eta baita Bizkaiko Tunelen Ikuskapenerako Erakundetik be. Diputatu andreak azpimarratu dauenez, LSP-PTS-a funtsezko piezea da dagozan baliabideak modu egokian kudeatu ahal izateko. Gogoratu behar da, Eskumalderako dagozan soluzioak, Itsasadarraren gaineko bidekurutze barriak, Bolue-Unibersidadea edo Unbeko egokitzapen lanak definiduko dituan plan horrek eragina izan daikeala La Avanzada izenez ezagutzen dan BI-637 errepideko Landabarri-Artaza-Bolue zatia egokitzeko idazketan.

Garamendik, “aurrerapen nabarmenak” izan dituen alderdiei buruzko informazinoa be emon dau. Lan horreek guztiak, “1.552.606 euroren” truke Sener ingeniaritza enpreseari esleitu jakon proiektuaren barruan sartzen dira. Eskatutako luzapenek ez dabe aurrekontu igoerarik eragingo. Holan, adierazo dauenez, esleipena lortu eban enpreseak xehetasunezko aforoei, errepide nagusiko eta alboetako bideetako hobekuntzei eta egon daitekezan diseinu alternatiba posibleei buruzko datuak batu ditu. Ganera, tunelaren segurtasunagaz, argiztapenagaz, aireztapenagaz, keen kontrolagaz, zaratak murrizteagaz eta arriskuen azterketagaz erlazionautako alderdiak be definidu dira. Estalkiaren egiturazko ereduan be lana oso aurreratuta dago, eta gauza bera gertatzen da obraren faseen planteamenduan eta lanak egiten diran bitartean beharrezkoak diran behin behineko desbideraketen diseinuan.

Oposizinoko taldeek kritikau egin dabe “urte asko eta asko” igaro dirala eta oraindino ez jakola konponbiderik emon Bizkaiko errepideetako puntu “baltz” bati. Jesus Isasi bozeroale popularrak atzerapena kritikau dau. Ganera, proiektua geldik dagoala be salatu dau. “Dakigunez, enpreseak itxi egin deutso proiektu honetan behar egiteari”, esan dau, baina diputatu andreak ezeztu egin dau hori. Popularren ordezkariak kritikau egin dau Aldundiak “ez dauela proiektua aurrera eroan gura”, eta, horretarako, LSP-PTS-aren atxakia erabilten dauela. EH Bilduren aldetik, Fernando Larrinaga bozeroaleak, “holango gai garrantzitsuetan itxaropen faltsuak” sortzea penagarria dala esan dau.

Batzarretako talde jeltzaleak, bere aldetik, Aldundiak proiektuaren idazketan aurrera egiteko daukan “borondatea” azpimarratu dau, eta luzapen biak justifiketako orduan, “oso lan konplexua dala” eta “ezin dala beste errepide proiektuakaz alderatu” esan dau, trafiko dentsidade handia daukalako eta hiri egituraren barruan sartuta dagoalako.


SEGURTASUNEZKO PROTOKOLOA SAN MAMESEKO TUNELETAN

Saio berean, “txapazko” istripuak gertatzen diranean noranzko bietan moztu egiten diran San Mameseko sarbide barrietan istripuakaitiko dagozan protokoloen ganeko azalpenak eskatu dituan EH Bilduk eskatuta, egoera horreek “pertsonentzako arriskuak murrizteko” gertatzen dirala azaldu dau Garamendik, ezarritako arauei jarraituz. Arau horreen artean, Europako arteztarau bat eta Lurraldeko tunel guztietako segurtasun protokoloak ezarten dituen Aldundiaren hainbat dekretu aitatu ditu.

Zirkulazinoaren noranzko biak ixteko neurria, “1. mailako” larrialdiko gisa sailkatutako pilaketa egoeretan eta ilarak IV. zatiraino, Santa Anako tunelaren Bilboko noranzkoko sarrerako ahoraino, heltzen diranean, “baino ez da apliketan”, diputatuak adierazo dauenez. Erabagi hori hartu aurretik, Garamendik ikus-aurkezpen baten bitartez erakutsi dau trafikoan horrenbesteko eraginik ez daukien “aurretiazko” beste neurri batzuk apliketan diran eszenatokiak.

Edozelan be, diputatu andreak adierazo dauenez, Santa Anako tunela noranzko bietan ixtearen helburua “suak itzaltzeko zerbitzuak eta salbamentuzkoak heltzeari laguntzea da”, eta baita erabiltzaileak ebakuetea be, larrialdietako zerbitzuen jarduketea “ahalik eta denpora laburrenean” egitea bermatuz. Arauak ezarten dauenez, denpora hori ez litzateke “8 minututik” gorakoa izan behar. “Ez da kapritxoz erabilten dan neurria”. “Indarrean dagoan araudian oinarrituta apliketan da, eta baita prebentzino moduan be, arriskuko egoerak saihesteko edo murrizteko”, esan dau.

Errepideen foru zati horri jagokonez, EH Bilduk arauz besteko proposamen bat aurkeztu behar eban, Herri Lan eta Garraioetako sailari agindua emoteko, Bilboko Udalagaz sinatu beharreko lankidetzarako hitzarmenaren bitartez, bere gain hartu daizan Bilborako San Mameseko sarbideen mantentze lanak, “metakrilatuzko tunelaren urteeraraino”. Fernando Larrinaga batzordekideak bere taldeak ekimena baztertu egingo dauela iragarri dau, proposamenean salatzen ziran zoruko akatsak “daborduko konponduta dagozala” egiaztau ostean.


GIPUZKOAN DAGOZAN INFORMAZINO SEINALEAK

Bizkaiko batzarretako Herri Lan eta Garraioetako batzordeak ez dau onartu PP taldeak aurkeztu dauen proposamen bat. Proposamen horren bitartez, eskaerea egiten jakon Bizkaiko Aldundiari “Gipuzkoako Lurralde Historikoan horretarako eskumenak daukiezan pertsonen aurrean egin beharreko gestinoak hasi daizan, errepideetako seinaleei jagoken legea bete daien, legezkoak ez diran kartelak kenduz”. Ekimena ez da onartu, EAJ-PNV eta EH Bildu kontra agertu diralako. PP-k PSE-EE taldearen laguntzea baino ez dau lortu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldeko errepide nagusietan (N-1, A-15, AP-8 eta AP-1) bederatzi seinale jarri behar ebazala iragarri eban, Euskal Herriko hainbat leku interesgarri iragarteko. Aldundiak Euskal Herria-Basque Country izena jarri eban kartel horreetan, Udalbiltzagaz sinatutako hitzarmenaren bitartez. Joaquín Colmenero sozialistak esan dauenez, kartel horreek 91.500 euroko gastua ekarri dabe.

PP eta PSE-EE taldeetako ordezkarien eretxiz “nazinoarteko arautegia eta Estaduko Errepide Sarearen eskuliburua ez betetea” dana, EH Bildurentzat “Euskal Herriak nazino moduan daukan izaerea baztertzeko atxakia” baino ez da. “Kartel horreek geure errealidade propioa daukagula erakusten dabe”, erantzun dau Asier Sanzek.

EAJ-PNV-ko Nerea Ahedoren ustez, zentzuduna justiziak bere eretxia emon arte itxarotea da, Gipuzkoko Foru Aldundiaren erabagiak Estaduko Gobernuak Euskadin daukan Ordezkariaren, Carlos Urquijoren, salaketea jaso dauelako. Koalizino abertzaleak egin dauen moduan, bozeroale jeltzaleak kritikau egin dau Gipuzkoari jagokozan gaiak Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatzea. Ganera, Ahedoren berbetan, ez da bidezkoa “bere denporea zeozertan erabili behar dauen” Gobernuaren ordezkariaren “nabaritasun gogoaren” eta Gipuzkoako Mobikortasun arduradunak, Larraitz Ugartek, “geldik dagoan azpiegitura politikea ezkutatzeko” “polemikea sortzeko daukan beharraren” ondorioz zabaldutako gai bati buruz eztabaidatzea.