TXORIERRIKO KORRIDOREAN ABIADURA-MUGEA 80 KILOMETROKOA IZATEA ETA SUPERSUR ERREPIDEA MERKANTZIA ARRISKUTSUEN TRAFIKORAKO LIBRE IZTEA ESKATU DABE
- Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordea gaur bildu da Lezama Bizirik Auzo Elkartearen eta AP-68ko obra eta tarifengaitik kexu zan herritar baten eskaerei erantzuteko.
(Bilbon, 2021eko maiatzaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeak bilerea egin dau gaur Bilbon, Lezama Bizirik Auzo Elkartearen eta AP-68 autobideko obra batzuengaitik eta tarifengaitik kexu agertu dan herritar baten erreklamazinoei erantzuteko. Bizkaiko udalerri “txikiko” alkarte “txikiak” Txorierriko korridore osoan abiadurea “80 km/h-ra” mugatzeko gestinoak egiteko eskatu deutse Batzarretako Taldeei, eta Supersur ordaintzetik libre izteko trafiko astunerako, merkantzia arriskutsuetarako, batez be. “Txorierriko eskualdeak pairatzen dauen egoera kezkagarriaren aurrean herriak egiten dauen eskaerea da”, adierazo dau Txema Pico alkarteko ordezkariak.
Eskaera bi horreek, “sentimentuan oinarritutakoak, ez garalako teknikariak”, Txorierriko udal “guztiei” eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari bialdu jakez, Picok adierazo dauenez. Funtsean, lehenengoak Derio-Larrabetzu tartean abiadura-mugea 120tik 80ra jaistea eskatu gura dau, eta gauza bera egin gura dau orain 100 km/h-ko mugea daukan Enekuri-Derio tartean. Pikok azaldu dauenez, Bilboko ganerako eraztunaren abiadurea mugatzeko aplikau diran “antzeko” baldintzak aplikau behar dira; izan be, Txorierrik Bizkaiko uribururako ingurabide moduan funtzionetan dau, sarbide desbardinakaz, A-8 autobidearen tarteagaz be gertatzen dan moduan, eta erreiei eta trafiko dentsidadeari jagokenez antzeko ezaugarriak ditu.
Ibilgailu astunak Supersurretik desbideratzeari jagokonez, Pikok azaldu dau Txorierri dala kamioi astunak eta merkantzia arriskutsuak igaroteko “dobako bide bakarra”, eta, hori dala eta, hiru ardatzeko ibilgailuen bolumenak N-637 errepideko trafiko osoaren “% 12” harten dauela, lanegun batean “96.670” ibilgailu hartzen ditualako Arrontegi-Derio tartean eta “ia 60.000” Derio eta Larrabetzu artean, lau tunel tarteko.
2021eko martian Aldundiak eskari horreei emondako erantzuna ez da plataformako ordezkarien gustukoa izan. Picok zehaztu dauenez, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailak idatziz erantzun eutsen korridoreak “alderdi guztietatik (zabalera, lotuneen arteko tartea…) Ahalmen Handiko metropoliko ganerako errepideek baino prestazino handiagoak” dituala eta “abiadura handiagoa” ahalbidetzen dauela. Ganera, Foru Aldundiaren idatzian esaten danez, trafikoaren intentsidadea “ezin da alderatu” sareko beste zati batzuekaz, Arrontegigaz eta Hegoaldeko Soluzinoagaz, besteak beste. Azken horreetatik egunean 100.000 eta 150.000 ibilgailu artean ibilten dira. Halanda be, alkartearen ustez, Txorierri da “ia mugarik ez daukan ahalmen handiko bide mota horren kasu bakarra”. Hori dala eta, “konponbideren bat bilatzeko” eskatu dabe.
Agerraldiaren ostean, batzordeak atzera bota dau EH Bilduk, Aldundiari txosten bi egitea eskatzeko egin dauen eskaera bat, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek uko eginda. Batetik, “Txorierriko korridorean abiadura guztiz edo modu parzialean mugatzearen ondorioak eta bideragarritasuna aztertzea”; eta, bestetik, “ibilgailu astunen trafikoan oreka handiagoa lortzeko alternatiba eta soluzino posibleak aztertzea, lurraldeko garraio-korridoreetako merkantzia arriskutsuenak barru”. Jeltzaleek eta sozialistek euren ezezkoa justifikau dabe batzordeak “personei entzuteko” balio dauelako, baina ez dalako Batzarretako taldeek ekimenak aurkezteko organu bat, erregelamenduan xedatutakoa kontuan hartuta, horretarako “beste modu” batzuk dagozalako.
KEXA, AP-68 ERREPIDEAN EGINDAKO OBRA ETA PREZIOENGAITIK
Beste alde batetik, jarraian, Kepa Alaña AP-68 Dohainik plataformako kideak “modu personalean” eroan ditu batzordera Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarreko obrak eta AP-68 autobideko “4 kilometroko” zati batean horreek izan daben eragina, 80 kilometro orduko mugea ezarri dalako.
Alaña kexu agertu da autobidean jarritako kartelek “DGTren erespideak hausten dituelako”; izan be, erakunde horrek “behartu” egiten dau obren abisuak “behar besteko aurrerapenagaz” jarten, ibilgailuek beste bide bat aukeratu ahal izan daien. Bidearen segurtasuna murrizten danean eta argiak itzaltzen diranean be AVASA kontzesionarioak erabiltzaileei prezio bera kobretan jarraitzeaz be kexau da.
Modu berean, Laudioko bizilagunak, bide horren erabiltzaileentzat hobariak edo tarifa laua “preminaz” ezarteko eskatu deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, Arabako Aldundiak egin dauen moduan. Hori kontuan izanda, behargin batek “1.000 euro” gastetan ditu urtean AP-68 autobidea, “Estaduko autobiderik garestiena”, erabilteagaitik, eta bizkaitar batek “2.500 euro”. Laguntza horreek Bizkaitik Arabara egunero beharrera joaten diran “13.000 lagunentzat” mesedegarri izango litzatekez. Horrez gain, laguntza horreek trafiko astunera be zabaltzea eskatu dau, BI-625 errepidetik eta Malmasingo tuneletatik “aterateko”.