"ALDUNDIAK 2020AN AURREIKUSITAKO IKUSKAPENEKO ETA KONTROLEKO EKINTZEN "% 71" OSATU EBAZAN, PANDEMIA EGOEREA HOR EGOAN ARREN
- Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Gizarte Zerbitzuak eta Prestazinoak Ikuskatzeko eta Kontroletako 2020ko Plan Orokor arruntaren balantzea egin dau Bizkaiko Batzarretan
(Bilbon, 2021eko maiatzaren 27an). Aldundiak balantzea egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, berak eskatuta, 2020ko Gizarte Zerbitzuak eta Prestazinoak Ikuskatzeko eta Kontroletako Plan Orokor Arruntaren eta Gizarte Ekintza Sailak pandemia dala eta martxan jarri dituan plan berezien inguruan. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak azaldu dauenez, Covid-19ak asko “baldintzatu” dau aurreko ekitaldirako aurreikusitako ekintzak gauzatzea; izan be, ezohiko plan berezi bi sartu behar izan dira Covid-19ari aurre egiteko. Halanda be, ohiko plana “% 71ean” egikaritzea lortu da.
Diputatuak, Bizkaiko Batzarretan sasoi honetan urtero egiten daben moduan, ikuskapenerako eta kontrolerako foru zerbitzuak joan dan ekitaldian lurraldeko gizarte zentroetan egin dauen lana azaldu dau, blokez bloke, eta horri prestazino eta diru-laguntzen azterketea gehitu deutso. Laburbilduz, “ikuskapeneko 5.000 jarduketa espezifiko baino gehiago egin dira covid testuinguruan, zentroetan inoiz baino ikuskapen gehiago egin dira”, eta “zentroetan arretea eta zaintzea emoteko 2.618 planen jarraipena” egin da. Ganera, ikuskapenerako eta kontrolerako zerbitzuek “etxean jasotako zainketen 3.460 berrikuspen” egin ditue, “37.340” gizarte prestazinoetan eta “25 milioi euro” bideratu ditue prestazinoetara eta diru-laguntzetara.
Lan “garrantzitsu, beharrezko eta gero eta handiago” horren harira, Murillok esan dau emaitzek erakusten dabela “urraketak 19 ez-beteteetaraino jaitsi dirala”, batez be “alarma-egoeran adin txikikoen zentroetan, adinez nagusi egitean adinbakoaren zaintza ez eteteko hartu diran erabagi humanitarioakaz lotuta”, “larregizko okupazinoagaz” erlazionauta. Holango 15 ez-betete emon ziran, eta beste 3 adinekoen egoitzetan detektau ziran (informazinorik ez egoalako, erizaintza-zerbitzurik ez egoalako edo zentroak lagundu ez ebalako); eta beste bat okupazino-gai bat dala eta babestutako atal batean.
Etxeetan, “kasuen % 95ean”, ikuskatzaileek “normaltasun osoa” aurkitu dabe, “91 kasutan hautemandako zaintzaileen gainkarga horri oso adi egon behar badogu be”. Gainkarga hori “% 2,5” hazi da 2019an antzemandakoagaz alderatuta, eta “pandemiak izten deuskun ondorioetako bat izan daiteke”, ohartarazo dau.
Prestazinoen atalean, “ia 40.000” laguntza barrikusi ostean, horreen “% 3,12k” itzulketea –2.072.940 euro– behar izan dau. Diru-laguntzei jagokenez, barrikusitako zenbateko guztien (25 milioi) “% 0,22 baino ez” da itzuli beharrekoa.
2021ERAKO PLANAK
Normaltasun egoera batean, 2021-2023 planerako helburu honeek jarri ditu Aldundiak: “% 5eko” jarraipena egitea mendekotasun-zentroetan, “% 10ekoa” urritasun-zentroetan, eta “% 100ekoa” adinbakoen, genero-indarkeriaren biktimen eta gizarteratze-programetan dagozan personen artean. Guztira, 2021ean zentroetako “2.132” arreta-planen jarraipena egingo litzateke.
Azkenik, Murillok azaldu dauenez, “aurreko urteetan egin dan moduan, familia-inguruneko zainketetarako prestazino ekonomikoa jasoten dabenen % 25 bisitau gura dogu (5.444), eta emondako prestazinoen % 100 eta zentro guztiak barrikusi, araudi erregulatzaileagaz bat etorrita”.
Batzarretako Taldeen aurrean egin dauen berbaldiaren zati honetan, diputatuak esan dau Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen egoitzak arautzen dituan dekretuaren bigarren urteurrenagaz batera, beste ikuskatzaile bat sartuko dala “zortzira iritsi arte”, ikuskaritza- eta kontrol-zerbitzuari atxikitako 20 personen artean. Aldundiak “ikuskapen gehiago” egiten jarraituko dau, eta hori “positibotzat” jo dabe familiek; izan be, horreen, familien, bolumena “% 47” hazi dala detektau dabe.
Ikuskapenerako eta kontrolerako jarduketa horreek guztiek, “prestazinoak eta zerbitzuak iritsi behar dabenengana iristen dirala bermatzeaz gain, erantzuna hobetzen laguntzen deuskue, bai pandemiari jagokonez, bai pandemiatik kanpo”, eta zerbitzuek “gure arau-esparruak ezarten dituan kalidade-estandarrak beteten dituela” esateko aukerea emoten deuskue.
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak eskatutako agerraldi batean, Murillok Jesusen Bihotza Udal Egoitzan (Getxo) izandako aldaketak azaldu ditu. Hector Fernandez talde horretako batzarkideak azaldu dauenez, plantillan eta eskainitako zerbitzuetan aldaketa bat gertatu da, CNT sindikatuak egindako erreklamazino batean oinarrituta, eta horrek Aldundiagaz sinatutako hitzarmena ez betetea eragin daike. Diputatuak azaldu dauenez, aldaketak “teknikoak” dira, personen zaintzan oinarritutako kudeaketara egokitzeko, eta udalen autonomia aldarrikatu dau. Zentroek irailaren 10era arteko epea daukie orain dala ia urte bi onartutako dekretura “egokitzeko”.
Eta saioa amaitzeko, EH Bilduk ahozko erantzun-eskea egin dau, galdetuz ea zer dagon “barri” Foru Aldundiak abian jarritako eta apirilaren 26an aurkeztutako senideen edo hurbilekoen tutoretza beteten daben personei laguntzeko zerbitzuan. Murillok argitu dauenez, zerbitzua ez da barria, baina “aholkularitza juridikoagaz” osatu dabe, Madrilen onartutako lege-aldaketak dirala eta. Zerbitzuaren lehenengo balantzeak erakusten dauenez, hilebete bitan (maiatzean eta bagilean) “2020 osoan besteko eskaera” aurkeztu dira. Urte “normal” batean –covid bakoan– “78” aurkezten ziran. 6.000 persona inguruk, legezko ordezkarien eta boluntarioen artean, jaso ahal izango dabe daborduko martxan dagon zerbitzu hori.