Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK EZ DAU "KONPENTSAZINORIK" SARTZERIK PLANEETAN ERRENTAREN KANPAINAN SORTUTAKO ARAZO ETA GASTUENGAITIK

  • José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusien kontrolerako osoko bilkuran Talde Berezia-PPB taldeari erantzun deutsonez, Foru Gobernuak ez dau horren inguruko zerga-aldaketarik proponiduko, ez dalako “beharrezkoa”, eta alderdi hori gaia Batzarretan planteetara animau dau, eztabaidatzeko.

  • Atzo arte, “377.747” aitorpen egin dira eta 252,7 milioi euro itzuli jakez “237.265” zergaduni.

  • Amaya Fernandez bozeroale popularrak azpimarratu dauenez, oraindino badago denporea aurrez aurreko arreta “orokorra” ezarteko.

(Gernikan, 2021eko maiatzaren 26an). Gernikako Batzar Etxeak kontroleko bilkurea jaso dau gaur, eta Foru Gobernua hamar bider igon da atrilera, oposizinoaren 4 itauni eta ahozko 6 erantzun-eskeri erantzuteko. Horreetako batean, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak 2020ko Errenta kanpainaren gaineko datu eguneratuak emon ditu, eta ukatu egin dau bizkaitarrak konpentsetako zerga aldaketa bat planteetako interesa. “Ez da beharrezkoa. Beharrezkoa dala uste badozu, proponidu aldaketa hori Batzarrei”, erantzun deutso gai horren inguruan eta Ogasunak aurrez aurreko arretea hobetzeko planteauko dituan neurrien ganean galdetu deutson Amaya Fernandez Talde Berezia-PPB taldeko bozeroaleari.

Foru diputatua “datuakaz” defendidu da errenta kanpainan sortutako arazoak dirala eta oposizinoak egindako kritiketatik. Iruarrizagak baieztu dauenez, “atzora arte” 377.747 aitorpen egin dira (% 86 web bidez; % 11,17 telefonoz; % 3 app bidez; eta % 0,07 bulegoan) eta “332.291” telefono-dei artatu dira; egunero jasoten diran “8.000” dei baino gehiagoren “% 95ari” erantzunez. Diputatuak ziurtatu dau sistemak erantzun bakotzat jo dituan “38.500” dei horreetatik “23.800ri” bertatik egindako deiakaz erantzun jakela.

Aurrez aurreko arretari jagokonez, atzora arte “3.113” persona artatu dira foru-bulegoren batean, “68” egunean. 63 personak beteten dabe zerbitzu hori. Kanpaina honetan 930 kexa jaso dira eta daborduko 252,7 milioi euro itzuli jakez 237.265 zergaduni. Iruarrizagak gogorarazo dau Ogasunak “behar izan daben persona guztiei” emon deutsela arretea foru bulegoetan.

Zifra horreekaz, errenta sistemak “funtzionetan” dauela azaldu gura izan dau diputatuak Batzarretan, eta “geratzeko etorri dala”, oposizinoak “handitu” dituan “gorabeherak” gorabehera. “Kalifikatiboen ganeko eztabaidan” sartzeari uko egin deutso, eta Talde Bereziaren itaunean zentrauta, bere sailak zergadunei gestinoak errazteko neurriak hartu ebazala esan dau, aurkezpen-kanal “nahikoak” erabilita, “persona gehiagori arretea emoteko” telefono bidezko arreta-sistema bategaz eta kanpaina “86 egunera” arte luzatuz. “Eskariaren araberako” aurrez aurreko arretea eskatzea eta pandemia baten erdian gagozala kontuan ez hartzea kritikau dau.

“Ziurgabetasuna, mesfidantzea, nahigabea edo hondamendia” moduko berbakaz errenta proiektua gogor kritikau ostean, Amaya Fernandez PPBren bozeroaleak, foru gobernuaren “arrabolea” kritikau dau, oposizinoaren proposamenak “blokeau” ditualako, errenta aurkezteko epea luzatzea eta aurrez aurreko arreta “orokorra” ezartea, besteak beste. Kanpainak “kalteak” eragin deutsez herritarrei, “aholkulariei egindako ordainketengaitik” eta “buruhausteengaitik”, eta, hori dala eta, Aldundiak gastu horreengaitik “konpentsazinorik” planteauko ete dauen galdetu dau.

GOBERNANTZA ETA GARDENTASUNA

Beste alde batetik, EH Bilduk gobernantza ereduaren inguruan egindako itaun bati erantzunez, Unai Rementeria ahaldun nagusiak koalizino abertzaleak pandemia garaian izan dauen jarrerea kritikau dau, “desagertu” egin dalako. “Ez zarie egon. Ezabatu egin zarie. Ez dozue une gatxetan bat egin”, esan deutso Bea Ilardia koalizino abertzaleko bozeroaleari. Azken horrek “eskua luzatu” deutso Aldundiari gobernantza ereduan laguntzeko eta sakontzeko, Galdakaoko Udalean bere alderdia gauzatzen ari dana adibide moduan jarrita. Bere taldea desagertu izana ukatu dau, “barriro be alde batera itzi gaituzue”.

Elkarrekin Bizkaiak kritikakaz bat egin dau, Foru Aldundiak Batzarretako taldeei informazinoa emoteko daukan betebeharraren inguruan egindako beste itaun batean. Bozeroalearen berbetan, Aldundia kontrol lan hori “oztopatzen” ari da eta ez ditu taldearen eskakizunak beteten. Eneritz de Madariagaren esanetan, dokumentazino eskaeren (68) edo idatzizko galderen (77) “% 44” ez dira erantzuten edo epez kanpo erantzuten dira. Gizarte Ekintza, Ekonomiaren Sustapen, Administrazino Publiko eta Kultura sailetako datuak “oso-oso txarrak” dirala esan dau, “% 70 eta % 80 arteko” ehunekoak hartzen dituelako.

Aldundiarentzat, barriz, Gobernu honen konpromisoa “benetakoa da eta Batzar Nagusi honeetara zabaltzen da”, Elixabete Etxanobe foru diputatuak esan dauenez. “Kudeaketea eta taldeei erantzuteko betebeharra uztartzea ez da beti erraza, eta gitxiago pandemia garaian”. “Epe barruan erantzuten saiatzen gara, eta Aldundiak zorrotz beteten dau onartutako gardentasun-araudia”. Nazinoarteko gardentasun rankingetan “lehen postuetan gagoz”. Legealdi honetan, Foru Gobernuak “1.310” kontrol ekimenei erantzun deutse, eta aurreko legealdian “4.946ri”, “aurretik ikusi ez ziran kopuruak”, esan dau Etxanobek.

Beste alde batetik, Talde Berezia-PPBk kritikau egin dau pandemiaren garaian legeak egiteko foru-dekretu arauemoilea “larregi” erabili izana (2019an 2 onartu ziran, eta 2020an, barriz, “dozena batetik gora”), eta planteau dau Bizkaiko Batzarretara iristen diran araugintza-prozedura “guztiek” izan behar dabela legezkotasunaren inguruko derrigorrezko txosten bat. Aldundiaren berbetan, funtzionario publiko kualifikatuek “bermatzen dabe gai hori”.

Gardentasunaren gaiak bere horretan jarraitu dau, EH Bilduren ahozko erantzun-eske baten bidez, CNMCk kontratazino publikoan aurkitutako “kartel biren” kontrako azkenengo epaiari erreferentzia eginez. Arantza Urkaregik galdetu dau ea Aldundia behin betiko epaiaren zain egongo dan Deloitte edo PwC moduko enpresei lehiatzea debekatzeko, Lehiaren Euskal Agintaritzak abiautako prozeduran murgilduta dagozala, eta foru erakundeagaz kontratuak sinatuta daukiezala kontuan hartuta. Elixabete Etxanobe Administrazio Publikoko eta Erakunde Harremanetarako diputatuak adierazo dauenez, Aldundiak legea errespetauko dau, eta “oraindino” ezin dabe “eragotzi” enpresa horreek lehiaketetan parte hartzea, ez daukielako “debekurik” kontratazino publikoan. Aldundian lehia areagotzeko edegi dan prozedurari “lehentasuna” emoten jako, eta kontratazino zentralizauaren aldeko apustua egiten da, batez be 2016tik, iruzurrezko praktika horreek Bizkaian emon ez daitezan.

GUFE ETA OSASUN PLANA

Beste alde batetik, EH Bildu arduratuta agertu da Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen egoereagaz, “pribatizazino estrategia argia” eta “enpleo galerea” pairatzen ari dalako. Halanda be, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak azaldu dauenez, erakunde horrek 881 behargin ditu eta “100 plaza barri” sortu ditu ezinduentzako egoitzetan. Izaskun Duquek kritikau egin dau GUFE sare pribaduaren “osagarri” bihurtu izana, eta gaur egun kudeaketa publikoa daukien adinekoen hiru egoitza baino ez egotea, “eta bitan geratuko dira”, EH bilduko ordezkariak ohartarazo dauenez.

Osoko bilkuraren azken fasean, Foru Gobernuak oposizinoaren gai honeen inguruko beste galdera batzuei erantzun deutse: industria-ondarearen aprobetxamendua, garraio publikoaren segurtasuna bermatzeko segurtasun- eta babes-sistemak, Petronor enpresaren ekoizpen-ereduaren aldaketaren aurrean emon beharreko pausuak eta defizita erabiliz inbertitzeko erespideak. Azken gai horri jagokonez, ahaldun nagusiak iragarri dau bere Gobernuak “laster” aurkeztuko dauela gizarte-zerbitzuei buelta emon gura deutsen “Osasun eta Gizarte Plana”, EtxeTIC eredua monitorizatuz, egoitza-eredua bizikidetza-unidade txiki bihurtuz eta prestakuntzea hobetuz.