ENKARTERRIETAKO MUSEOAK, ORAIN MENDE BATEKO EMAKUMEEN ERREALIDADE SOZIALAREN GANEKO ARGAZKI GEHIAGOGAZ OSATUKO DAU EULALIA ABAITUAREN ERAKUSKETEA
- “EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK / MUJERES DE EULALIA ABAITUA” erakusketea Abellanedara lekualdatu da, eta erakusketa-materialea bikoiztu egin da.
- XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran emakume bizkaitarrei ateratako 70 argazki dira. 34 argazki Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan erakutsi ziran. Guztiak Bilboko Euskal Museoak itzi ditu. Erakusketea azaroaren 30era arte egongo da zabalik Enkarterrietako museoan.
- Eulalia Abaitua Allende-Salazar emakume handia izan zan, eta ez zan kikildu garai haretan egoan diskriminazinoarengaitik, gehien gustetan jakona egin eta kaleko bizitzari berari argazkiak ateraz.
(Bilbon, 2021eko maiatzaren 20an). Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan lortutako arrakastaren ostean, “EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK / MUJERES DE EULALIA ABAITUA” erakusketea Enkarterrietako Museora iritsiko da bihartik aurrera, eta ia bikoiztu egingo dau ikusi ahal izango dan argazki kopurua. Eulalia Abaitua Allende-Salazarrek, euskal argazkilaritzaren aitzindari handiak, hartutako emakumeen erretratuen argazki erakusketea azaroaren 30era arte egongo da zabalik Enkarterrietako museoan, Bilbon 1.500 lagunek baino gehiagok ikusi ostean.
Azkenik, Abellanedan dagon museoak argazkilari bilbotarrak XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako landa eta uri inguruko Bizkaian egindako 70 argazki batzen ditu. Bizkaiko Batzarretan sei astez ikusi ahal izan diran 34 argazkiak garai haretako emakumeen mundu gogorra testuinguruan jarten daben beste 36 argazkigaz osatzen dira, errealidade are zabalagoak erakutsiz. Irudi guztiak Bilboko Euskal Museoko Argazki Artxiboan gordetan diran erreprodukzinoak dira, Maite Jiménez Ochoa de Aldak batuak.
Argazki zaharrek XXI eta XX. Mendeetan emakumeen munduaren zati bat islatzen dabe. Benetako agertokietan, euren jantzi eta lanbideakaz erretratauak izan diran emakumeak. Imajinau beharrik ez dagon mundu bat, emakume bilbotar honen lanari esker. Ingalaterran egindako egotaldi bati esker argazkigintzaren unibersoan murgildu ahal izan zan, eta bertan, argazkilaritzaren hastapenetan, lanbidea ezagutzeko aukerea izan eban.
Abaituaren familia Bizkaiko Batzar Nagusiei lotuta dago, Castor María Allende-Salazar Urkijo Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren biloba izan zalako. Castor izan zan bonbardaketatik bizirik urten eban Gernikako Arbolea landatzea agindu ebana (haren argazki bat be badago). Bizkaira itzulita zaletu moduan murgildu zan argazkilaritzan eta ondare parebakoa itzi eban. Otaduik gogoratuazo dauen moduan "garai haretan egoan diskriminazinoaren aurrean kikildu barik" bere begirada fotografikoa, lehen pausuak emoten ari zan Bilbo industrialetik hasi eta landa inguruko Bizkaira arteko persona, lanbide, egoera eta lekuen unibersoan finkatuz.
Bere lanaren parte handi batean, Abaituak gizarte maila guztietako emakumeak erretratau ebazan. Euskal argazkilaritzaren aitzindaria izan zan, jente gitxik egindako bidea egin ebalako; argazkiak, benetako erreportari grafikoa balitz bezala ateraten ebazan. Bere zuri-baltzeko irudiek baztarretan egoan mundu debaluaua, ahaztua eta ordura arte ikusezina eskaintzen dabe.
Maite Jiménez Ochoa de Alda erakusketaren komisarioaren ikerketa eta bilketa lanari esker, Bilboko Euskal Museoak Abaituak egindako 2.500 irudi ditu. Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan gaur inaugurau dan erakusketarako aukeratutako 70 argazkiak Euskal Museoak 1990ean "Gure Aurreko Andrak/Mujeres Vascas de Ayer" erakusketan argitarau ebazan erreprodukzinoen parte dira.
Bere argazki-lanen izenburuek –“Sardineras”, “Conchita en Elorrio”, “María Costa y Asunción / costureras”, “La vieja de Mañaria”, “Gitanas Santuchu” “Elorrio hilanderas / hermanas de Ubidea”, “Lechera”, “Lavanderas en las Arenas”…– emakume uniberso estereotipaua eskaintzen dabe, bere tituluek uniberso konplexuari justizia egiteko balio ez daben arren. Hautaketak emakume xumeak, beharginak, apaindura bakoak, baina berezko duintasun eta dotorezia handikoak batzen ditu. Garai haretan nagusi zan kode burges femeninoagaz kontrastea egiten daben irudiak.
Erakusketea Batzar Nagusien eta Euskal Museoaren arteko lankidetzari esker gauzatu ahal izan da. Azken horrek laga dau argazki bilduma hori martian eta apirilean Bilboko Erakusketa Aretoan erakusteko eta bihartik aurrera Abellanedako (Sopuerta) Enkarterrietako Museoan ikusi ahal izateko.