ALDUNDIA BIZKAIKO KULTURAREN GANEKO "MAPEATZE" BAT PRESTATZEN ARI DA, SEKTOREA IKUSIARAZOTEKO ETA BERE AHULEZIAK MURRIZTEKO
- Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol foru diputatuak KulturSistema proiektua aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan
- Foru Aldundiak eraikin nagusiaren estalgiak birgaitzeko proiektu bat aurkezteko eskatu deutse Molinos Vascos eraikinaren jaubeei, haren narriadura “larria” dala eta.
(Bilbon, 2020ko maiatzaren 20an). Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailak Kultursistema tresnaren aurrerapena egin dau gaur. Tresna horren bidez batu gura dira lurraldeko kultur ekimen guztiak, eta sektore horretan behar egiten daben eragile guztiak sartu. Pandemiaren aurretik ahulduta egoan eta jarduera-etenaldiaren ondorioak jasaten ari dan kultur sektorearen “ahuleziak ikusiarazotea eta murriztea” da helburua.
Bizkaiko Foru Aldundia lurraldeko kultur sektorearen “mapeatzea” egiten ari da, daborduko kultur eragile, autonomo, erakunde eta instituzino guztien eskura jarri dan tresna digitala erabiliz, kudeatzen daben kultur elementu bakotxaren datuak sisteman sartu ahal izan daiezan. “Argazkian bakotxak gura dauen moduan islatuko dau bere burua”, esan dau Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak proiektuaren aurkezpenean, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
Diputatuak azaldu dauenez, helburua “kultur sektorearen egoeran sakontzea da, sektorea mailaz-maila ezagutzea, Bizkaiko ekosistema kulturalaren eta sortzailearen ganeko argazki ahalik eta errealena izatea”. Horretarako, “kultur arloko eragileen inplikazinoa behar dogu, eta ezinbestekoa da, baita, lurraldeko udalek euren udalerrian identifiketan daben elementu kultural bakotxaren mapeatzea egitea”. Hori dala eta, diputatuak mezua bialdu dau ahalik eta kultur eragile gehien erakarteko. “Zenbat eta elementu eta erakunde gehiago mapeatu, lurraldearen kultur errealidadearen argazkia fidagarriagoa izango da eta, beraz, sektorearen garapenean eta sustapenean ahal dan guztia laguntzeko politika eraginkorragoak abiarazotea errazagoa izango da”, azpimarratu dau Lorea Bilbaok.
Lorea Bilbaok Batzarretako taldeei aurreratu deutsenez, daborduko kultur arloko ordezkaritza zabalagaz eta Bizkaiko udaletako ordezkariakaz batu dira, eta eragile horreek “ezinbesteko” zeregina daukie prozesu horretan. Diputatuak adierazo dau, baita, Foru Erakundea tailerrak egiten ari dala mapeatzea egiteko prozesu horretan ondoan egoteko eta laguntzeko, eta ekimen horretan parte hartzen daben erakundeakaz harreman zuzena eukiko dabela, erakunde horreek eginbeharreko hori gauzatzeko laguntza handiagoa behar badabe.
BATZARRETAKO TALDEAK
Batzarretako taldeek Bizkaiko kultur aukera zabala mapeatzeko “beharra” eta “metodologia” partekatu ditue Aldundiagaz, eta eragileen prestakuntzaz, ekimena martxan jarteko epeez eta Euskera eta Kultura Sailak ekimen “interesgarri” horretarako darabilen aurrekontuaz galdetu dabe. Ordezkari politikoek emaitzen ebaluazinoaren ganeko interesa agertu dabe, tresna hori nork diseinau dauen eta ezagutzera emoteko publizidade-kanpainarik martxan jarriko ete dan.
Diputatuak erantzun dauenez, proiektuak “85.000 euroko” aurrekontua dauka eta “2022ko lehen hiruhilekoan” amaitu gura da. Batzarretako taldeak maiatzaren 25ean egingo dan tailer batean parte hartzera konbidau ditu Bilbaok. Sailak, hasiera batean, kultur eragileakaz eta udalakaz batera martxan jarten ari dan tresna fintzeko antolatu dau tailer hori. Ganera, diputatuak ziurtatu dau oraingoz ez dala beharrezkoa Kultursisteman egotea Aldundiko diru-laguntzak jasoteko, baina etorkizunean ez dau hori baztertzen. Eta, oraingoz, ez dago aurreikusita publizidade-kanpainarik egitea. “Ahoz-ahokoagaz” nahikoa da.
MOLINOS VASCOS ERAIKINA
Horren ostean, eta EH Bilduren galderei erantzunez, diputatuak Zorrotzako portu inguruko Molinos Vascos eraikina berreskuratzearen inguruan egindako azken kudeaketak azaldu ditu; izan be, eraikin horrek “okerrera” egin dau, foru-baimenaren ostean koalizino abertzaleak kontsultau ahal izan dauen eta 2020an arkitektura-estudio batek egindako azterlanak erakusten dauenez. Diputatuak jakinarazo dauenez, azken foru eskaerari jaubeak emongo deutsan erantzuna jasoteko “zain” dagoz, jaubeak proiektua Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuan aurkeztu daian. Proiektu horrek, “gehienez be sei hilebeteko epean eraikin nagusiaren estalgiak birgaitzeko esku-hartzeak aurreikusi beharko ditu”. Bestela, sailak jagokon zehapen-espedientea edegiko dau. Bilbaok azaldu dauenez, egindako azterketetan oinarrituta, “preminazko” esku-hartzea behar da, egoerea “larria” dalako. “Gero ikusiko da nork egiten dauen obra, noiz egingo dan edo egitea posible dan ala ez”.