BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ETEN DIGITALA EZABATZEKO NEURRIAK ESKATU DEUTSIEZ ALDUNDIARI
- Batzarretako taldeek bizkaitar “guztien” ahalduntze teknologikoa bultzatzeko eskatu deutsie Foru Gobernuari.
- Oposizinoak errenta-kanpainan aurrez aurreko arretea indartzeko eskatu dau barriro.
- Foru Gobernua eusten daben taldeek Bizkaiko Batzar Nagusietan iragarri dabenez, garraio publikoaren etorkizunaren inguruan hausnartzeko azterketa-batzorde bat sortuko da.
(Gernikan, 2021eko maiatzaren 19an). Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak, Aldundiari “bizkaitar guztien ahalduntze teknologikoa” bultzatzeko eskatzeko erdibideko zuzenketa-eske bat onartu dau gaur Gernikan, ahalik eta herritar gehienek “digitalizazino prozesuan parte hartu deien”. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia alderdiek adostutako testuaren arabera, “batez be eten digitalaren aurrean ahulenak diran kolektiboak” hartuko ditue kontuan neurri horreek.
Bizkaiko Batzarrek “Gobernu Digital inklusiboa” eratzeko “beharrezko pausuak” emoteko eskatu deutso Foru Gobernuari, Aldundiko beharginen artean “ahalik eta adostasun handiena” garatuz, eta neurri horreek “beste euskal erakunde batzuekaz alkarlanean” ezarteko.
Modu berean, Bizkaiko Legebiltzarrak “lurraldeko GovTech –sektore publikoaren eta startup teknologikoen arteko batasuna– sektoreagaz lotutako enpresen, unibersidadeen, ikerketa-zentroen eta teknologien ekosistema baten sorreraren buru izan daitela eskatu deutso Aldundiari, Administrazinoaren soluzino eta prozesu guztietan barrikuntzea sustatuz, erakundeko beharginak ahaldunduz, ekimenean funtsezko eragile izateko behar diran baliabideak eta prestakuntzea emonez eta bermatuz, kalidadeko enpleo publikoa sortuz eta sektoreko moeta guztietako enpresakaz, erakunde publikoakaz, esparru akademikoagaz eta ezagutza eta barrikuntza sortzen daben beste erakunde batzuekaz lankidetzea bultzatuz.”
Aho batez onartutako erdibideko zuzenketa-eskeak EH Bildu taldeak Transizinoaren eta Gobernu Digitalaren inguruan proponidu eban mozinoa ordezkatzen dau. Osoko bilkurak erabagitakoaren oso antzekoa zan. Arantza Urkaregiren berbetan, trantsizino horrek “aldaketa handiak” dakarz, bai barrura begira, bai kanpora begira. Koalizino abertzaleko ordezkaria barrikuntza “adostuak” garatzearen alde agertu da, trantsizino digitalaren arriskuak saihesteko, eten digitalaren arazoari jagokezanak, besteak beste. Prozesu “mailakatua” izan behar dau, “inor atzean eta diskriminauta geratu ez daiten”, esan dau Jesus Maria Ortiz sozialistak.
Talde Berezia-PPB izan da ekimenaren alde agertu ez dan talde bakarra. Kontrako botoa emon aurretik, Eduardo Andrade batzarkideak, Aldundiak martxan jarri dauen, pandemiagaz bizkortu dan, eta herritarrak “bertan behera iztea” eta aurrez aurreko zerbitzuak “desegitea” ekarri dauen digitalizazino prozesua kritikau dau. “Nasaitzeko” eta “pausuz pausu” joateko eskatu dau, oraindino Interneterako sarbiderik be ez daukien “milaka persona” dagozalako.
EUKALIPTOA
Mozino baten bidez, pinuaren banda marroiaren gaixotasunaren hedapenari erantzuteko azken urteetan ustiategi partikularrek landatutako eukaliptoaren “2.700 hektareak” kentzea proponidu dau EH Bilduk. Ekimena Elkarrekin Bizkaiak babestu dau, baina Batzarretako ganerako taldeek ez dabe onartu.
Euskadin baso-ereduaren ganeko eztabaida “orokorra” egitearen alde agertu da Talde Berezia-PPB. “Proponiduten dana egiten ari da daborduko”, erantzun dau Jesus Ortiz sozialistak, eta gogorarazo dau Aldundiak azkenengo kontrol saioan erakutsi ebala ez egoala mekanismo juridikorik lurraldearen “% 85ean” pribadua dan baso-azalera batean espezie hori landatzea debeketako. Ganera, Aldundiak daborduko ez ditu diruz laguntzen espezie hori landatuko dan lursailetako mozketak, eta baso-azalera autoktonoak hedatzeko laguntzak eskaintzen ditu, “hektareako 3.100 eurorainokoak”, Jesus Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroalearen berbetan. Politika horren ondorioz, Bizkaian ez da “inoiz” egon espezie autoktonoen hainbeste azalera, “kudeaketa jasangarri ziurtatutako 60.000 hektarea”.
ERRENTAREN AITORPENA EGITEKO AURREZ-AURREKO EREDUA
Oposizinoak bat egin dau Foru Aldundiari plantilla “publikoa” indartzeko eskariagaz, bai aurrez aurre, bai telefonoz, errentaren kanpainan zergadunari emoten jakon zerbitzua hobetzeko. Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako eta EH Bilduk eta Talde Berezia-PPBk babestutako mozinoan, aurrez aurreko arretarako aurretiazko hitzorduaren eskaerea “erraztea” eskatzen zan, herritarrengandik “gertu” dagozan bulegoetan “aurrez aurreko laguntza eta aholkularitza zerbitzua” martxan jarteagaz batera. Eneritz de Madariaga talde moreko bozeroaleak, aurrez aurreko arretaren eskaera sozialaren aurrean Aldundiak erakutsi dauen “erantzun faltea” kritikau dau.
Gobernua eusten daben taldeek bertan behera itzi dabe ekimena, Batzarretan daukien gehiengoari esker (aldeko 18 boto eta kontrako 32). Jose Alberto Alvarez Castejon sozialistak zehaztu dauenez, aurrez aurreko arretea egon badago, “hitzordua eskatuta”, hamar bat foru-bulegoren bidez, baina “iragazkiren bat” jarri daike galdeketaren errazoia ezagutzeko. Garazi Diaz Insausti jeltzaleen ordezkariak txalotu egin dau errentaren ganeko “edozein izapide” telefonoz egitea ahalbidetzen dauen eta “persona askok eskertzen daben” eredu aldaketea, izan be, ez dabe foru bulegoetara joan behar. Horren ostean, aurrez aurreko zerbitzuaren ganeko datuak emon dira. Aurrez aurre “85 persona” artatzen ari dira egunero, “2.557 persona” kanpaina hasi zanetik. Ogasuneko bulegoetan “225” aitorpen egin dira, eta guztira 330.000 aurkeztu dira. Maiatzaren 13rako, “213 milioi euro baino gehiago” itzuli dira eta erantzun bako deien “3.703 kontaktu” egin dira.
GARRAIO PUBLIKOAREN ETORKIZUNAREN GANEKO AZTERKETA-BATZORDEA
Bizkaiko Batzarrek ezetsi egin dabe, halaber, Bizkaiko Herritarren eta Gizartearen Partaidetzarako 2020-2023 Foru Planaren barruan Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2028 Plan Estrategikoaren ganean EH Bilduk aurkeztutako mozino bat, “ahalik eta eragile gehienakaz (herritarrak, udalak, gizarte-eragileak, enpresa emakidadunak eta garraio publikoaren sektoreko beharginak) parte hartzeko prozesu bat” gauzatzea eskatzen ebana, “gitxienez, horren emaitzak zabaltzea, aztertzea eta jakinarazotea” barru hartuta.
Foru Gobernua babesten daben taldeen erantzuna Bizkaiko Batzar Nagusietan azterketa-batzorde bat sortuko dala esatea izan da, Erregelamenduaren 53. artikuluan oinarrituta, botere Legegilea izan daiten, eta ez Exekutiboa, koalizino abertzaleak proponiduten eban moduan, eztabaidea “sakontasun handiagoz” batuko dauena, Batzarretako talde, aditu eta eragile sozial guztien parte-hartzeagaz. Eztabaida hori Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzan lantalde bat aitatutako plan estrategikoaren inguruan egiten ari dan azterketeagaz batera joango litzateke.
ZERGA-SISTEMAREN ETA EKARPENEN LEGEAREN GANEKO EZTABAIDEA
Ganera, koalizino abertzaleak fiskalidadearen ganeko eztabaida “serioa” eskatu dau, ganerako erakundeakaz batera, Nazinoarteko Diru Funtsak egindako zerga-proposamenak “aztertzeko”, Euskadiko Zerga Koordinazinorako Organuan, eta zergadun “aberatsenei” “aldi baterako ekarpena” ezartea proponidu dau, talde horrek proponidutako “Covid tasearen” antzekoa. Eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Zerga Sistema Garapen Jasangarriko Helburuakaz lerrokatzeko oinarriak ezarriko dituan Foru Arauaren Aurreproiektuan sartzeko eskatu dabe, diru-sarrerak handituko dituen neurriak “dagozan behar sozial handiei erantzun egokia emoteko”, proponidu dau Arantza Urkaregik. “Gure proposamena ez da zerga guztiak igotzea, progresibidadea handitzea baino”.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek euren proposamena aurkeztu dabe osoko zuzenketa-eske moduan, baina koalizino abertzaleak ez dau onartu. Bertan, nazinoarteko erakundeen (NDF, ELGA eta EE) proposamenak 2014an eta 2018an onartutako zerga-erreformen azterketan sartzea planteetan eben, eta Aldundia University College London izenekoagaz egiten ari dan lankidetzarako lana amaitzera animetea. Etorkizuneko zerga-sistemaren ganeko eztabaidaren ganean hausnarketa horreek egin ostean, Ainhoa Pielo Muguruza jeltzaleak ohartarazo dau “zergak igoteak ez dauela zertan diru-bilketa handiagoa ekarri behar, zerga-oinarria jaisten bada”.
Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak etorkizuneko Ekarpen Legearen negoziazinoan izango dauen jarreraren ganean Talde Bereziak aurkeztu dauen mozinoa eztabaidatu dau osoko bilkurak. Hamar urtez luzapenak izan dituan legea “oso garrantzitsua” da, euskal administrazinoen artean dirua banatzeko modua ezarten dauelako. Zentzu horretan, Amaya Fernandez talde horretako bozeroaleak koefizienteak aldatzea defendidu dau, Foru Aldundiek eta Udalek baliabide “nahikoak” izan daiezan. Horren arabera, legea Bizkaiaren pisu espezifikora be “egokitu” behar da.
Batzarretako ganerako taldeak ekimenaren kontra agertu dira. Horreetako hiruk zuzenketak aurkeztu deutsiez testuari. Euzko abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, euren eskumenen arabera eskura dituen baliabideen banaketa “ekitatiboa” proponidu dabe, eta legea “arrisku partekatuaren eta ahalegin fiskalaren printzipioak errespetauz” hobetzea. Beste alde batetik, EH Bilduk “egungo desorekak zuzentzea” proponidu dau, “inor kaltetu barik”.