ALDUNDIAK ERRENTA-KANPAINAKO TELEFONO BIDEZKO ARRETA-ZERBITZUA BARRIRO INDARTU EBAN MAIATZEAN
- Beste “12” persona sartu ziran maiatzaren hasieran zergadunen zalantzak argitzeaz arduratzen dan giza taldean
- 2020ko Errenta Artatzeko Sistemak “227.254” dei jaso ebazan maiatzaren 4ra arte, eta “% 84” artatu egin ziran eta, maiatzaren 13tik, Ogasuna artatu ez ziran gainerako personakaz hartu-emonetan jarten ari da.
- Oposizinoak aurrez aurreko arretea eskatu dau barriro, eta kontratazino-eredua kritikau dau.
(Bilbon, 2021eko maiatzaren 18an). Aldundiak hainbat bider indartu dau 2020ko Errenta Kanpainan zergadunak artatzeaz arduratzen dan giza taldea. Kanpainea erdialdera iritsi da daborduko. Neurri handienean Zugaztel foru enpresak egiten dauen zerbitzuaren azken “birdimentsionamentua” maiatzaren hasieran egin zan, “12 persona” sartu ziralako, Elixabete Etxanobe Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasuneko Foru Diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan zehaztu dauenez. Kanpaina honetarako “290 personak” osatzen dabe zergadunentzako arreta-zerbitzua, eta maiatzaren 4ra arte telefono-zenbaki bakar batean jasotako “227.254 dei” artatu ebezan.
Xabier Benito Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak diputatuaren agerraldia eskatu eban, Zugaztel foru-enpresak 2020ko Errenta jasoteko beharginak kontratetako diseinau dauen prozesua azaltzeko. Enpresa hori da, Ogasunak eskatuta, errentaren kanpainan zehar telefono-zerbitzua indartzeaz arduratzen dana. Enpleo atari batean “2021eko Errenta Kanpainarako Egileak” kontratetako agertu dan iragarki baten inguruan be galdetu dau talde moreko ordezkariak.
Diputatuak azaldu dauenez, Zugaztelek zergadunaren arretarako beharginak “birdimentsionau” ebazan 3 hilebeterako, egunean 10.000 dei jaso ahal izateko. Aurreko ekitaldietan “Call center” izenekoa 4.000 dei jasotera heldu zan. Etxanobek onartu dauenez, “de facto” 13.000 dei jaso ditue egun batean, eta kopuru hori, Bizkaiak baino hiru bider biztanle gehiago dituan Madrilgo erkidegoak jasoten dituan “9.972 deiakaz” alderatu dau.
Guztira, informazino-eskaera horri erantzuteko, “290 personak” osatzen dabe Bizkaiko 2020ko Errentaren telefono-arretarako taldea, Zugazteleko eta Foru Ogasuneko beharginen artean. Horreetatik, “266” lagunek, kontsulta guztien “% 85” ebatzi dabez lehenengo mailan. Argitzen ez diranak beste maila espezializauago batera pasetan dira, eta jakinarazo dauenez “inor ez da geratzen aurrez aurreko arreta barik” bezeroaren arazoak edo profilak halan eskatzen badau.
Kanpainan zehar, Etxanobek azaldu dau Zugaztelek kanpoko “110” agente kontratau dituala hasieran, zerbitzua orduko prezio itxi batean emoten eban enpresa baten bitartez. Horreei, erreserban egozan beste “30” behargin gehitu jakezan. Eta, azkenik, “maiatzaren hasieran”, foru enpresak, zergen eta bezeroen arretaren ganeko ezagutzak eukiezan 12 behargineko beste sorta bat sartu eban enpresa emakidadunaren bitartez. Giza talde horrek bere lana “modu telematikoan” egin eban, pandemiaren osasun protokoloa betez, “30.000 euroko” soldata gordina kobrauz, bulegoetako hitzarmenean agertzen dana baino gehiago. Lan baldintza “onak”, Aldundiak “kalidadeko enpleoak” sortzeko daukan asmoagaz bat etorrita.
Errenta sailerako personak kontratetako webgune batean agertutako iragarkiaren harira, Etxanobek esan dau Zugaztelek ez eukala horren barri. Kentzeko agindua emon zan, enpresak ez eukalako argitaratzeko baimenik, eta Zugaztelek ez ebalako haren eukia balioztatu.
Bere txandan, Xabier Benitok foru zerbitzu hori “kanporatzeko prozesua” kritikau dau, eta datozan kanpainetan “baliabide propioen bidez” egiteko eskatu dau, “enpleo publiko, egonkor eta kalidadekoa” sortzeko, Bizkaia Egiten foru planak jasoten dauen moduan. Kanpoko enpresa batek “kontroletan” dauen lan-boltsa batean “funtzino publikorako sarbidea ez da baldintza bardinakaz bermatzen”, esan dau Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak.
Talde Berezia-PPBk, barriz, aurrez aurreko hitzordua lortzeko zergadunak “hiru maila” igaro behar izatea kritikau dau. “Zentzuzkoa al da? Gure taldearen eretxiz ez”, esan dau Amaya Fernandez bozeroaleak, eta bere eretxiz “beharrezkoa” da eredua barrikustea, “eten digitala ez dalako gauetik goizera desagertuko”. Jentearen arretarako sistemea aldatzearen eta sistema “mistoa” ezartearen alde agertu da.
Foru Gobernua eusten daben taldeek adierazo dabenez, pandemiak berak hainbat eragozpen gehitu ditu, horreen artean, pandemiaren ondorioz banketxeek eskaintzen eben zerbitzua emoteari uko egin izana. “Gaur egun traba asko konpondu dira”, azpimarratu dau Juan Otermin bozeroale sozialistak, eta Zugaztelek, “bere ekimenez, erantzun ezin izan dituan deiak itzuli izana oso positiboa” dala esan dau. Maiatzaren 13tik, informazino-eskariak behera egin dauenetik, telefono bidezko arreta-zerbitzuak “3.703 dei” itzuli ditu, diputatuaren berbetan.
EH Bilduko Arantza Urkaregik “guztia zelan kudeatu dan” kritikau dau “zerotik ehunera” igaro gura izateagaitik. Azkartasun hori “herritarrak pairatzen ari dira” eta Foru Ogasunarenganako “mesfidantzea” areagotu dau. Koalizino abertzaleko batzarkideak aurrez aurreko arretan “berehalako aldaketak” eskatu ditu. Elkarrekin Bizkaiak bezala, bere kezka Zugaztelek kanpainarako kontratazinoa zelan egiten dauen jakitea da. “Kontratazino politikaren ganeko hausnarketa bat egin behar dogu, politika hori, gero eta gehiago, foru enpresek egiten dabelako”, eta, bere eretxiz, horrek “kontrol publikoa galtzea” dakar.
Bestalde, Unai Lermak (EAJ-PNV) txalotu egin dau zerbitzua barriro dimentsionetako emondako erantzun “azkarra”. Digitalizazinoaren ikuspegitik kanpaina “arrakastatsua” izan da. Eta Ogasun eta Finantza sailaren gardentasun eskasaren ganeko kritikei jagokenez, ukatu egin dau hori. “Gardentasuna erabatekoa izan da une oro”. Azkenik, kritikau egin dau errenta kanpaina bertako beharginek beteteko eskatzea. “Ez da inoiz egin”, esan dau.
Diputatuak Zugaztelen existentzia defendiduz amaitu dau agerraldia; izan be, enpresa horren bidez, Aldundia “Call center” funtzinoak bere gain hartzen dituan “administrazino publiko apurretako bat” da. Beste batzuek “zerbitzu hori guztiz kanporatzen dabe”. Erakunde hori osatzen daben “42” personen lana defendidu dau (horreetako 41 emakumeak dira, eta guztiak elebidunak), zerbitzu “eraginkorra” eskaintzen dabelako urteko 365 egunetan.
MENDATAKO BANDEREA
Beste alde batetik, batzordeak onartu egin dau udalerriak berak proponiduta Mendatako udalerriko armarri heraldikoa aldatzeko eta banderea sortzeko Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako erabagia. Erabagia osokoak berretsi beharko dau.