SOPUERTA ETA CASTRO URDIALES ARTEKO LOS HERREROS TUNELA "BARRIRO ZABALTZEA BULTZATU" DAIALA ESKATU DEUTSIE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ALDUNDIARI
- Batzarretako taldeek erdibideko zuzenketa-eske bat adostu dabe, erabilten ez dan 2 kilometroko tunel hori Bizkaiko eta Kantabriako bizikleta bideetan sartu daiten.
(Bilbon, 2021eko maiatzaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek bultzada “garrantzitsua” emon deutse Sopuerta eta Castro Urdiales lotzen dituan Los Herreros tunela berreskuratzeari, Bizkaiko eta Kantabriako bizikleta bideetan integretako. Batzarretako lau taldek (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) sinatu daben eta Talde Berezia-PPB taldeak be bat egin dauen erdibideko zuzenketa-eske baten bidez. Bizkaiko Batzarrek inplikautako gainerako erakundeakaz hartu-emonetan hasteko eskatu deutse Foru Aldundiari, azpiegitura hori berreskuratzea ahalbidetuko dauen “ibilbide-orri bat ezarteko”.
Sopuertako udalerrian, Las Muriecas mendatearen azpitik, oraindino “itxuraz baldintza onean” kontserbetan da Los Herreros tunela, 1899an meatzaritzarako eregi eta 1966an itxi zana. Ia 2 kilometroko tunela da –1.966 metro– eta Sopuertako meategiak Castro Urdialeseko mineral-kargaguneakaz lotzen ebazan. “Balio handiko ondarea da, eta zaindu eta balioan jarri behar dogu”, azaldu dau Xabier Benito Elkarrekin Bizkaia taldeko kideak. Proposamena, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu alderdiakaz hasierako testua zuzentzeko akordioa lortu ostean aldatu da.
Talde guztiek adierazo daben moduan, tunela berreskuratzea, Enkarterriko eskualdea Kantabriagaz bizikletaz lotzeaz gain, Bizkaiko Burdin Mendietako Bide Berdea Kantabriako Castro-Traslaviriako Bide Berdeagaz lotuz, eta Bilboren eta Kantabriako herriaren arteko 50 kilometroko bizikleta-zirkuitua osatuz, Enkarterriko eskaintza ekoturistikoa indartzeko eta garrantzizko balioa emoteko “aukera” izango litzateke. Horregaitik, zuzenketa-eskean “Herreroseko tunela edegitea sustatzeaz gain, ekintza osagarriak aztertu eta egikaritu daizala” eskatzen jako Foru Gobernuari “Enkarterri ekonomiaren ikuspegitik dinamizetako aukera moduan, eskualde horrek modu jasangarrian eskaintzen dituan turismo- eta ondare-baliabideak batuz”.
Zaharbarritze lanak hainbat administrazinok adostasuna lortzea eskatuko leuke: Bizkaiko Foru Aldundiak, Kantabriako Gobernuak eta Sopuertako eta Castro Urdialeseko udalek. Onartutako ekimenean, erakunde horreekaz “alkarlanean” aritzeko eskatu deutse Aldundiari. Izan be Elkarrekin Bizkaiak adierazo dauenez, martian bertako Udalak horren ganeko mozino bat onartu ostean Castro Urdialeseko Udalak azterlan teknikoa eskatu dau. Gorka Beitia Euzko Abertzaleen ordezkariak ibilbide gehiena Kantabrian dagola gogorarazo dau.
Batzarretako Taldeek Juantxu Bazan ikerlariaren lana goraipatu dabe, urteak daroazalako bide hori, “larregizko kostu barik” berreskuratzearen alde beharrean, eta baita Sopuertako Alen Elkartea izenekoak egindako beharra be. Arkeologoek egindako ikuskapen baten arabera, antza danez, azpiegiturea “egoera onean” dago, Bizkaian urak hartutako zati bat eta lur-jausi “txiki” bat izan ezik. Beste alde batetik, “ezer egin barik igaroten dan urte bakotxean, itzulerarik eza arriskuan jarten da”, eta hori dala eta, “preminazkoa”da administrazino guztiak “beharrean jartea”, ohartarazo dau Xabier Benitok. Aldundiaren inplikazinoa “derrigorrezkoa” iruditzen jako, proiektuaren garrantzia dala eta. Gorka Beitia jeltzaleak esan dau azpiegitura horreek Aldundiak “bide berdeakaz dauen konpromisoan” eta “35 milioi euroko legegintzaldiko programan” sartu daitekezala.