Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolearen leinu historikoari jarraipena emongo deutso udabarritik aurrera beste landare batek

Gernikako Arbolea

Bilbon, 2015eko urtarrilaren 15ean

Zoritxarrez, azken hilabeteotan Bizkaiko Batzar Nagusiek martxan jarritako neurriak ez dira nahiko izan Gernikako Arbolearen egoerea bereoneratzeko, eta hatakotzat orain egon dan haretx gaztea guztiz igartu da. Adituek egin daben azken azterketeak erakutsi dau landarea “guztiz igartuta” dagoala. Arboleak ezin izan dau ura hartu ez eukalako energiarik ezta erreserbarik be, sustraiak oso kaltetuta izan ditualako eta negua etorri dalako. Arrazoi guztiok dirala-ta, landareak ez dau erakusten inongo bizi-arrastorik daukanik.

Basalan enpresako teknikariei eta Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Sailari eskerrak emon ondoren, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak bere samina erakutsi dau hartu diran neurriak “ez dabelako emoitza onik ekarri” eta iragarri dau Gernikako Aretxaren leinuko beste oinordeko bat sartuko dala Gernikako Batxarretxean eta “prest egongo dala datorren udabarrirako”. Datozan asteotan egingo dira horretarako lehenengo lanak, lekua prestatzeko eta hilabete batzuk barru “euskal askatasunen ikur horrek bizirik jarraitu dagian, eta ernabarritu daiten udabarrian”.

Gernikako Haretxaren egoera kezkagarria ikusita, Bizkaiko Batzar Nagusiek presazko neurriak hartu ebezan joandako abuztuan, Gernikako Batxarretxaren esparruan kokatutako 28 urteko landarearen egoerea egonkortu eta bereoneratu ahal izateko. Horretarako, bada, arbolearen kontrolaz eta jarraipenaz arduratu dira Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko eta Basalan basogintza zerbitzu enpresako adituak, eta eurok izan ziran irailan esan ebenek haretxa nahiko egoera kezkagarrian egoala.

Gernikako Arbolearen egoerea kritikoa zan sustraiak oso kaltetuta eukazalako. Urteetan egon da sustraiak hedatu ezinik lurra urez saturatua egoalako, eta hori dala-ta anoxia pairatu izan dabe sustraiek, sustraien fisiologia erabat kaltetuz. Horrek eta argitasun gitxiko lekuan egoteak, baita 2013. urtean euri asko egin izanak be, sustraien sistemea gero eta gehiago kaltetu dabe, eta azkenean arbolearen fisiologia bera eta hasteko eta adarrak zabaltzeko gaitasuna be kaltetu dira.

Azken azterketea egin jakonean zehaztasun osoz begiratu dira arbolearen adar guztiak, behetik hasi eta goraino, eta sustraiak. Teknikariek ikusi dabe guztiz igartuta dagoala, adarren eta enborraren barrualdearen kolore marroiak edo adarren eta sustraien malgutasuna galdu izanak erakusten dabenez. Horrezaz ganera, ongarriak xiringa bidez sartzeko egin jakon zuloak be ez dau erakusten sendatu izanaren inolako arrastorik. Teknikariek ikusi dabe be ez dauela sustrai barririk bota, eta laborategira eroandako laginek ez dabe erakutsi bizi-arrastorik dagoanik.