Aurreko Albisteak

12.239 bisitari izan ditu Enkarterrietako Museoak

Barakaldori buruzko erakusketea

Bisitari batzuk Brakaldon egiten ziran Lube motor ospetsuei begira

Bizkaiko Batzar Nagusien Enkar­terrietako Museoak 1994. urtean zabaldu zanetik bisitari-kopururik onenetarikoa izan dau joandako 2009an. Abellanedako Batza­rretxean dagoan Museoak 12.239 bisitari izan ditu, horreen arteko 8.387 taldeetan joandakoak eta 3.852 bere kabuz joandakoak.

2009. urtean zehar zenbait aldibaterako erakusketa egon dira, Enkarterriko kulturearen eta historiaren inguruan egindako ikerketa-lan handiaren eskutik; horretara, bada, aldibaterako hiru erakus­keta egin ziran Museoan: lehenengo biak eskualde guztian zehar egon ziran burdinola ugariei buruzkoak. Erakusketa horreetako bat XVIII. mendeko Mollinedoko burdinolan (Artzentales) aurkitutako piezak izan zituan erakusgai.

Beste alde batetik, Barakaldoren 700 urteurrena zala-ta erakusketea egin zan, herri langile horren ibilbide historikoa eskainiz. Erakusgai izan ziran bertan liburuak, osagai etnografikoak, kuadruak, marrazkiak eta Ezkerraldeko herri horretan aurkitutako edo bertako erakunde edo pertsonaiak asmatutako edo egindako pieza esanguratsuak, esaterako Lutxana auzoan egiten ziran Lube motor ospetsuak.

Hiru liburu argitaratu ditu Museoak 2009. urtean: Juan de Amesti Mendizábalen “Forja artística en Las Encartaciones de Bizkaia”, Javier Barrio Marroren “Introducción a un estudio histórico y patrimonial de las ferrerías de Las Encartaciones” eta Txeru García Izagirreren “Barakaldo. Egileen begirada”. Era berean, zenbait ondare-pieza bereganatu ditu Museoak, batez be emoitzei esker eskuratutakoak, eta horreen artean azpimarratzekoak dira Labarrietako Santa Kurtzeko eleizan (Sopuertan) aurkitutako XVIII. mendeko horma-irudiak, galdu ez eitezan eleizako hormetatik atara eta erabarritu eta gero.

Bestalde, Museoaren Zabalkunde eta Kultura-Ekintzetarako Zerbitzuak Haur Hezkuntzako eta DBHko ikasleei zuzenduriko hainbat heziketa-ekintza antolatu ditu. Horretara ba, Enkarterriko Historia eta Kulturea, baita bizimodua be, ezagutzeko tailerrak egon dira. Horreen artean, azpimarratzekoak dira Historiau­rreko eta Ertaroko tailerrak, El Pobaleko olarekin batera egindako ekintzak edo gure hitzaldi-aretoan prestatutako antzezlan txikiak, “kontu-kontari” ekintzarenak.