Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK ADIERAZO DAUENEZ, ORAINDINO EZ DA Q SUKAR KASU GEHIAGORIK ATZEMAN ARTIGASEN

  • Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan emon dau bere sailaren jardunen barri, martian TMB plantan gaixotasun horren beste agerraldi bat izan zala ikusi ostean.

(Bilbon, 2021eko maiatzaren 14an). Bizkaiko Foru Aldundia TMB plantan Q sukarra kutsatzearen ganeko ikerketaren jarraipena egiten ari da, eta, horretarako, planta hori kudeatzen dauen enpresari gaixotasuna eragin ahal izan dauen zergaitiaren ganeko informazinoa eskatu deutso, eta jatorrizko fokua bertan egiten dan jarduereagaz lotuta ete dagon be galdetu deutso. Momentuz, Aldundiak badaki Osalanek kasu “positibo” bat baieztu dauela, “ziurreneko” bi eta beste kasu “susmagarri” bat, EH Bilduk eskatuta Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian baieztu dauenez. Osalanek bere azken txostenean ondorioztatu dauenez, “ezin da baieztu Q sukar kasu gehiago antzeman danik beharginen artean”, foru arduradunak azaldu dauenez.

TMB Arraiz ABEEren prebentzino-zerbitzuak beste proba batzuk egin eutsezan apirilaren 8an lantegiko “26 behargini”, agerraldia ez zala gehiagora joan egiaztetako. Horrela amaitu da Antxustegik egin dauen kontakizuna. Agerraldi horren barri izan ebenetik bere sailak emon dituan pausuak azaldu ditu Batzarretako taldeen aurrean. Hirugarren agerraldia da 2014tik. Halan, Aldundiak honeek eskatu ditu: osasun-zaintzaren txostena, hori egiteko kontratautako enpresak egina; prebentzinoaren eta osasunaren ganeko ABEEren barne-protokoloaren inguruko informazinoa; ezarri beharreko neurrien betete-mailaren eta horreen funtzionamentuaren ganeko txosten xehatua; eta, beharrezkoak izan ezkero, martxan jarri beharreko neurrien plana.

Agerraldia ezagutu zan unetik, Garbiker eta Aldundia egiten ari dan ikerketea jarraitzen ari dira, balizko kutsaduraren fokua plantaren jarduereagaz lotuta dagon argitzeko. Kutsatze posible horren ikerketaren jarraipenari Bizkaiko Foru Aldundiak plantaren jardueraren ganean egiten ari dana gehitzen jako. Horren barruan, Garbiker aldizka alkartzen da TMB Arraiz ABEEagaz. Modu berean, kanpoko enpresa baten bidez (IMQ Osasuna) ikuskapenak egiten dira astero instalazinoen egoerea ezagutzeko.

Gaixotasun horren lehen agerraldia 2014an izan zan, eta 2018an errepikau zan. Iratxe Arriola EH Bilduko batzordekidearen berbetan, kasu horreek “martia eta apirila bitartean” gertatzen dira beti, arkumeak jaiotzen diran garaian, sindikatuetako ordezkariek salatu dabenez. Agerraldiak plantara animalien hondakinak dituen kamioiak iristen diralako sor daitekez. Lurraldean hiltegirik ez egoteak arazoa “larriagotu” daike, baserri batzuetan zelanbaiteko “klandestinidadea” dagolako.

Antxustegik azpimarratu dau diseinautako protokoloak “beti” jarraitzen dirala eta agerraldi bat dagon bakotxean “aldatu” egiten dirala, “hobetzeko”, baina ohartarazo dau ez dagola “zero arriskurik”, covid krisiak erakutsi dauen moduan. Azken urteotan, hobekuntzak egin dira plantan. 2018az geroztik, beste txanda bat dago, eta gaur egun Bizkaiko zenbait landa-eremutatik Zabalgarbira desbideratzen dira kamioiak, animalien hondakinak ez daitezan TMBra heldu.

BESTE GAI BATZUK

Diputatuak agerraldia egin dau Batzar Nagusietan, Talde Berezia-PPBk eskatuta, bere saileko teknikariek martiaren 9an Barakaldoko Lorategi botanikoko urmaela garbitzeko egin zan hustuketa baten ostean bertako arrainak eroaten laguntzeko egindako lana azaltzeko. Antxustegik argitu dauenez, operazino horrek ez eban eragin lehendik egozan arrainak, peskarolak eta karpinak (espezie inbaditzaileak) lurraldeko ibai-arroetara eroatea, laku artifizial bereko beste sekzino batera eroan ziran.

Modu berean, Galeako itsaslabarretan hegaztien hazkuntza oztopatzen ari diran eskaladako bide batzuk dirala eta hautemandako arazo hipotetikoa konpondu egin da. Aldundia hartu-emonetan jarri zan eskaladako materiala instalau eben personakaz, eta hareek horren barri ez eukiela eta materiala kentzeko “prestutasuna osoa” eukiela adierazo eben. Foru Aldundiak kartel bi jarri ditu kostaldeko eremu horretan eskalada baimenduta ez dagola jakinarazoteko.

Eta Elkarrekin Bizkaiak Sangroniz industrialdean, Sondikan, Asua errekatik ehun metro eskasera zabor kimikoaren zabortegi bat dagola eta filtrazino kutsagarriak eragiten ari dalaren ganean galdetuta, diputatuak azaldu dau ez jagokola Aldundiari gai horren inguruko “erabagiak hartzea”, beraz, Eusko Jaurlaritzako “organu eskudunei neurriak hartzeko eskatuko deutse”, lixibiauak “kontrolpean” egon beharko litzatekezalako.