Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ARRETA PERTSONALIZAUKO PLAZEA DAUKIEN PERSONA GUZTIAK DSBE-AN SARTZEKO ESKATU DABE

  • Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe “gizarte-zerbitzuak emoten dituan administrazino bategaz sinatutako arreta pertsonalizauko plan bat garatzen daben eta plazea daben persona guztiek DSBEa jasoteko aukerea izatea”.

  • Laespada diputatua batzordera etorri da “etxebakotasunaren” aurrean erakundeen arteko koordinazinoaz berba egiteko, Bizkaiko Batzarrek, Bizkaiko Batzar Nagusien administrazino-egoitzea martxan jarri zanetik 25 urte igaro dirala ospatzen daben egunean.

(Bilbon, 2021eko maiatzaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasun Batzordeak aho batez onartu dau, Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat ordezteko sortu dan Euzko Abertzaleen eta Euskal Sozialisten osoko zuzenketa bat, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumeneko egoitza-guneetan bizi diran persona guztiek Diru Sarrerak Bermatzeko Errentea (DSBE) jasotearen ganeko gogoeta bat hasi daiten.

Adostutako testuak Eusko Jaurlaritzagaz akordioak bilatzeko eskatzen deutso Aldundiari, “gizarteratzeko alkarlaneko bizilekuak” ahalbidetzeko, hirugarren sektorearen parte-hartzeagaz. “Bizitoki kolektiboa ez eze, gizarteratze- prozesuak aurrera eroateko behar diran laguntzak be emongo litzatekez eta era horretan, 147/2010 Dekretuaren 6.2.b artikulua aplikatuz, bertan plazea daben persona guztiek diru-sarrerak bermatzeko errentea eskuratu ahal izan daien, baldin eta gizarte- zerbitzuak emoten dituan administrazino bategaz sinatutako arreta pertsonalizatuko plan bat garatzen badabe”, adierazoten da onartutako ekimenean.

Batzarretako taldeek adierazo dabenez, “beharrezkoa” da Diru Sarrerak Bermatzeko Legea barritzea, “egungo errealidadera egokitzeko”, baina hori gertatzen dan bitartean –Juan Oterminen berbetan Eusko Legebiltzarrean aurtengo bigarren seihilekorako dago aurreikusita izapidetzea–, Bizkaitik gizartetik baztertuta dagozan edo baztertuta egoteko arriskuan dagozan persona "guztiei" baliabide ekonomikoak izatea ahalbidetuko deutsen aldaketak sustatzea "positiboa" da, Administrazinotik laguntza-prozesuen barruan badagoz.

Ekimena Elkarrekin Bizkaia taldeak ekarri dau hasiera batean, Foru Aldundiak desgaitasuna daukien personentzako egoitzetan edo gaixotasun mentala daukienentzako zentroetan dituan zerbitzuen erabiltzaile “asko” diru-sarrerak bermatzeko errenta jasoteko “gaiztasunak izaten ari diralako”, eta hori “bidebakokeria eta diskriminazinoa” dala adierazi dau Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak. Ostean, akordioagaz pozik agertu da, nahiz eta onartu “persona batzuk ez dirala oraindino pozik egongo” zuzenketa-eskearen eukiagaz.

ERAKUNDEEN ARTEKO KOORDINAZINOA ETXEBAKOTASUNAREN AURREAN

Beste alde batetik, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak agerraldia egin dau, “etxebakotasunari” aurre egiteko udal eta foru zerbitzuen arteko koordinazino protokoloen barri emoteko. Laespadaren presentzia EH Bilduk eskatu eban, hilebete eskasean Bilboko kaleetan etxerik bako persona bi (“Piter eta Fatima”) hil zirala jakin ostean.

Laespadak etxebakotasunaren eta bere sailak gizartean baztertuta dagozan eta bizitzeko lekurik ez daukien personei erantzun “integrala” emoteko ezarri dituan politiken errepasoa egin dau; izan be, etxebizitza falta “bere sailak gizartean baztertuta dagozan personakaz lan egiteko orduan erabilten dituan 51 adierazleetako bat baino ez da”. Ganera, Aldundiarentzat etxerik ez daukien personak lau tipologiatan banatzen dira: “sabairik bako” personak, “etxerik ez daukien edo aldi baterako bizilekua daukien” personak, “etxebizitza ez-seguruan” bizi diran personak eta “etxebizitza desegokian” bizi diran personak.

Etxerik bako personei arretea emoteko sistema Zorroaren ganeko Dekretuan dago garatuta, eta eskumen-maila desbardinak ezarten ditu. Laespadak gogora ekarri dauenez, Aldundia bizilekurik ezaz arduratzen da, personak gizarte-bazterketako aurretiazko balorazino bat egin dauenean, 51 adierazle horreek barne hartzen dituan diagnostiko bat aplikatuz. Horren harira, Laespadak esan dau “Aldundiko zerbitzu sozialen erabiltzaile bakar bat be ez dala kalean bizi”.

Laespadak zehaztu dauenez, “5 protokolo” desbardin dagoz euskal administrazinoen artean. Azkenengoa eta barriena Bilboko erroldatzeen kudeaketea malgutzeagaz zerikusia dauena da, udaletako gizarte-zerbitzuen lanaren gorakadea arintzeko. Diputatuak azaldu dauenez, bere sailak “bere gain hartu dau” Aldundiaren mendeko zerbitzuak behar dituen personen erroldatzeen kudeaketea, horreen “sarrerako atea” erroldatzea dalako.

Izaskun Duque EH bilduko batzordekideak, egoitza-inklusinorako eta etxerik bako personen aldeko Bestebi plataformak egindako deia ekarri dau gogora; izan be, “heriotza bat dagon bakotxean”, “beharrezkoa da gizarte-zerbitzuen zorroa benetan garatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan etxebakotasuna Desagertuarazoteko Euskal Estrategia eguneratzea eta aktibetea, estrategia hori derrigorrezkoa dalako udalerri guztientzat, eta, kalean hilten dan personarik egon ez daiten aurrekontua dauka. “Oso gai garrantzitsua” da, 2021ean amaitu zalako arazo horren aurreko egungo estrategia.

HOTELETIK BATZARRETARA

Bileraren hasieran, Begoña Gil Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun batzordeburuak gogorarazo dau gaur 25 urte bete dirala gaurko batzordea egin dan egoitza administratiboa inaugurau zanetik. 1996ko maiatzaren 13an amaitu zan Excelsior hotelaren zaharbarritzea, Batzarretako egoitzea bihurtzeko. Efemeride hori “gogorarazotea ona da”, izan be, denpora horretan "jente asko igaro da bertatik" –batzordekideak, beharginak, Aldundiko kideak–, eta "lurralde hau garatzen eta bizkaitarren bizitza hobetzen lagundu dau".