BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN GANEKO ERAKUSKETA IBILTARIA GETXORA HELDU DA, ERAKUNDE HORREN GARRANTZIA ZABALTZEN JARRAITZEKO
- “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea gaur goizean edegi da Algortako Geltoki plazan, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzarretako Lehendakaria eta Amaia Agirre Muñoa Getxoko alkatea.
- Erakusketea Bizkaiko udalerri horretan egongo da maiatza osoan, eta, bertatik, ekainaren 3an, Portugaletera joango da.
(Getxon, 2021eko maiatzaren 7an). Ana Otadui Biteri, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, eta Amaia Agirre Muñoa, Getxoko alkatea, izan dira herri horretako Geltoki plazan egin dan “Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketaren inaugurazino-ekitaldiko buru. Erakusketa ibiltaria Bilboko erdigunetik eskumaldeko bihotzera doa, XIV. mendetik aurrera lurraldeko gorabehera nagusien protagonista eta lekuko eta Europako lehenengo sistema parlamentario eta demokratikoetako bat izan dan erakunde baten garrantzi historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa emoteko.
“Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea formatu handiko 12 panelek osatzen dabe, eta erakunde parlamentario moduan daukan eskumen-egitura zabala azaltzen dau, eta baita batzen dauen kultur ondarea be. Erakusketan ibilbide xume bat eskaintzen da bere lau egoitzetako (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) eukietatik, Gernikako Batzarretzean zehaztasun handiagoagaz geldituz, Gernikako Arbolea demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloaren babeslekua dalako.
Erakusketaren berrinaugurazinoan, Ana Otadui Biterik azpimarratu dau Batzar Nagusiak “XXI. mendeko legebiltzarra” dirala, “bizkorra, dinamikoa eta ordezkatzen dituan herritarrakaz etenbarik komuniketan dana”. Hori horrela izanda, “ez dogu ahaztu behar gure sistema demokratikoak Erdi Aroan dituala sustraiak”, eta horrek Legebiltzar honi “modernidade eta tradizino” kutsu berezia emoten deutsola. Batzar Nagusietan Bizkaiko herritarrei “oso gertutik” eragiten deutseen erabagiak hartzen dira, “horregaitik, gure helburua bertan egiten dan lana hobeto ezagutarazotea da”. Egiteko hori ez da Parlamentuaren funtzinoak erakustera mugatzen, “harago doa”; izan be, “ondare aberatsaren” ikuspegi orokorra jasoten dau, Otaduik gogorarazo dauenez, “bizkaitar guztien ondarea dalako”.
Beste alde batetik, Amaia Agirre Muñoa Getxoko alkateak azpimarratu dauenez, bere herritarrei eragiten deutsen politika “asko” erakunde horretan hartzen dira, “parekorik ez daukan erreferentea da, Bizkairen, Euskadiren eta Getxoren garapena bermatzen dau” eta “personen eta herrialdearen ongizatea bermatzeko oinarria da. Gure egunerokotasunaren eta Bizkaiko, Euskadiko eta Getxoko garapen sozial, ekonomiko, politiko edo kulturalaren funtsezko gaiak dira Bizkaiko Batzar Nagusietan lantzen diranak”, esan dau.
Ezin daiteke ukatu Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizino historiko handia daukiela. Tradizino horren jatorria Erdi Aroa baino lehenagoko garaietan dago, eta, logikoa danez, Gernikako Batzarretxea eregi baino lehenagoko garaietan. Otaduik gogorarazo dauenez, Bizkaiko Parlamentua Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat izatea “askotan oharkabean pasetan da herritarrentzat”, eta, hori dala eta, Batzarretako Lehendakaritzak erakundea bere lau “hormetatik” –egoitzetatik– ateratea erabagi dau, Bizkain zehar ibili daiten, testuakaz eta irudiakaz erakundearen balio historiko aberatsa eta lurralde historikoko herritarren ordezkaritza- eta partaidetza-organo gorenean hartzen diran erabagi garrantzitsuak erakusteko. Hurrengo helmugea Portugalete izango da. Erakusketak itsasadarra zeharkatuko dau Ezkerraldeko udalerri jentetsu horretan ekainaren 3an eta Durangaldean amaituko da garagarrilean.