Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK PLAZA BARRIAK SORTUKO DITU AURTON EGOITZETAN GAIXOTASUN MENTALA DAUKIEN PERSONENTZAT

  • 44 plaza izango dira, 25 Santurtzin eta 19 Bizkaiko “beste egoitza batzuetan”, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean aurreratu dauenez

(Bilbon, 2021eko maiatzaren 6an). EH Bilduk eskatuta, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, nahasmendu mental larria daukien personei arreta soziosanitarioa emoteko Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazino Orokorrak 2019ko abenduaren 17an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketea azaltzeko. Osasun Sailagaz lortutako akordio horren arabera (Foru Gobernu Kontsejuak martiaren 16an onartu eban aldaketea), “44 plaza” sortuko dira persona horreentzat. Horretarako, aurton “775.000” euro eta 2022an “900.000” “gehitu” beharko jakez aurrekontuei, Murillok baieztu dauenez.

Aldundiak “25” plaza erreserbau ditu Santurtziko egoitzan (Itsasoko Etxea). Horreetatik “12 erabilten ari dira daborduko”, eta beste “19” aurton bertan sortuko dira, oraindino zehazteko dagozan zentroetan, baina Uribeko eskualdeak lehentasuna izango dau, gaur egun “plaza bakar bat be” ez daukalako.

Izaskun Duque EH Bilduko ordezkariaren ustez, bere taldeak idatziz jasotako erantzun batean azaltzen danez, planteautako plazak “gitxi” dira. Erantzun horretan oinarrituta, Bizkaian nahasmendu mentala daukien personentzako itxarote-zerrenda “75 personakoa da laguntzako etxebizitzetan” eta “123koa egoitzetan”. Duquek “ahalegin handiagoa” eskatu dau, eta egoitzetako plazak eskuratzeko itxaronaldia kritikau dau, “hainbat hilebetetakoa” dalako.

Murillok azaldu dauenez, Osasun Sailagaz lortutako akordioa “aurrerapausua” da, eta Bizkaian gaixotasun mentala daukien personentzako zainketen egitura zelan geratzen dan argitu gura izan dau. “Guztira”, 827 plaza izango dira, “435” eguneko arretan eta “392” egoitzetan. Horrez gain, azaldu dauenez, “ez dira itxarote-zerrendak, esleipenaren zain dagozan personak baino”; izan be, “batzuetan” plaza beharrei ez erantzuteko errazoia, eskatzaileak berak ez onartzea da, “hainbat errazoirengaitik”. Horren harira, Murillok datu bat emon dau: batez beste “56 egun” behar dirala mendekotasuna baloretako.

SAVI PROGRAMEA

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak galdetuta, Sergio Murillok Fekoorrek kudeatzen dauen Bizitza Independenteari Laguntzeko Zerbitzuaren (SAVI) iragana, oraina eta etorkizuna errepasau ditu. Zerbitzu horrek Laguntza Pertsonaleko Prestazino Ekonomikoaren (LPPE) laguntza-orduak, bizitza independentea benetan gauzatzeko laguntza pertsonaleko orduakaz osatzeko aukerea emoten dau.

240.000 euroko diru-laguntza izendunari esker 2014an hasitako programa “esperimental” horrek (diru-laguntza hori orain 590.000 eurokoa da), bost urtetan (2014-2019) bizitza independentea izaten laguntzeko “6 personari” laguntzetik, “ia ehun personari” laguntzera pasau da. Murillok proiektu “barritzaile eta esperimental” hau aktibetako diru laguntzea defendidu dau, Gizarte Zerbitzuen Legeak jasoten dauen moduan.

Hori bai, epe laburrean aldaketak egongo dira. Sailak hirugarren sektoreagaz batera egin dauen eta laster argitaratuko dan desgaitasunaren ebaluazino “bateratuaren” txosten batean oinarrituta, bizitza independenteari laguntzeko zerbitzu horreek “2023a baino lehen” finkatzearen, egonkortzearen eta hedatzearen alde egiten da. Aurreikusten dan ekintza-planaren helburu estrategikoetako bat “zerbitzuen ezarpenean aurrera egitea” da, profilak, ibilbideak, etorkizuneko zerbitzu-eredua eta egituratu beharko diran prestazinoak eta baliabideak mahai bateratu baten bidez definiduteko.

“Kritika konstruktiboa” eginez, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu “proiektua finkatzearen” alde agertu dira, proiektu aitzindariaren seilu hori atzean izteko eta “baliabide gehiago” jarteko. Foru Gobernua babesten daben taldeek, bost urteko hausnarketaren ostean, zerbitzu horreek “sendotzeko eta hobetzeko” “unea” iritsi dala uste dabe.

BAZTERTUTAKO PROPOSAMENA

Azkenik, Gizarte Ekintzako batzordeak atzera bota dau EH Bilduren arauz besteko proposamen bat, kontrako 9 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta aldeko 5 botogaz (koalizino abertzaleak eta Elkarrekin Bizkaiak batutakoak). Proposamen horrek ikerketa bat egiteko eskatzen eutsan Aldundiari Bizkaian “6 egoitza” kudeatzen dituan DomusVi enpresaren eta Bizkaiko ehorztetxeen arteko ezkutuko akordioen inguruan. Akordio horren bidez, hildako persona bakotxeko “700 euroko” komisinoa eskaintzen zan, Izaskun Duque batzarkideak komunikabide digital baten iturriak aitatuta azaldu dauenez. Foru Gobernua eusten daben talde biek ekimena atzera bota dabe, “Aldundiko ikuskaritza eta kontrol zerbitzuen eginkizunen artean ez dagolako lan hori egitea”, eta bai, barriz, Fiskaltzaren edo Lehiaren Euskal Agintaritzaren eginkizunetan. Gizarte Ekintza Saila “gizarte-zerbitzuen araudiaren urraketeagaz” zerikusia daukien gaietara mugatzen da.