Aurreko Albisteak

OGASUNAK 1.598 PERSONARI EMAN DEUTSE AURREZ-AURREKO ARRETA ERRENTA-KANPAINEA HASI ZANETIK, ETA 765 KEXA JASO DITU

  • Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egin dauen Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuari zergadunari arretea emoteko eredua barriro aztertzeko eskatu deutso oposizinoak, “eskatzen daben persona guztiei” aurrez aurreko hitzordua bermatzeko.

  • Ogasunean “behar daben persona guztiei” aurrez-aurreko hitzorduak bermatzen jakezala ziurtatu dau diputatuak.

  • Iruarrizaga errenta-eredu barriaren alde agertu da, eta teknikariak programa “fintzen” ari dirala ziurtatu dau, “persona guztiak eroso sentidu daitezan”.

(Bilbon, 2021eko maiatzaren 5ean). Jose Maria Iruarrizaga Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, Talde Berezia-PPBk eskatuta, Batzarretako oposizinoko taldeek egindako galderei erantzuteko. Galdera horreek, talde horreen esanetan 2020ko Errentaren Kanpainea sortzen ari dan kudeaketa arloko “kaosaren” ingurukoak izan dira. Bere berbaldian, Foru Ogasuneko arduradunak, kanpainaren azken datu “errealak eta objektiboak” jasoten dituan “ikutu eta iragazki bako argazkia” erakutsi dau. Gaur egun, jadanik aurkeztu diren “244.348” aitorpen bialdu dira eginda, igaz baino “% 50 gehiago”, eta “143.000” zergadunen artean “153 milioi” euro itzuli dira, 7 eguneko epean, gehienez be. Ganera, Ogasunak “227.254 personari” emon deutse arretea telefonoz, aurreko kanpainako zifrak “bikoiztuz”, eta aurrez-aurre “1.598 personari”, hau da, “eskatu daben persona guztiei”. Modu fisikoan “128” errenta aitorpen egin dira eta “765 kexa” jaso dira.

Iruarrizagak barriro onartu ditu, apirilaren 27an eta egun bat geroago prentsaurrekoan egin eban moduan, gutunak bialtzean eta webgunean egin diran eta kasu “jakin batzuetan” eragina euki daben akatsak. Bialdutako zirriborroen bolumen osoaren “% 3” izan dira, eta arazo horreek “konpontzen joan dira”. Diputatuak ziurtatu dauenez, Ogasun Sailak egindako “akats bakar batek be ez dau zergadunik kaltetuko”, “ofizioz jardungo dogulako”. Akatsek “min” egiten dabe barruan, “persona askoren lan handia” dagolako atzean. Dana dala, sistemea “fintzen” ari da, “persona guztiak eroso sentidu daitezan”.

Amaya Fernandez Talde Berezia-PPBko bozeroalearen eretxiz, “arazoa ez da eredua, kudeaketea baino”. Diputatuak “gitxietsi” egin gura izan ditu bere eretxiz ezaugarri nagusi “kaosa, nahasmena, segurtasun faltea edo nazkea” izan dituan kanpainaren akatsak, eta “kontsultau, kontrastau eta esperimentau bako” eredu bat jarri dau mahai gainean. “Haserrea” herritarrengana iritsi da, batez be “ordenagailurik edo Internetik ez daukienengana” eta aholkulari fiskalengana. Giro horretan, eta “inork erantzukizunik hartu ez izana” deitoratu ostean, errenta aitorpena errazteko “6 soluzino” apliketea eskatu dau: aurrez-aurreko arretea berreskuratzea, aitorpena aurkezteko epea luzatzea, banketxeak barriro sistema horretan sartzea, sistema barria ezarteko araubide misto iragankor bat ezartea, itzultzeko epea arintzea eta zerga-aholkulariak kontratetako kostua dala eta 2021eko errentarako kenkari bat sartzea baloretea.

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, bere aldetik, oposizinoko taldeei eta herritarrei “entzuteko” eskatu deutso Aldundiari, “ereduagaz ados ez dagon” gizartearen zati horri erantzuteko; izan be, aurrez-aurreko arretarik ez dagonez, zergadunak zerga-aholkulariengana jo behar dau, “inoiz ez dabe hainbeste bezerorik izan”. Erantzuten ez diran deien inguruan azalpenak emoteko eskatu deutso diputatuari. Guztizkoaren “% 15,76”, erantzun dau Iruarrizagak. PPk egin dauen moduan, alderdi moreak be, zerga aholkulari batengana joateagaitik sortutako gastuei aurre egiteko kenkariak Ogasunak bere gain hartzea eskatu dau. Horri jagokonez, diputatuak esan dau hori araudia aldatuta egin behar dala, eta hori “Batzar Nagusien eskumena da”.

Arantza Urkaregik bat egin dau “preminazko” neurri zuzentzaileak eskatzen dituen ahotsakaz, batez be, “halan eskatzen daben persona guztiei” aurrez-aurreko hitzordua “bermatzeko”. EH Bilduko batzordekidearen eretxiz, errentaren kanpainako akats horreek “gobernetako modu bat zalantzan jarten dabe. Gauzak dekretuz egitea, herritarren eta oposizinoko taldeen gomendioak kontuan hartu barik”.

Iruarrizagak “koherentzia” eskatu deutse oposizinoko taldeei; izan be, batetik, jente aurreko arretea indartzea eskatzen dabe, eta, bestetik, Aurrekontuen tramitazinoan bere saileko Kontuen aurrean zuzenketa-eskeak eskatzen ditue, arreta hori emoten daben Lantik eta Zugaztel foru soziedadeei zuzendutako partidak murrizteko.

Beste alde batetik, Foru Gobernua eusten daben taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) ukatu egin dabe kanpainea kaosa danik. “Zuzentzen joan diran akatsak dira”, esan dau Jose Alberto Alvarez Castrejon sozialistak. Zentzu horretan, Unai Lerma jeltzaleak akatsak onartu ditu, baina “aldaketa guztiek errezeloak” sortzen dituela ganeratu dau. Berarentzat garrantzitsuena “zuzentzen joatea” da. Amaitzeko, arazo horreek “handiagotzea” eta kanpaina kaotikotzat jotea arpegiratu deutso oposizinoari. “Ez deutso errealidadeari erantzuten”, esan dau.

Beste alde batetik, aldi baterako enpleo-erregulazinoko espedienteei lotutako prestazinoen onuradunentzako PFEZaren aitorpenetik eratorritako zerga-zorra ordaintzeko ezohiko zatikapenaren inguruan EH Bilduk egindako erantzun-eskeari erantzunez, Iruarrizagak gogorarazo dau foru dekretu baten bidez krisi ekonomikoa pairatzen ari diran personei laguntzeko aldaketak onartu dituala Aldundiak. 20.000 eurotik gorako zerga-oinarria daukien zergadunek Ogasunari epe bitan (garagarrilean eta zemendian) ordaindu ahal izango deutsiela gogorarazo dau. Ganera, ez ordaintzeko oinarria igon egin da, 14.000 eurorainoko diru-sarrerak dituen zergadunentzat (lehen 12.000 eurorainoko diru-sarrerak ziran). Eta ordaintzaile bi edo gehiago izan ezkero, 20.000 eurora arte. Koalizino abertzaleak Ogasunari ordaintzeko “sei epe” ezartea eskatzen eutsan, Espainiako Agencia Tributaria izenekoak egin dauen moduan.