Aurreko Albisteak

BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK BIZKAIKO GIZARTE LANEKO ELKARGO OFIZIALA HARTU DAU GERNIKAN

  • Bizkaiko 1.100 elkargokide ordezkatzen dituan elkargo ofizial honetako ordezkaritza batek Gernikako Batzarretxea bisitau dau.

(Gernikan, 2021eko maiatzaren 5ean). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Bizkaiko Gizarte Laneko Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordearen eta beharginen ordezkariak hartu ditu gaur Gernikako Batzarretxean. Ordezkaritza horren buru Elixabete Domínguez Gabas presidentea izan da. Bere ia 40 urteetan, Bizkaiko 1.100 elkargokide ordezkatzen dituan alkarte honek Bizkaiko Batzarren egoitzara bisita ofiziala egiten dauen lehen aldia da.

Bizkaiko ordezkaritzak interes berezia agertu dau, Europako parlamenturik zaharrenetakotzat hartzen dan Batzar Nagusien egoitzea ezagutzeko. Batzar Nagusietako lehendakariak lagunduta, guztiz emakumez osatuta egon dan Elkargoaren ordezkaritza zabalak Batzarretako egoitzako gune nagusiak bisitau ditu.

Batzarretako lehendakariak ohore handiz hartu gura izan dau Elkargoa, “Orain ia lau hamarkadatik egiten ari dan lana eta esfortzua balioesteko”, lan sozialak “gure gizartearentzat funtsezko zeregina” beteten dauelako. Otaduik behargin horreek “egoera zaurgarrienean dagozan” personakaz egunero egiten daben lana goraipatu dau, eta baita Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren printzipioak betearazoteko daukien konpromisoa be, “personen aldaketea eta garapen soziala bilatzen daben gizarteko eragile aktibo moduan”.

Batzarretako lehendakariak azpimarratu dauenez, lan sozialaren lanbidea “beti” egon da emakumeei lotuta, baina “apurka-apurka gizonezko beharginei ateak edegiten ari da eta pozten naz horregaitik. Izan be, gizarte-esparrua ez da beti emakumeakaz identifikau behar. Aldaketa soziala guztion kontua da, baita zuen lanbidean be”, esan deutse.

Bizkaiko Batzarren atarian txistulari batek hartu dau ordezkaritzea, eta segizioa Batzarretxearen kanpoaldetik gidatu dau. Zugatz Zaharrean eta Gernikako Arbolan gelditu dira, eta dantzari bikote batek “aurreskua” dantzatu deutse. Horren ostean, segizioa Osoko Bilkuren Aretoan eta Beiratearen Aretoan sartu da. Eta ohikoa dan moduan, Gernikako Batzarretako Ohorezko Liburuan sinatuta eta haretxaren aurrean familiako argazkia aterata amaitu da harrera ekitaldia.