Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO ERAKUSKETA ARETOAK "BOOGITY SHU" AURKEZTUKO DAU, INTZA ARAKISTAIN LOPETEGIREN ETA SARA AYESA RUIZEN LANAKAZ

  • Erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Leioako Arte Ederren Fakultadeak EHUren Bizkaiko campusean trebatutako artistei bultzada bat emoteko sinatutako hitzarmenaren barruan dago.

  • Maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.

(Bilbon, 2021eko maiatzaren 4an). Maiatzean zehar Intza Arakistain Lopetegi eta Sara Ayesa Ruiz artisten “Boogity shu” erakusketea zabalik egongo da Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan. Erakusketak EHUko Arte Ederren Fakultadeko Pintura Masterrean egindako lana islatzen daben hamabost margolan batzen ditu.

Erakusketaren aurkezpenean azaldu dabenez, aukeratutako izenburua, beste persona batenganako maitasuna adierazteko “Boogity shu”, “Ramalama din don” eta “Dip dirip” moduko berbak erabilten dituan Barry Mannen “Who put the bomb” abestitik atera dabe, “antza ohiko berbak ez diralako nahiko”. Adierazteko modu “dibertigarri eta zoragarri” hori, erakusketan Isabel Calderón gidoilariak bikotekide ohiari “amorrua eta gorrotoa umorean oinarrituta adierazoz” deitzeko daukan moduagaz kontrajarten da. Adierazoteko bi modu horreek pinturagaz lotuz, Arakistain eta Ayesa euren deseoari formea emoten saiatu dira “modu propio eta berezian, egiteko modu barriak etenbarik bilatuz” eta “existiduten danagaz batzuetan ez dogulako lortzen transmitidu gura dogun horretara behar beste hurbiltzea”.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, artistakaz, Damaris Pan EHUko irakasleagaz eta Mahaiko kideakaz batera, adierazo dau “ohorea” dala “euskal artisten belaunaldi barrien sorkuntza-lanak zabaltzea” eta “talentu handiko” gazteen karreren hastapenaren parte izatea. Oraingoan, Intza Arakistainek eta Sara Ayesak “kolore askoko” koktela eskaintzen deuskue, “deseotik jaiotzen dan” erakusketa moltsoa, hain zuzen be.

Erakusketea Bizkaiko Batzarrek EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz orain hamarkada batetik daukan akordioaren parte da, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko. Batzar Nagusiek uriaren erdigunean daukien erakusketa aretoa lagatzen dabe, lana Bizkaiko ikusleengana errazago gerturatzeko. “Boogity shu” erakusketea maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea izango da.

Lotutako artxiboak: