Aurreko Albisteak

FORU ALDUNDIAK "ALTERNATIBA DESBARDINEN" ARTEKO AUKERAKETEA EGINGO DAU LA AVANZADAKO ESTALKIA LUZATZEKO LANETARAKO

  • Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak esan dauenez, “uda igaro arte” ez dira alternatibak zehaztuko Sener prestatzen ari dan aurrerapen dokumentu batean.

  • Haserako planteamentua estaldutako tartea “aho bakotxetik 90 metro luzatzea” zan.

  • Pradalesek Gurutzetako Trukagunea arintzeko proiektuaren barri emon deutse Batzarretako taldeei; obra horreek “udagoienean” hasiko dira, Kukularrako lanak amaitu ostean.

(Bilbon, 2021eko maiatzaren 3an). Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, EH Bilduk eskatuta, La Avanzadako tunela egokitzeko proiektuaren inguruko azken barriak emoteko. Diputatuak baieztu dauenez, urrian lurperatze proiektua idazten hasi zan enpresak “uda ostean” hainbat “alternatiba” aurkeztuko ditu, egunean 115.000 ibilgailu igaroten diran errepide horren zati estaldua Leioa parean luzatzeko.

Batzarretako EH Bildu taldeak errepide horretan aurreikusitako faseak, epeak eta, batez be, aldaketak azaltzeko eskatu eutson Pradalesi, proiektuaren hainbat gai aztertzeko Saila Leioa Martxan plataformako kideakaz batu ostean. Raul Mendez batzordekidearen esanetan, bere taldea Leioa parean La Avanzada “guztiz lurperatzearen” alde dago.

Diputatuak ezin izan dau La Avanzadako obraren ganeko xehetasunik emon, izan be, Sener enpresa esleipenduna “aurrerapeneko dokumentuan” “beharrean” ari da, proiektuak “eragin akustikoa murrizteko eta sortuko leuken hesi efektua ezabatzeko” balio behar dauelako. Tunelen araudira be egokitu beharko da. “Urrian” daborduko, estaldutako zatia luzatzeko aukera “posibleak eta bideragarriak” egongo dira mahai ganean. Hasera batean “aho bakotxetik 90 metro” proponidu zirala, gogoratuazo dau, eta horrek lurperatutako zatia “800 metrotan” luzatuko leukela. Alternatiba onena aukeratzeko orduan erespide “bakarra” egongo da, “alde on” jakin batzuk konbinauko dituana, hau da, “gizarteak gura dauena, ingurumena errespetauko dauena, teknikaren aldetik egingarria, funtzionaltasunari jagokonez segurua eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarria”, Pradalesen esanetan.

Proiektua eta alternatibak aurkeztu ostean, obrak hasteko hainbat izapide egin beharko dira, horreen artean, eraikuntza-proiektua eta obrak hasteko lizitazino-prozesua onartzea. Horrek guztiak “beste urtebete bat” beharko dau. Denpora horri jagokozan aurrekontu-partidak izateko sailak beharko dauena gehitu beharko jako; horregaitik, proiektuaren “atariko fasean” gagozala oraindino azpimarratu dau Pradalesek.

GURUTZETAKO TRUKAGUNEA

Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak beste agerraldi bat egin dau, oraingoan Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Gurutzetako trukagunean trafikoa arintzeko proiektua azaltzeko, orain BI-637 errepidea dan BI 30 zaharreko Gurutzeta-Errontegi tartean. Azaldu dauenez, Aldundiak 6.946.254 euroko (BEZ barne) lizitazino prozesua hasi dau, eta horri esker, egunean 250.000 ibilgailu igaroten diran korapilo horretako trafiko pilaketea arindu egingo da. Lanek eragindako tartetik “80.000” ibilgailu igaroten dira.

Diputatuak iragarri dauenez, Barakaldoko urteeraren ondoan autobideak egiten dauen txirikordea hiru erreitik laura zabaltzea aurreikusten dau jarduketak, eta lanak “udagoienean” hasiko dira, une honetan Kukularran, ahalmen handiko foru sareko beste puntu arazotsu batean, egiten ari diran lanak amaitu ostean. Guztira, galtzadako 1.200 metroko luzeran jardutea aurreikusten da.

Imanol Pradalesek azpimarratu dauenez, Kukularrako eta Errontegiko jarduketen helburua “denporea irabaztea” da, 2028an, Lamiakoko ibai azpiko errepideagaz, gune metropolitarrean izaten diran auto-ilarei aurre egiteko urtenbide integrala martxan jarri arte. “Egia da trafikoak behera egin dauela Covida dala eta, eta ez gara saturazino maila gorenera heldu, baina 2019an, Gurutzetako eta Kukularrako ingurune horretan jarduten ez bagendun, daborduko ikusten ari ginan saturazino eta kongestino iraunkorreko oso mehatxu errealari aurre egin behar geuntsan”, esan dau.

Oposizinoak gogor kritikau dau Aldundiak proiektu horreek Bizkaiko Batzarretan lehenago aurkeztu ez izana, eta “komunikabideen bidez ezagutu izana”, esan dau Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaiko batzordekideak; izan be, Gurutzetan proponidutako soluzinoak “anbizino gitxi” dauka eta Bizkaia “asfalto gehiagoz beteten jarraitzea” dakar. Bere taldeak automobilak errepideetatik aterateko beste bide batzuk proponidu ditu: garraio publikoa erakargarriagoa egitea eta telelana sustatzea, joan-etorri pribaduak murrizteko. Beste alde batetik, EH Bilduk eta Talde Bereziak “Supersur” izenekoaren erabilerea “barriro pentsetea” proponidu dabe, Txorierriko korridoreko eta A-8 autobideko trafikoak arintzeko.