HERRITARREN ARRETA HOBETZEKO BIDEO-DEIA ERABILTZEA AZTERTZEN ARI DA FORU ALDUNDIA
- Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako Saileko diputatu barriak, legegintzaldian geratzen diren bi urteetarako bere sailak dituan lehentasunak azaldu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan
- Bere sailak batzorde paritario bat sortuko dau Eudelegaz, udal-finantzaketaren ganeko araudia barrikusteko, arreta-bulego barri bat edegiko dau Balmasedan, eta 80 plaza publiko barri sortuko ditu aurton.
- Aldundiak zero intereseko 60 milioiko kreditu-lerroa edegiko dau, udalek mobikortasun iraunkorrari, digitalizazinoari, energiari eta trantsizino soziosanitarioari lotutako proiektuetan inbertidu ahal izan daien.
- Oposizinoak ez dau “barritasunik” ikusten iragarki horreetan.
(Bilbon, 2021eko apirilaren 29an). Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako Saileko diputatu barriak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, legegintzaldian geratzen diran bi urteetarako bere sailak dituan “lehentasunak” azaltzeko. Bere berbaldian, Ibone Bengoetxearen ordezkoak eskerrak emon deutsaz sei urteko lanarengaitik, eta bere erronketako bat foru administrazinoaren profil digitala eta inklusiboa hobetzea izango dala azaldu deutse Batzarretako taldeei, zerbitzu batzuk hobetuz, herritarren arretea, besteak beste. Arreta hori hobetzeko “zutabeen” artean bideo-deia eta 32.000 personari baino gehiagori aurrez aurreko zerbitzua eskaintzeko Balmasedan denpora gitxi barru edegiko dan Gertu bulego barria aitatu ditu.
Etxanobek bost erronka nagusigaz hartu dau Bengoetxearen lekukoa: udalakazko hartu-emonak hobetzea, administrazino digital eta inklusiboaren digitalizazinoan aurrera egitea, barne-antolaketa hobetzea, Europako Funtsak jasoteko prestetea eta beste zerbitzu publiko batzuen hobekuntzan aurrera egitea.
Lehentasun horreek antolamendu-egitura beragaz gauzatuko dira, baina zuzendaritza batzuen egitekoetan aldaketak sartuz. Horreetako bat udalakazko hartu-emonetan oinarrituko da. Atal horretan, diputatuak iragarri dau “batzorde paritarioa” sortuko dala Eudelegaz batera, udal finantzaketaren errebisinoan aurrera egiteko, Bizkaiko Batzar Nagusien agindua betez. Prozesuak Toki Ogasunen Foru Arauaren etorkizuneko proiektua ekarriko dau. Puntu horretan, 112 udalerriek 60 milioi euroko kreditu-lerroa izango dabe aurton (gehienez 500.000 euro toki-erakunde bakotxeko), “zero” interesagaz, trantsizino digitalean, energetikoan, sozio-sanitarioan eta mobikortasun jasangarrian inbertsinoak egiteko.
Sailaren beste erronka bat, 2023ko bagila baino lehen Internet Bizkaiko txoko guztietara eroatea izango da. Aldundia “daborduko” hasi da zuntzik ez daukien etxebizitzetara 300 megako abiadurak eroaten. Datozan urteetan, etxebizitzen % 97,3ra helduko da estaldura hori. Ganerakoa –% 2,7– 5G teknologia iristen danean lortuko da. Bizkaitikek, bere aldetik, udalei “soluzino teknologikoak” eskaintzen jarraituko dau, batez be inbertsinoak egiteko ahalmen handirik ez daukien udalerri txiki eta ertainei.
Barruko mailan, sailak digitalizazinoa bizkortu gura dau, Administrazino “digitala eta inklusiboa” lortzeko. Ildo horretan, Etxanoberen sailak aurrerapen handiak egingo ditu herritarrentzako arretan, “kanal anitzeko zerbitzuen” bidez, telefono bidezko arretea indartzeko, eta bideo-deia sartzeko aukerea be aztertuko da. Aurrez aurreko arretea be indartu egingo da, 30.000 personari baino gehiagori arretea emon ahal izango deutsen Gertu bulego bat “laster” edegiko dalako Balmasedan.
Esparru teknologiko berean, Aldundiak “Datuaren Estatutua” landuko dau, erabiltzaileak Administrazinoagaz daukan esperientzia “hobetzeko”. Helburuen artean, jenteari arretea emoteko telefono-zenbaki bakarra ezartea egongo da. Modu berean, Sailak CRM plataforma ezarriko dau eta Goutech laborategia sortuko dau kanpoko eragileakaz batera prozesu digitalak hobetzeko. Eta Open Datak beste administrazino batzuetatik “bereiztea” be bilatuko da.
Giza kapitalari jagokonez, sailak eskaintza publiko bat jarri ahal izango dau martxan, aurton “80 persona” kontratetako, eta 5 plaza publiko desgaitasunen bat edo aniztasun funtzionala daukien personentzat. Aldundiak enpleo publikoaren eredu barria diseinauko dau, beharginen zahartze progresiboan pentsauta, “beharginen % 51 50 urtetik gorakoa dalako”. Arlo horretan, aurrera egingo da belaunaldien arteko erreleboan, ezagutzaren, trebakuntzaren eta prestakuntzaren transferentzian, talentua erakartean eta laneko osasunean.
Europako Funtsei jagokenez, Etxanobek baieztu dau Bizkaiak aurkeztu dituan eta “edozelan be gauzatu egingo diran” 25 proiektuak bizkortzea ahalbidetuko dauela.
Sailak kudeatzen dituan zerbitzuei jagokenez, diputatuak esan dau gaur egun Mendi Zerbitzuan erabilgarri dagon Bizkaia Prest eredua zabaltzen jarraituko dauela, foru larrialdi zerbitzuak “nazinoarteko erreferentzia” bihurtzeko. Modu berean, ibilgailuen flota hobetzen jarraituko da, eta “urte amaieran” une honetan obratan dagozan Zallako eta Arratzuko parkeak entregauko dira.
BATZARRETAKO TALDEAK
Batzarretako taldeen txandan, EH Bilduk hartu dau berbea lehenengo, izan be, diputatuaren agerraldia eskatuta euki dau, ibilbide orrian izan daitekezan aldaketak ezagutzeko. Arantza Urkaregi talde horretako batzordekideak udalakazko hartu-emon barria zelangoa izango dan jakin gura izan dau, udal-finantzaketan, enpleo publikoaren politikan, gobernantza-ereduan eta Bardintasunerako foru-arauaren aplikazinoan aurrera egiteko. Etxebesteri entzun ostean, koalizino abertzaleko ordezkariak “berbetatik ekintzetara pasetako” eskatu dau, baina aurretik belarritik tira egin deutso sailari, programa informatiko batzuetan elebitasuna ez bermatzeagaitik. Eta negoziazino kolektiboari barriro ekiteko eskatu dau.
Talde Berezia-PPB eta Elkarrekin Bizkaia taldeek adierazi dabenez, linea barriak ez dau “barritasun handirik, ezta txikirik” eskaintzen. “Lehendik egozan helburuak dira”, esan dau Amaya Fernandez popularrak, eta alkate ohi jeltzale bat sailean sartuko ete dan eta Aldundiko beharginen parte bat Bizkaia torrera joan beharko dan be galdetu dau.
Beste alde batetik, Eneritz de Madariaga talde moreko bozeroaleak be ez dau “aldaketa handiegirik” ikusi, bakarra, Covidera egokitu izana, herritarrei erantzuteko. “Kezkatuta” agertu da prestakuntzarako “garrantzi handia” daukien elementuengaitik, herritarrentzat, beharginentzat edo goi-kargudunentzat dagozan abiadura eta betebehar desbardinengaitik, adibidez, “oso altua” lehenengoen kasuan eta “bajuagoa” beste bi kolektiboentzat. Horrez gain, Agenda 2030 apliketearen eta Bardintasun Araua betetearen ganeko interesa agertu dau.
Foru Gobernua babesten daben talde biek babestu egin dabe sailaren ibilbide orria, baina “180 graduko bira” egitea ezinezkoa zala onartu dabe, Gobernu akordioa bete behar dalako. Juan Otermin bozeroale sozialistak, pandemiak bizkortu dauen “erritmo aldaketa” dala uste dau. Eta udalentzako kreditu-lerroa eta 80 persona kontratetako iragarpena nabarmendu ditu.
Modu berean, Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak erronkek bere taldearen “babes leiala” izango dabela baieztu dau. Esan dauenez, ezarritako helburuek ez daukie alde handirik legealdi hasieran iragarritakoakaz, eta ez dabe udalakazko hartu-emonean “atzerapausorik erakusten”. Bizkaiko Batzar Nagusiek aginduta, udal finantzaketaren barrikuspenean aurrera egiteko “mahai paritario” batean horreek ordezkaritza izango dabela azpimarratu dau.