EKARPENEN LEGE BARRIAN "ANTZEKO" BANAKETA SISTEMEAGAZ JARRAITZEAREN ALDE EGITEN DAU ALDUNDIAK
- Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak “funtzionetan” dauen eta herritarrei “kalidadeko zerbitzu publikoak” emotea ahalbidetu dauen eredua defendidu dau Bizkaiko Batzar Nagusietako kontrolerako saioan.
- Bizkaiko Batzarrek Burkina Fason hil dituen David Beriain kazetariaren eta Roberto Fraile argazkilari bizkaitarraren ganeko erakunde-adierazpena onartu dabe.
(Gernikan, 2021eko apirilaren 28an). Gernikako Batzar-Etxean kontroleko osokoa egin da gaur. Bertan oposizinoak 12 bider itaundu dau Foru Gobernua. Horreetako batean, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Aldundiaren jarrerea defendidu dau, Ekarpenen beste Lege bat aurrera aterateko etorkizunean egingo dan negoziazinoan. Bizkaiko erakundeak egungoaren “antzeko” banaketa sistemea defendiduko dau, hiru maila instituzionalen (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak) diru-sarrerak kalkuletako sisteman aldaketak eragingo dituan “beste aldagairik” ez badago.
Talde Berezia-PPBk gai horren inguruan itaundu deutso Rementeriari; izan be, Euskadin gaur egun indarrean dagon Legearen “bosturteko biko luzapena” bete da, eta udalei eta aldundiei mesede egingo deutsen euskal erakundeen baliabideen banaketa-sistemea aldatzea defendidu dau. Amaya Fernandez talde horretako bozeroalea Bizkaiak “baliabide gehiago” izatearen alde agertu da, “ekarpen gehien egiten dauen lurraldea dalako”, Eusko Jaurlaritzak jasoten dituan diru-sarrerak zehazten dituan koefiziente bertikala “% 5” jaistearen aldeko apustua eginez.
“Funtzionetan dauelako” indarrean dagon legea defendidu ostean, Rementeriak azaldu dau baliabideen banaketea EAEko Administrazinoaren hiru mailen artean Kupoaren, koefiziente bertikalaren (Eusko Jaurlaritzarentzat % 70,04koa da) eta koefiziente horizontalaren (lurralde bakotxeko errenta eta esfortzu fiskala hartzen ditu kontuan) arabera zehazten dala. Koefiziente bertikal hori % 5ean aldatu ezkero, Eusko Jaurlaritzak “750 milioi gitxiago” jasoko leukez, eta horrek eragina izan daike Bizkaiko herritarrek jasoten dituen zerbitzuetan.
Rementeriak esan dau Bizkaiaren interesak babestuko dituala Ekarpenen Lege barri bat adosteko negoziazinoetan, eta sistemaren “jasangarritasunaren printzipioa” defendiduko dauela erakunde-maila “guztientzat”. Foru Aldundiko arduradun nagusia egungoaren “antzeko” ekarpenaren alde agertu da; izan be, “azken 15 urteetan” ez dago BPGa edo lurralde bakotxaren esfortzu fiskalaren alternatibarik, funtsezko aldaketak sartzeko. Sistema “hobetu” daiteke, baina oraingoak “funtzionau egiten dau”, berretsi dau. “Danok gura dogu baliabide gehiago izatea, baina arrisku partekatuak guztion baliabideak handitzen edo murrizten ditu”, esan dau. Banatu beharreko kopuruak “datu objektibagarrietan oinarritzen dira, eta ez erespide politikoetan”.
Ahaldun Nagusia bigarrenez igo da atrilera, Talde Berezia-PPBk eskatuta, oraingoan be, eta Eurokopea San Mamesen jokatu daiten ahalegintzeko Aldundiak hartu dituan neurriak azaldu ditu. Bilbo lehiaketa horren egoitzea ez izatearen arduradun nagusia “UEFA da”, “sinatutakoa ez dauelako bete”, eta “uste dot gauza bera gertatzen dala Espainiako Futbol Federazinoagaz”. Euskal erakundeek “berbea bete dabe” eta Eurokopa gerturatzeko beharrean aritu dira, baina “erantzukizun nagusia personen osasuna beste ezeren ganetik babestea dala” ahaztu barik.
Amaya Fernandezen ustez, barriz, Eusko Jaurlaritza izan da “bizkaitarren ametsa zapuztea erabagi dauena”, baldintza “onartuezinak” planteauta. Rementeriak azaldu dauenez, “ezin ziran herritarrentzako osasun neurri batzuk eta UEFArako beste batzuk ezarri. Neurri guztiak gizarte osoarentzat eta egoera guztietarako dira”, esan dau ahaldun nagusiak, eta iraganaz ahazteko apustua egin dau, Bizkaia nazinoartean jarriko dauen beste hitzordu batean zentretako, 2023ko Frantziako Tourrean, hain zuzen be.
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura Bizkaiko basoen egoerea hobetzeko eta eukaliptoaren hedadurea mugatzeko neurrien azalpenakaz hasi da. Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu barriak gogoratuazo dau gaur egun ez dagola ustiategi pribaduek lurzoruan eragin negatiboa daukan espezie horren alde egiteko apustua eragozteko tresna juridikorik. Halanda be, eukaliptoak Euskadin daukan presentzia arautzeko Euskadiko Baso Plana tresna “egokia” izan daitekela uste dau. Aldundiak hilaren 24an batzordean iragarritako beste neurri batzuk apliketan jarraituko dau, eukaliptoa landatzea ekarriko daben mozketa sanitarioak ez finantzatzea edo beste espezie batzuk landatzeko laguntzak emotea, beste batzuen artean.
EH Bilduk eskatuta, baita be, Elixabete Etxanobe Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako diputatu izentau barria hemizikloan aritu da lehenenoz, bere sailak trantsizino digitalaren arloan dituan ildo nagusien barri emoteko, izan be, legegintzaldi honetan arlo hori “lehentasuna” izango da. Bizkairako “gobernu digital inklusiboa lortzeko” beharrean ari da Aldundia daborduko, hiru norabidetan: Aldunditik “kanporantz”, erakunde “barrurantz” eta lurraldean ekintzailetza digitalaren kulturea bultzatzera bideratutako beste ardatz batean.
Koalizino abertzaleak 2018-2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoaren ganean itaundu dau Gobernua. Raul Mendezek azaldu dauenez, “hiru urteko atzerapenagaz” aurkeztu da batzordean. Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzak “lantalde bat” sortu dau txosten horretako proposamenak aztertzeko. Txosten horrek garraioaren “argazki finkoa” erakusten dau, “une jakin batean”, eta aldaera barriak erantsi beharko jakoz, “covid faktorea”, adibidez, Javier Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak ohartuarazo dauenez; izan be, batzarkideei orain denpora gitxi emon jaken 469 orrialdeko txosten horren proposamenak, ez dira erakundeen “ondorioak”.
Beste alde batetik, diru-sarrera gehiago lortzeko Aldundiak zerga politika aldatuko ete dauen galdetuta, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak, fiskalitatea aldatu baino lehen, Bizkaiko Foru Aldundiak aurreko zerga erreforma biak ebaluetako eta GJHakaz lotuta Mariana Mazzucato eta University College London izenekoa zerga proposamenak sartzeko egiten ari diran lana kontuan hartzeko Bizkaiko Batzar Nagusiek emon eben agindua ekarri dau gogora. Pandemiak Aldundiaren planak nahastu ditu, izan be, osasun krisian zehar “horren beharra daukien personei likidezia errazteko” neurriak hartzea izan da bere helburu nagusia.
Elkarrekin Bizkaiak itaun baten bidez salatu dituan errentaren kanpainako “hutsegiteen zerrenda luzeari” jagokonez, Iruarrizagak parkamena eskatu deutse barriro herritarrei, errentaren aitorpena aurkezteko eredu barri batean gertatu diran akats “puntualengaitik”. Eredu barri horrek ia milioi bat aitorpen proposamen emon deutsez Bizkaiko zergadunen % 100eri. Diputatuak atzo emondako argudioak errepikatu ditu, izan be, mota biko gorabeherak izan dirala adierazo eban, bata gutunak sortzean, eta bestea web aplikazinoan antzeman ziran eta likidazino proposamenen “% 3ri” eragin eutsenetan.
Eneritz de Madariaga alderdi moreko bozeroaleak jente aurreko arretea azpimarratu dau. “Ez dator bat, inondik inora, diputatuak berak hartutako konpromisoagaz. Zenbat personari emoten jake arretea egunean eta zenbat dei galtzen dira?”, galdetu deutso, datuak adierazgarriak dirala egiaztau ostean: “aurrez aurreko 63 hitzordu” kanpaina honetan, eta “167.000” igaz. “Aurrez aurreko arreta jasoteko eskubidea daukagu”.
Iruarrizagak zenbakiakaz defendidu dau bere burua, eta zehaztu dau hiru astetan “186.000 aitorpen” egin dirala, % 88 webgunearen bidez eta “20.000 baino gehiago” telefonoz. Arreta sistemak, batez beste, “13.000 dei baino gehiago” jasoten ditu egunean, aurreikusten ziran 10.000 deiak baino gehiago, onartu dauenez, eta, hori dala eta, eskaera batzuei ez jake arretea emon. Iruarrizagak azaldu dauenez, Ogasunak balorazinoa egingo dau kanpainaren amaieran, hobekuntza barriak ezarteko.
Beste alde batetik, Aldundiak, Zaldibarrera bialdutako isurketen bolumenaren, barne turismoak kaltetutako udalerriei laguntzeko neurrien, ur saneamendu eta arazketa sistemetarako laguntzen, Burtzeñako parke enpresarialaren edo Bizkaiko Foru Aldundiaren ekintza politiko orokorraren ganeko ahozko beste bost erantzun-eske be erantzun ditu.
Erakunde-adierazpena
Osokoari hasierea emoteko, Ana Otadui Batzar Nagusietako Lehendakariak Erakunde-adierazpena irakurri dau, Burkina Fason David Beriain kazetari nafarra eta Roberto Fraile kameralari bizkaitarra hil dituelako albiste tragikoaren aurrean. Bizkaiko Batzar Nagusiek doluminak emon gura deutseez bihotz-bihotzetik, euren familia, adiskide eta lankideei, eta hau adierazo dabe: “Geure autormen osoa emoten deutsegu, Davidek eta Robertok lez, egunero giza eskubideen defentsan eta kazetaritza aske eta ausartaren alde lan egiten dabenei. Eurena ezinbesteko lanbidea da demokrazia guztietan, eta are beharrezkoagoa gatazkan bizi diran eremuetan. Gogoan daukaguz, era berean, euren lanbidean jarduteagaitik jazarri, mehatxatu eta hilten dituan komunikabideetako profesionalak.”