ALDUNDIAK NATURGUNEETAKO BIDEZIDORREN ESKAINTZA ZABALDUKO DAU, LEZAMAKO ETA GAZTELUGATXEKO BIDE BERDEAN JARDUKETAK EGINEZ
- Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu barria lehen aldiz agertu da Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean, bere sailaren lehentasunak azaltzeko.
- Hurrengo jarduketen artean, foru arduradunak honeek aitatu ditu: Bizkaiko Tokiko Hondakinen Plan Integrala amaitzea, baso autoktonoen aldeko apustua egitea, lurraldeko baso-ondarearen bilduma amaitzea eta lurzoru pribadua erostea, mendia barriro be espezie autoktonoakaz beteteko.
- Hondartzen hurrengo denporaldiari jagokonez, Antxustegik aurreko urteko “funtzionamentu eskemea errepikauko” dala uste dau.
(Bilbon, 2021eko apirilaren 24an). Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu barriak agerraldia egin dau gaur, lehen aldiz, Bizkaiko Batzarretan, bere sailak datozan hilebeteetarako eta legegintzaldirako dituan lehentasunak azaltzeko. Lehenengo neurrien artean, Elena Unzuetaren ordezkoak iragarri dau “datozan hilebeteetan bidezidor barriak” jarriko dituela martxan naturaz errespetuz gozetako, pandemiak “gure naturguneak gehiago balioetsi ditualako”. Bere berbaldian, proiektu bi aitatu ditu: bata, Bilbo eta Txorierri –Lezamako Bide Berdea– lotzen ebazan trenbide zaharra berreskuratzeko, eta bigarrena, Gaztelugatxeko Doniene ingurunean, aurrerago ezagutuarazoko diran “beste” proiektu batzuez gain.
Roberto Cañón eta Josu Bilbao zuzendariakaz batera, Antxustegi Bizkaiko Batzarretako Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Batzordera etorri da, bere ekimenez eta Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek eskatuta. Talde horreek ildo estrategikoak eskatu deutsiez klima-aldaketaren aurkako politiketan, nekazaritza-sektoreko politika zirkularretan, lurraldeko baso-kudeaketan, Trianoko mendietako larre-eskubidean, Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean (PRIGRUB) edo uraren kudeaketan.
Datozan hilebeteetan, Antxustegik zuzentzen dauen sailak Bizkaiko Tokiko Hondakinen Plan Integrala “amaitu” gura dau. Udalakaz bildu eta Jasangarritasun Kontsejuan egoerea aztertu ostean, Antxustegik esan dau tramitetan hasiko dirala, udalerrien parte-hartzeagaz “Hondakinen kudeaketaren norabidea markauko dauen” plan bat onartzeko.
Modu berean, basoei jagokenez, bere sailak “beste pauso bat” emongo dau banda marroiaren eta eukaliptoaren kontrako burrukan. Aldundiak 12 urte daroaz eukaliptoaren landaketea diruz lagundu barik, baina sektoreari laguntzeko plan barri bat onartuko da, aldaketa bigaz: “diru-laguntza ildoen artean baso eta klima zerbitzuak sartzea eta basoak zaintzea. Horrek esan gura dau diruz lagunduko dogula baso-kudeaketea jasangarriagoa bilakatuko daben metodoak apliketea, baso autoktonoak kontserbetea eta baso aloktonoen ordez baso autoktonoak bultzatzea. Bigarrena, eukaliptoa landatzea ekarriko dauen osasun-mozketarik ez dala finantzatuko. Ganera, gitxieneko mozteko txandea 15 urtera luzatuko dogu”. Basobarritzeko politika horregaz batera, bertako zugatzak landatzeko lurzoru pribadua erosi eta Bizkaiko baso-ondarearen bilduma bat sortuko da.
Hondartzen denporaldiari jagokonez, Antxustegik uste dau aurreko urteko “funtzionamentu eskemea errepikauko” dala, baina ohartuarazo dau Eusko Jaurlaritzaren osasun jarraibideei jarraituko jakela. Jarraibide horreek egoera epidemiologikoak eta maiatzaren 9an alarma-egoerea amaitzeak baldintzatuko ditue.
Ganera, “datorren astean”, Foru Gobernuak Energia Jasangarritasunerako batzordea sortzeko foru dekretua onartuko dau. Batzorde horrek arlo horretako sailen jarduerak koordinauko ditu, Energia Jasangarritasunerako Legearen gidalerroei jarraituz.
Lehen sektorean, plan estrategikoa egiten eta ostean ezarten jarraitzeaz gain, foru arduradunak nabarmendu dau bere sailak lehen sektorearen belaunaldi-erreleboan jarriko dauela arretea, eta gazteak bertan sartzea sustatuko dauela, sektorearen batez besteko adina “49 urtekoa” dalako. Sektore honek Foru Aldundiak 0 kilometroko produktuen kontsumoa sustatzeko eta tokiko merkaduen antolaketea bultzatzeko emongo dauen arretaren onura jaso ahal izango dau, eta sektorearen profesionalizazinoaren alde be egingo da lan.
Batzarretako taldeek “eskua luzatu” deutsie diputatu barriari, Aldundiaren politikak hobetzeko. Elkarrekin Bizkaia taldeko Hector Fernandezek Trianoko Mendietan larre-eskubideakaz sortutako “arazoak” aitatu ditu, eta diputatuak, aurreko diputatuak aurkeztu eban txostena gogora ekarrita argitu gura izan dau gaia; izan be, txosten horrek erakusten dauenez, eskubide horreek “iraungita dagoz, meatze-ustiapenerako egin ziran derrigorrezko desjaubetzeak dirala eta”.
Iratxe Arriola EH Bilduko batzordekideak “barritasun interesgarriak” ikusi ditu berbaldian, baina zenbait politikatan “goitik beherako aldaketea” behar dala azpimarratu dau. Holan, baso-politiketan “ausartagoa” izatea eskatu dau, eta basoak espezie autoktonoakaz beteteko prozesua “lurraldeko eremu sentikorrenetan” hasi behar dala azpimarratu dau, “ura hartzeko eremuetan edo ibai-ibilguetako ertzetan” besteak beste.
Beste alde batetik, Eduardo Andrade batzarkideak (Talde Berezia-PPB) lurraldeko naturguneetara maskotak eroateko erespideak aldatzeko eskatu dau.
Foru Gobernua babesten daben taldeei jagokenez, Jesus Ortizek (PSE) “positibotzat” jo ditu ildo nagusiak, udalerriakazko “lankidetzea” eta oposizinoak “luzatutako eskua” azpimarratuz.
Eta, bukatzeko, Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak talde guztien jarrera “egokia” azpimarratu dau, baina koalizino abertzalearen jarrerea kritikau dau, “24 ordu be ez” ditualako itxaron Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren politikak kritiketako.
PETRONORREN ISURKETEA ETA BASURDEAK
Elkarrekin Bizkaiak egindako galderei erantzunez, diputatuak Petronorrek Barbadun ibaian isuritako petrolio gordinaren ganean egin dau berba; teknikarien esanetan, hodi batean egindako soldadura baten hausturak eragin eban isurketea, “800 metroko ibilguan 200 litro petrolio isuriz”. Zezeilaren 18an hasitako berreskuratze-lanei esker, bertako faunarentzat esanguratsuak izan ez diran kalteak “txikiagoak” izan ziran. Gertakari horren ondorioz, sailak zehapen-espedientea edegi behar izan deutso enpresari.
EH Bilduk Sukarrietan hildako basurdeen garraioaren ganean egindako galdera bati erantzunez, diputatuak esan dau sareetan zabaldutako irudiak “gertaera gaitzesgarriak” dirala. Irudi horreetan autoaren atzealdean basurdeak lotuta ikus daitekez. Halanda be, egoera hori eta antzeko beste bat dira azken urte bietan (2019-2020) egin diran 2.026 uxaldien artean egiaztau diran kasu bakarrak. Etorkizunean holangorik gerta ez daiten, etorkizuneko foru agindu batean hildako animalien garraioa modu “duinean” egiteko betebeharra sartuko da. Ez-beteteak zehapen-espediente bat edegitea ekarri daike.