BARDINTASUNAREN ERRONKAREN GANEKO KONTAKIZUN MISTOA DAN "EMAKUMEAK BIZKAIAN. NOLAKOAK GAREN ETA NOLA IKUSTEN GAITUZTEN" LIBURUAREN AURKEZPENA
- Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak igaz antolatu ebezan “Emakumeak Bizkaian” jardunaldietan parte hartu ebenek bardintasunaren inguruan egindako gogoetak jasoten ditu.
(Bilbon, 2021eko apirilaren 23an). Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Bizkaiko Batzordeak “Emakumeak bizkaian. Nolakoak garen eta nola ikusten gaituzten” liburua aurkeztu dabe gaur, Bizkaiko Batzarretako Bilboko egoitzan. Liburu horretan, 2020an Bizkaiko Batzarretan, izen beragaz, egin ziran lau jardunaldien eukia jasoten da, eta emakumeen eta gizonen bardintasunaren inguruko, eta XXI. mendean ikusten diran etorkizuneko erronken ganeko eretxiak, hausnarketak eta kezkak batzen dira.
Ana Otadui Biteri, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, eta Lorenzo Goikoetxea, Errege Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen presidenteak, aurkeztu dituzte argitalpena, eta Begoña Cava Mesa eta Inés Pellón González egileak. Egileek, kirolaren, barrikuntzaren, teknologiaren, ikerketa zientifikoaren, sormen-kudeaketaren, komunikabideen edo sare sozialen munduko ahots garrantzitsuen azterketea eta planteamentuak batu ditue.
Argitalpena, erakunde biak alkarregaz argitaratzen daben bigarrena, Foru Aldundia azkenengo urteotan emakumeen ahalduntzea hobetzeko eta Bizkaian bardintasunerako gune handiagoak eregiteko egiten ari dan lanaren barruan dago. “Genero bardintasun erreal eta eraginkorraren helburu horretara iristeko gure aletxoa da”, Otaduik gogoratuazo dauenez, eta liburu honen argitalpena “euren burrukeagaz gure aurretik aritu diran eta hainbat arlotan balioa erakutsi daben emakume ausart guztiei” egindako omenaldia dala azpimarratu dau.
Argitalpenean, gehienetan gizonak buru diran hainbat lan- eta gizarte-esparrutan nabarmentzen diran emakumeen eretxiak batzen dira. Liburuaren 220 orrialdeetan, kirolean emakumeak hartzen dauen lekuaren ganeko ikuspegia eskini eben Ana de la Parte Gutiérrezen, María Ángeles Galíndez Urquijoren eta María Tato Meraren kasuak kontatzen dira. Bestalde, Eva Arrilucea Solachik, Ana Ayerbe Fernández-Cuestak, Leire Bilbao Elguezabalek eta Lorena Fernández Álvarezek emakumeen munduak dituan erronka sozialen ganean egin eben berba beste mahai-inguru batzuetan.
Horrez gain, gazteen eta sare sozialen ganean be egin zan berba jardunaldietan. Liburuan, Estibaliz Apellaniz Ingunzaren, Itziar Errasti Peregen, Esmeralda Hernando Lópezen eta Marta Macho Stadlerren gogoetak dagoz. Era berean, eretxi horreek, sormen-kudeaketan eta komunikazinoan aritzen diran Verónica Elorza Canteraren eta Begoña Marañón Unanueren eretxiakaz lotzen dira. Saioek lau gizonen ikuspuntua be euki eben: Kepa Lizarraga Sainz, Jon Barrutia Güenaga, Jorge Flores Fernandez eta Andoni Aldekoa de la Torre.
Bizkaiko Batzar Nagusiak buru-belarri ari dira bardintasun-politikak sustatzen eta bultzatzen. Legegintzaldi honetarako helburuetako bat da. 2020an, Bizkaiko Batzarrek, Nafarroakoaren atzetik bardintasunaren aldeko ibilbide-orria dauen Estaduko bigarren parlamentuak, Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako I. Plana (2017-2020) amaitu eben. Eta plan horren barruan, Bizkaiko Batzarrek ahots eta diskurtso barriak erakartearen aldeko apustua egiten jarraitu eben, Bizkaiko emakumeak mende honetan dituan planteamentuak, kezkak, rolak eta erronkak jasoteko.
RSBAPen Bizkaiko Batzordea (1764-2021), bere 2020-2030 Plan Estrategiko barriaren esparruan, Bizkaiko gizartearen beharrak identifiketan saiatzen da, ideak bilatuz eta personei erabilgarritasun eta zoriontasun handiagoa emongo deutseezan proiektuak gauzatuz, gizonek eta emakumeek bizitzeko daukiezan legezko asmoak asebeteta ikusi daiezan. Bizkaiko Batzar Nagusiakaz ezin baliotsuagoa dan lankidetzan, Jardunaldien formatu hau instituzionalizau dogu. Eta balioetsi egiten doguz XXI. mendeko kultura barriaren ezinbesteko protagonistak diran Bizkaiko emakumeen lorpen eta esperientzia pertsonalak eta profesionalak.