BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN OSOKO BILKURAK PANDEMIAREN ONDORIO EKONOMIKOAK ARINTZEKO NEURRI BARRIAK ONARTU DITU
- Pandemia hasi eta urtebetera, Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiaren foru-dekretuak ontzat emoten jarraitzen dabe, zergadun “zigortuenak” babesteko eta pandemiak “gehien kaltetutako” sektoreak suspertzeko.
- Gaur Gernikan, aldeko 32 botogaz, kontrako 16gaz eta abstentzino bigaz onartu dan 4/2021 Foru Dekretu Arauemoileak, lau neurri “koiuntural” gehitzen ditu.
- Ohiko bilkura batean, Bizkaiko Batzarrek oposizinoaren beste lau ekimen baztertu ditue.
(Gernikan, 2021eko apirilaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak, Covid-19agaz erlazionautako aparteko neurri gehigarrien eta jarduera ekonomikoari berrekiteko laguntzen ganeko 4/2021 Foru Dekretu Arauemoilea onartu dau gaur Gernikan. Gaur onartutakoek zabaldu egin dabe pandemia hasi zanetik (2020ko martia) hartutako zerga-neurrien zerrendea, Covid-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoak “pandemiak gehien zigortu dituan zergadunengan” izan dituan ondorioak arintzeko, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak adierazo dauenez.
Lehenik eta behin, osasun-agintariek hartutako neurrien ondorioz jarduera ekonomikoa etenda edo larri kaltetuta geratu jaken zergadunek % 15eko kenkaria aplikau ahal izango dabe 2021ean jarduera ekonomikoari berrekiteko edo suspertzeko egin dituen gastuen eta inbertsinoen ganean. Beste gastu eta inbertsino kengarri batzuen artean, merkaturatzeko kanal alternatiboak ezarteko egindakoak dagoz, online plataformak edo zerbitzuak emotekoak, adibidez, eta baita instalazinoak eukieren mugea errespetetako egin dituen egokitzapen-gastuak eta -inbertsinoak be.
Horrez gain, behargin autonomoek ez ditue ordaindu beharko 2021eko lehen eta bigarren hiruhilekoei jagokezan PFEZaren ordainketa zatikatuak, apirilean eta garagarrilean egin beharko litzatekezanak. Neurri horrek likideziari “mesede” egiten deutso, jagokon kopurua 2022ko udabarrian likidatu arte euren esku eukiko dabelako.
Dekretuaren beste artikulu batean kenkariak ezarten dira jarduera ekonomikoaren edozein sektoretarako higiezin bat errentan hartzen daben persona fisiko edo juridikoentzat, alokairuaren prezioa jaistea erabagi badabe. Alokairuaren beherapenaren zenbatekoa gastu kengarri moduan hartuko da. Neurri horren helburua errentatzaileak alokairuak jaistera animetea da.
Eta, azkenik, jokoaren ganeko zergaren urteko kuota finkoaren egun naturalen araberako hainbanaketa ezarten da, altea, bajea, etendurea, errebokazinoa edo azkentzea 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean gertatzen diran kasuetarako.
Dekretu horrek jasoten dituan lau artikuluak aldeko 32 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), kontrako 16 botogaz (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino bigaz (Talde Berezia-PPB) onartu dira.
Araua tramitetako aukeratutako modua kritikau ostean –dekretua preminazko bidetik–, “larregizkoa” dalako, eta eztabaidea “oztopau” egiten dauelako, Amaya Fernandez Talde Bereziko bozeroaleak ez ditu proponidutako neurriak zalantzan jarri. “Ondo egon leikez”, esan dau, baina neurri bakotxa eztabaidetea gurako leukiela, pandemiak kaltetutako negozioentzako % 15eko kenkari fiskala, adibidez. “Zergaitik % 15 eta ez beste kopuru bat?”, galdetu dau.
Dekretua, Foru Gobernuak eskatuta Batzarrek berretsi daben “nahasketeari” gehitu egiten jako, Elkarrekin Bizkaiako Xabier Benitok adierazo dauenez; izan be, gastua murriztea helburu daben neurri fiskalak “eragin txikikoak” eta “zuhurregiak” dira. Orain egin behar dana, gastu publikoa inbertsinotzat hartzea da.
Aitzitik, Jesus Ortiz sozialistak bere taldeak dekretuari emondako baiezkoa defendidu dau, krisi honetan “okerren dagozan personei eta enpresei laguntzeko” neurriak jasoten ditualako. Oscar Aranak (EAJ-PNV) azpimarratu dauenez, neurriek “gehien zigortutako zergadunak babesteaz gain”, “ekonomiaren susperraldia bultzatzen eta kaltetutako sektoreak suspertzen” lagunduko dabe.
Arantza Urkaregi EH Bilduko ordezkariak, herritarrek zuzenketarik edo alegazinorik aurkeztu ezin izana kritikau dau, dekretua preminazkoa dalako. Pandemia hasi zanetik hori gertatzen dan zortzigarren aldia da, eta, horregaitik, oposizinoko ganerako taldeek egin daben bezala, foru arau proiektu moduan tramitetea eskatu dabe, baina EAJ-PNVk eta PSE-EEk ez dabe onartu. Bere taldea ez dago ados, adibidez, errentarientzat kenkari fiskalak onartzeagaz, alokairua ordaintzen dabenentzat “laguntza zuzenak” onartu beharrean. Onartutako dekretuek diru-sarrerak murrizteko neurriak “bakarrik” hartzen dituela kritikau dau koalizino abertzaleak, helburua gastua handitzea danean, “inbertsino publiko gehiago” egiteko.
KLAUSULA SOZIALAK, AP-68 BIDESARIA ETA IKUSKAPENAK ZENTROETAN
Osoko bilkuran Batzarretako taldeen beste hiru ekimen be eztabaidatu dira. Bizkaiko Batzarrek atzera bota dabe Elkarrekin Bizkaiaren mozino bat, Aldundiak Foru Aldundiaren eta bere erakundeen kontratuetan klausula sozialak apliketea bermatzeko eta foru kontratuak dituen enpresetako lan baldintzak kontroletako. Ekimena atzera bota dabe Foru Gobernua eusten daben talde biek, eta Aldundiak “234 kontratu publikotan 2.783 klausula sozial” aplikau dituala argudiatu dabe erabagi hori hartzeko.
Modu berean, Talde Berezia-PPBren beste mozino bat be bertan behera geratu da, AP-68 autobidearen Bizkaiko tarteari, foru-titulartasuneko bidesariei (AP-8, VSM eta Artxandako tunelak) apliketan jakezan diru-laguntzen araubide “bera” apliketea eta Arabagaz beharrezko akordioak sustatzea eskatzen ebana.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak alkartu egin dira ekimen hori bertan behera izteko; izan be, lehenago, oraingoz bide hori ganerako foru errepideen gastu mugara sartzea ahalbidetzen ez daben hainbat gai tekniko konpondu behar dira. Une honetan, errepidearen titulartasuna Aldundiarena da, baina kudeaketea pribadua, PPk “15 urte” luzatu ebalako, 2026ko azarora arte, alderdi biek kritikau dabenez. “Etxebizitza bat hartu dugu oinordetzan, baina maizter bat dauka”, esan dau Ignacio Jeronimo sozialistak. Halanda be, “hori ez da oztopo AVASAgaz beharrean jarraitzeko”, soluzino tekniko bat bilatzeko eta batzorde teknikoan akordio bat ixteko, ganeratu dau Irene Edesak (EAJ-PNV).
Amaya Fernandez popularraren berbetan, Foru Gobernua babesten daben taldeen berbak “adarra jotzea” eta “atxakiak” dira; izan be, autobidearen ganean titulartasunik ez daukien beste administrazino batzuek hobariak ezarri ditue, Araban 2001etik egiten dan moduan. “20 urteko ezintasuna, itzikeria hutsa eta errudunak kanpoan bilatzea”, deitoratu dau.
Oposizinoko beste talde biek bat egin dabe kritika horreekin. Elkarrekin Bizkaiatik, Emilio Lobatok ohartuarazo dau ezin dala 2026ra arte itxaron, eta, zuzenketa baten bidez, errepide horren zirkulazinoa eta kutsadurea murrizteko neurriak hartzeko eta garraio publikoaren erabilerea sustatzeko eskatu dabe, “ibilbide barriak, ordutegiak eta tarifen doikuntzea” aztertuta.
EH Bilduk, Raul Mendezen bitartez, proposamena egin dauen taldeak onartu ez dauen bere zuzenketa-eskearen bidez, alde batetik garraio publikoaren hobekuntzea aztertzea eskatu dau, N-625 errepideko trafiko astuna arautzeko hobarien azterketea egiteaz gain, eta, bestetik, ahalmen handiko errepideen finantzaketeari ekitea, “eskualde batzuek jasaten daben diskriminazinoagaz amaitzeko”. Lehenengo pausua beste foru errepide batzuetako gastuaren mugea AP-68ra “estrapoletea” izango litzateke.
Azkenik, Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dabe Talde Berezia-PPB taldearen arauz besteko proposamen bat, urtarrilaren 15ean GUFEren ordezkaritza sindikalak Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzorde batean helduarazo ebana, Aldundiari, “adinekoentzako, desgaituentzako, umeentzako eta nerabeentzako egoitza-zentroak ikuskatzeko foru-zerbitzuari atxikitako teknikarien kopurua handitzeko” eskatzeko.
Gai horri heldu aurretik, Gobernua eusten daben talde biek adierazo dabe euren eretxiz egokiagoa dala maiatzera arte itxarotea; izan be, hilebete horretan emongo dau Aldundiak 2020ko ikuskaritza-lanaren barri. Dana dala, pandemia honetan Aldundiak “baliabide gehiago” jarri dituala martxan azpimarratu dabe. Oposizinoko taldeen ustez, barriz, egungo giza baliabideak “ez dira nahikoak” ikuskapen kopurua handitzeko konpromisoa bermatzeko. “Zazpi ikuskatzaile 10.000 plazatarako”. Pandemiarik bako egoera normal batean “nahikoa” dirala uste dabe jeltzaleek.
BATZARKIDE BERRIA: IGONE PORTO GÓMEZ
Igone Porto Gomezek Bizkaiko Batzarretako jarlekua hartu dau saioaren hasieran, Euzko Abertzaleak taldearen ordezkari moduan, 2019ko bagiletik Batzarretako kide izan dan Ibone Bengoetxea Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako diputatu ohiaren lekua betez.