Aurreko Albisteak

1.200 LAGUNEK BAINO GEHIAGOK BISITAU DABE EULALIA ABAITUAREN, EUSKAL ARGAZKILARITZAREN AITZINDARI HANDIAREN, ERAKUSKETEA

  • “EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK/MUJERES DE EULALIA ABAITUAerakusketea bariku honetara, apirilaren 23ra, arte egongo da zabalik, eta Abellanedako Enkarterriko Museora eroango da udan.

  • XX. mendearen hasieran Bizkaiko emakumeei ateratako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan erakutsitako 34 argazkiak, Maite Jiménez Ochoa de Alda komisarioak egindako katalogo batean jaso dira, Bilboko Euskal Museoak lagunduta eta lagata.

  • Eulalia Abaitua Allende-Salazar emakume handia izan zan, eta ez zan kikildu garai haretan egoan diskriminazinoarengaitik, gehien gustetan jakona egin eta kaleko bizitzari berari argazkiak ateraz.

(Bilbon, 2021eko apirilaren 19an). Bariku honetan, apirilaren 23an, amaituko da Eulalia Abaitua Allende-Salazar euskal argazkilaritzaren aitzindariak ateratako emakumeen argazkien erakusketea. Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo) dagon bildumak, argazkilari bilbotarrak XX. mendearen hasieran garai haretako landa eta uri inguruko Bizkaian egindako 34 argazki batzen ditu. Daborduko 1.200 personak baino gehiagok ikusi dabe sei astetan. Irudi guztiak Bilboko Euskal Museoko Argazki Artxiboan gordetan diran erreprodukzinoak dira, eta Maite Jiménez Ochoa de Alda erakusketaren komisarioak batu ditu. Erakusketea barikura arte egongo da zabalik, 8:00etatik 20:00etara. Udan Abellanedako Enkarterriko Museora eroango da, argazki gehiagogaz.

Argazki zaharrek XX. mende hasierako emakumeen munduaren zati bat islatzen dabe. Benetako agertokietan, euren jantzi eta lanbideakaz erretratauak izan diran emakumeak. Imajinau beharrik ez dagon mundu bat, emakume bilbotar honen lanari esker. Ingalaterran egindako egotaldi bati esker argazkigintzaren unibersoan murgildu ahal izan zan, eta bertan, argazkilaritzaren hastapenetan, lanbidea ezagutzeko aukerea izan eban.

Abaituaren familia Bizkaiko Batzar Nagusiei lotuta dago, Castor María Allende-Salazar Urkijo Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren biloba izan zalako. Castor izan zan bonbardaketatik bizirik urten eban Gernikako Arbolea landatzea agindu ebana (haren argazki bat be badago). Bizkaira itzulita zaletu moduan murgildu zan argazkilaritzan eta ondare parebakoa itzi eban. Otaduik gogoratuazo dauen moduan "garai haretan egoan diskriminazinoaren aurrean kikildu barik" bere begirada fotografikoa, lehen pausuak emoten ari zan Bilbo industrialetik hasi eta landa inguruko Bizkaira arteko persona, lanbide, egoera eta lekuen unibersoan finkatuz.

Bere lanaren parte handi batean, Abaituak gizarte maila guztietako emakumeak erretratau ebazan. Euskal argazkilaritzaren aitzindaria izan zan, jente gitxik egindako bidea egin ebalako; argazkiak, benetako erreportari grafikoa balitz bezala ateraten ebazan. Bere zuri-baltzeko irudiek baztarretan egoan mundu debaluaua, ahaztua eta ordura arte ikusezina eskaintzen dabe.

Maite Jiménez Ochoa de Alda erakusketaren komisarioaren ikerketa eta bilketa lanari esker, Bilboko Euskal Museoak Abaituak egindako 2.500 irudi ditu. Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan gaur inaugurau dan erakusketarako aukeratutako 34 argazkiak Euskal Museoak 1990ean "Gure Aurreko Andrak/Mujeres Vascas de Ayer" erakusketan argitarau ebazan erreprodukzinoen parte dira.

Bere argazki-lanen izenburuek –“Sardineras”, “Conchita en Elorrio”, “María Costa y Asunción / costureras”, “La vieja de Mañaria”, “Gitanas Santuchu” “Elorrio hilanderas / hermanas de Ubidea”, “Lechera”, “Lavanderas en las Arenas”…– emakume uniberso estereotipaua eskaintzen dabe, bere tituluek uniberso konplexuari justizia egiteko balio ez daben arren. Hautaketak emakume xumeak, beharginak, apaindura bakoak, baina berezko duintasun eta dotorezia handikoak batzen ditu. Garai haretan nagusi zan kode burges femeninoagaz kontrastea egiten daben irudiak.

Alkarlana Euskal Museoagaz

Erakusketa hau Batzar Nagusien eta, bilduma hau Bilboko Erakusketa Aretoan martia eta apirila bitartean erakusteko eta, ostean, Abellanedako Enkarterrietako Museora eroateko itzi dauen Euskal Museoaren arteko lankidetzari esker gauzatu ahal izan da. Erakusketea, bertan dagozan beste hainbat argazkigaz osatuko da.

Lotutako artxiboak: