Aurreko Albisteak

BATUZ EREDUAK IRUZUR FISKALAREN KONTRAKO PLANA "BARRIRO FORMULETARA" BEHARTUKO DAU FORU OGASUNA

Bilbao

  • José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, berak eskatuta, bere sailak zerga-iruzurraren kontrako burrukan igaz gauzatutako jardueren magnitude nagusiak zehazteko.

  • 2020an 457.681 jarduketa egin ziran, eta horreei esker 313,4 milioi euro erregularizau ziran.

  • Iruarrizagak jakinarazo dauenez, datorren astea amaitu baino lehen Errenta aitorpenaren “milioi bat gutun baino gehiago” bialduko dira.

(Bilbon, 2021eko apirilaren 15ean). Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak ohartuarazo dauenez, datozan urteetan gatxa izango da, ekitaldi guztietan Ogasunak iruzurraren kontra martxan jarten dituan planek emoten dituen emaitzei jagokenez alderaketa “homogeneoak” egitea. Batuzek plan horreek “barriro formuletara” behartuko dau, fiskoaren eta zergadunaren arteko harreman eredu barriak ondorioak izango ditualako, Ogasunaren esku geratuko dan informazino fiskalaren gorakadea dala eta.

Batuz abian jarteak hainbat gauza ahalbidetuko ditu: Errenta-eredu barriak eta herritarrei arretea emoteko sistema telematiko barriak, iruzurra prebenidutea eta errazago detektetea; zergadunei zerga-betebeharrak beteten laguntzea; eta tributazinoaren beste esparru batzuen kontrola indartzeko baliabideak beste modu batera bideratzea. Iruarrizagak ohartuarazo dauenez, informazino eta prebentzino lanari esker, azaleratutako kopuruek behera egingo dabe, seguruenez.

Bere ekimenez, Bizkaiko Batzarretako Ogasun eta Finantzetako Batzordean egindako agerraldian, Iruarrizagak aurreko ekitaldiko Iruzur Fiskalaren Kontrako Planaren magnitude nagusiak azaldu ditu. Bizkaiko Ogasunak 457.681 jarduketa egin ebazan 2020an, eta foru-kutxetan sartu barik egozan 313,4 milioi euro erregularizau ebazan. BEZ zergan bakarrik 418.275 jarduketa egin ziran.

Jose Maria Iruarrizaga diputatuak balioan jarri dau COVID-19ak erabat baldintzatuta egon dan ekitaldi batean aurreko urteetako antzeko jarduera kopurua egin izana. Gogora ekarri dauenez, pandemiaren eragina handia izan da, “lehenengo egunetik” pandemiaren eraginak jaso dituen personei laguntzea izan dalako helburua, zergadunei laguntzeko zerga-neurriak indarrean jarteko.

Azaleratutako kopurua igazkoa baino “nabarmen txikiagoa” da; izan be, igazkoa 504 milioikoa izan zan. Dana dala, jatsiera horren errazoia, neurri batean, aurreko urteetan hidrokarburoak merkaturatzen ebezan 35 enpresaren BEZaren ordainketea erregularizau izana da. Hori dala eta, 2019an azaleratutako zerga horren kopurua 363 milioira igon zan. Halanda be, 2020an BEZ zergan azaleratutako kopurua 135 milioikoa izan zan. Beste iruzur boltsa handi batzuk Soziedadeetan (48 milioi), atxikipenetan (29 milioi) eta PFEZn (28,4 milioi) antzeman dira. Kopuru horreetatik guztietatik, aurreko ekitaldietako esperientzian oinarrituta Iruarrizagak kalkulau dauenez, “% 70 inguru” berreskuratuko da.

2020KO ERRENTA-KANPAINEA

Oposizinoko hainbat taldek, 2020ko Errenta kanpainan dagozan “arazo larrien” ganeko informazino gehiago gura izan dabe, eta azalpenak emoteko eskatu deutsie. “Eretxiak eztabaideteari” uko egin ostean, Iruarrizagak ukatu egin dau sortutako arazoak akats larriak diranik eta persona askori eragiten deutseenik. “Akats puntualak dira eta oso kasu puntualei eragiten deutsee. Sistema barria da eta funtzionetan ari da”, esan dau.

Horren ostean, diputatuak apirilaren 6an hasitako kanpainaren lehen datuak emon ditu. Gaur egun, “54.000” aitorpen aurkeztu ditue eta “milioi bat gutun baino gehiago” bialduko ditue datorren astea amaitu baino lehen. Iruarrizagak jakinarazo dauenez, kanpaina hasi zanetik zergadunen “64.000 telefono-dei” jaso dira, batez beste 6 minutuko iraupenagaz. “Bihar” urtengo dabe “16,5 milioiko” lehenengo itzulketak jasoten dituen lehenengoek “eta martitzenean antzeko zenbatekoa daukan beste txanda batek”, zehaztu dau.

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu, Elkarrekin Bizkaiak eskatu dauen Zugazteleko zuzendariaren agerraldia, “kudeaketa txarrarengaitik” eta zergadunari kanpaina horretan telefono bidez emoten jakon arretan antzematen ari diran arazoengaitik. Xabier Benitoren berbetan, digitalizazinoa “amesgaiztoa” ari da izaten Ogasuneko beharginentzat eta aholkularitza profesionalentzat, eta batzordeko presidentearen jarrerea salatu dau, agerraldia “blokeatu eta oztopatu” dauelako, horren ostean botoa emoteko aukereari uko eginez. Mikel Bagan jeltzaleak bere burua defendidu dau blokeo hori ukatuz, Batzarretako Araudiaren 41. artikuluak esaten dauenari eutsiz. Bertan, agerraldi-eskaera horreek “bozkatu” egin behar dirala adierazoten da.