ALDUNDIAK KONTRATUKO KLAUSULA BAT ERABILIKO DAU BILBORI EUROKOPARAKO EMONDAKO 750.000 EUROEN PARTE BAT BERRESKURATZEKO
- Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan azaldu dauenez, Bilbao Ekintzagaz sinatutako akordioan oinarrituta, erakunde horrek “bere borondatez” itzuli behar ditu justifikau ezin dituan Aldundiak emondako diru-laguntzaren gastuak.
(Bilbon, 2021eko apirilaren 12an). UEFAk apirilaren 19an hartuko dau Eurokopea Bilbon jokatzearen ganeko erabagia, eta Aldundiak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan azaldu dauenez, Bilbao Ekintzari, udal erakunde horregaz sinatutako kontratua betetea eskatuko deutso. Kontratu horretan esaten danez, Bizkaiko uriburuan futbol ekitaldia egiteko gastau ez dituan partidak “itzuli” beharko ditu.
Elkarrekin Bizkaiak Aldundiak eta Bilboko Udalak sinatutako akordioan jasotako “750.000 euroak” berreskuratzearen ganean egindako galderari erantzunez, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak batzordean gogoratuazo dauenez, kontratuaren klausuletan “diruz lagundu daitekezan gastuak eta alde ekonomikoa zelan justifikau behar dan ezarten da. Bilbao Ekintzak egindako gastuek ezin badabe emondako diru-laguntza osoa justifikau, bere ekimenez diru-laguntza itzultzeko aukerea dago”, hau da, Bilbao Ekintzak “justifikau bako diru-laguntza bere borondatez itzuliko leuke, itzuli beharreko zenbateko zehatza adierazota”, adierazo dau. Bilboko Udalaren soziedade publikoak “2021eko abenduaren 31ra arte” dauka gastu horreek justifiketako epea, baieztu dau.
UEFAk azkenean Bilboko egoitza bertan behera iztea erabagi leikela eta, Batzarretako Elkarrekin Bizkaia Taldeak Bizkaiko uriburuan futboleko Eurokopea gauzatzen laguntzeko emondako diru-laguntzak itzultzeko eskatzea proponidu deutso Aldundiari. Israel Escalante bere ordezkariaren esanetan, “ia 3 milioi euro” dira Bizkaiko Foru Aldundiak 2017tik Eurokopea Bilbon egiteko aurreikusi dauena, eta onartu dau dana ez dala gauzatu, eta, ganera, aurtengo foru kontuetan aurreikusten diran 750.000 euroak “balio barik” itzi ditu.
BERPIZTU ETA HIDROGENOAREN KORRIDOREA
Elkarrekin Bizkaiaren ekimenez, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak Berpiztu programaren ardatz nagusiak be ezagutuarazo ditu. Programa hori igazko irailaren 29an aurkeztu eben Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek. Euskadiko ekonomia eta enpleoa suspertzeko Berpiztu 2020-2024 programaren helburua, “Covid-19aren ondorioz galdutako enpleo guztia berreskuratzea eta langabezia-tasea barriro be % 10etik behera jartea” da.
Basurkok gobernantza-planaren errepasoa egin dau. Zuzendaritza Kontsejuak, Sailen arteko Batzorde batek eta Jarraipenerako Mahai batek osatzen daben plan horretan Bizkaiko Foru Aldundiak be hartzen dau parte. Planaren barruan, milioi askoko inbertsinoak egingo dira “40.000 lanpostu baino gehiago” sortzeko eta pandemiaren eragina arintzeko. Inbertsino plan horretan, Berpiztuk “ezohiko” plan bat aurreikusten dau egoera txarrenean dagozan guneetarako, “180 milioi euro baino gehiagoko” inbertsinoagaz. Plan horretan oinarrituta, Bizkaian, Ezkerraldean, Meatzaldean, Enkarterrin eta Bizkaiko Aiaraldeko lau udalerritan egingo dira jarduketak. “24 milioi euro” Ezkerraldea-Meatzaldeko proiektu “traktoreetara” bideratuko dira, eta beste “24 milioi” Enkarterrira. Horreei “60 milioi” gehitu behar jakez, lurzoruetako kutsadurea garbitzeko.
Modu berean, talde beraren galderei erantzunez, Petronor-Repsolen ekimena dan Hidrogenoaren Euskal Korridorean Aldundiak daukan inplikazinoa azaldu dau Basurkok. Ekimenaren helburua, hainbat sektore estrategikoren, energiaren, mobikortasunaren, industriaren edo zerbitzuen “deskarbonizazinoan aurrera egitea” da. Proiektu handi horrek 78 enpresa eta erakunde biltzen ditu (58 enpresa, 12 zentro teknologiko eta 8 erakunde). Etorkizuneko Ezkerralde-Meatzaldeko Parke Teknologikoan egongo dan Energy Intelligence Center (EIC) funtsezko azpiegiturea izango da energia-trantsizinoan, eta hidrogenoaren ganeko unidade bat hartuko dau, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Petronorrek joan dan udan adostu eben moduan, Basurkok gogoratuazo dauenez.
Basurkok, Europako Funtsak jaso ahal izateko Euskadi Next egitasmoan sartzen dan proiektuaren magnitude nagusiak jarri ditu mahai gainean. “1.300 milioi euroko” inbertsinoa egin da 2021-2026 aldian, 34 proiekturen bidez, eta, besteak beste, 20.000 tona hidrogeno sortu gura dira urtero. “1.350 lanpostu zuzen eta 6.700 zeharkako” sortzea aurreikusten da. Aldundiak proiektu horreetako batzuetan parte hartuko dau, EICren eraikuntzan, besteak beste.