BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN GANEKO ERAKUSKETA IBILTARI BATEK LURRALDEA ZEHARKATUKO DAU BERE BALIO POLITIKO, SOZIAL ETA KULTURALA ZABALTZEKO
- “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea gaur goizean inaugurau da Bilbon, Ercilla kaleko oinezkoen tartean, Ana Otadui Biteri Batzarretako lehendakaria eta Amaia Arregi Romarate, Bilboko jarduneko alkatea bertan zirala.
- Aurton, Bizkaiko lau barrutietan ibiliko da, ehundaka urte dituan erakunde horren garrantzia nabarmentzeko.
- Bilbon maiatzaren 6ra arte egongo da erakusketa, eta, ostean, Getxon, maiatzaren 7an; Portugaleten, bagilaren 3an; eta Durangon, garagarrilaren 1ean.
(Bilbon, 2021eko apirilaren 12an). “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketa ibiltaria sortu dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek, XIV. mendetik lurraldeko gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan dan erakundearen garrantzi historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa emoteko. Formatu handiko 12 panelen bidez, Bizkaiko Batzarrek Bizkaiko herritarrei euren eguneroko funtzionamentua eta Euskadiko erakunde-arkitekturaren barruan hartzen joan dan garrantzia, iraganekoa zein oraingoa, helduarazoko deutse. Bizkaiko herritarrengan eragina daukien hainbat erabagi bertan hartzen dira.
Ana Otadui Biteri, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, eta Amaia Arregi Romarate, Bilboko jarduneko alkatea, izan dira Ercilla kaleko oinezkoen tartean erakusketea inauguretako ekitaldiaren buru. Erakusketak Bizkaia osotzen daben lau barrutiak bisitauko ditu aurton. Bilbon maiatzaren 6ra arte egongo da, eta Getxora maiatzaren 7an helduko da. Horren ostean, bagilaren 3an Portugaletera iritsiko da eta garagarrilaren 1ean Durangora. Asmoa, erakusketa honen bidez erakundea hobeto ezagutzea eta Europako lehen sistema parlamentario eta demokratikoetako bati balioa emotea da.
Aurkezpenean, Otaduik azpimarratu dauenez Batzar Nagusiak “XXI. mendeko legebiltzarra dira. Bizkorra, dinamikoa eta ordezkatzen dabezan herritarrakaz eten bako loturea dabena. Hori horretara izanik, ez dogu ahaztu behar erakundeak tradizino historiko handia daukana, susterrak Erdi Aroan dituana. Batzar Nagusietan Bizkaiko herritarengan eragin zuzena daukien erabagiak hartzen dira, horreen artean, aurrekontuen onarpena, zergak, errepideak, garraioak, gizarte-laguntzak, egoitzak, enpleo-gaiak, ingurumena, museoak, kulturea... Horregaitik, gure helburua erakunde horrek egiten dauen lana ezagutuarazotea da”.
Beste alde batetik, Bilboko jarduneko alkateak nabarmendu dauenez, “Bilbok, Bizkaiko Lurralde Historikoaren uriburuak, harrotasunez hartzen dau Batzar Nagusien egoitza ofiziala. Bertan, astero eztabaidatzen dira garrantzi politiko, instituzional, ekonomiko, kultural eta sozial handiko gaiak, eta horrek Bizkaiko udalerri guztiakaz lotzen gaitu. Bilboko herritarrei erakusketa hau ikustea gomendatzen deutset, Bizkaiko legebiltzarraren errealidadea eta garrantzia sakonago ezagutu daiezan. Bilbotik Bizkaira, Bizkaitik Bilbora. Gure historia beti egon da alkartuta eta guztion artean eregiko dogu. Gure historia, erakundeak eta bertan egiten dan lana ezagutzea ezinbestekoa da geure burua, iragana eta etorkizuna ezagutzeko”
Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizino historiko handia daukie. Tradizino horren jatorria Erdi Aroa baino lehenagoko garaietan dago, eta, logikoa danez, Gernikako Batzar Etxearen eraikuntzara garoaz. Bizkaiko Batzarrak Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat da, baina, askotan, herritarrek ez daukie horren barri. Hori dala eta, Batzarretako egungo Lehendakaritzak erakundea bere lau egoitzetatik ataratea erabagi dau, eta Bizkaiko barruti guztietara eroan, testuen eta irudien bitartez erakundearen balio historiko aberatsa eta Lurralde Historikoko herritarren ordezkaritzarako eta partaidetzarako organu gorenean hartzen diran erabagi garrantzitsuak erakusteko.
Erakusketak, erakundea ezaguna egiten daben elementu guztiak batzen ditu, bere funtzino parlamentariotik hasi eta ondare aberatseraino. Erakunde parlamentario moduan, Bizkaiko garapenari laguntzen deutsien ekimen asko bultzatzen ditu. Batzarrek arauak egiteko ahalmena daukie eta Foru Arauak emoten ditue Lurralde Historikoen Legeak autortzen deutsezan gaietan, errepideetan, garraio publikoan, gizarte-laguntzan, zerga-politikan, nekazaritzan, museoetan eta abarretan. Modu berean, lurraldeko gobernuaren, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiaren, jarduerea kontrolau eta bultzatzen dabe.
Informazino-panelek Batzar Nagusien eskumen-egitura aberats hori guztia, eta bertako kultur ondarea azaldu gura dabe. Erakusketan ibilbide xumea eskaintzen da bere lau egoitzetako (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) eukietatik, eta xehetasun handiagoz gelditzen da bere egoitza nagusian, Gernikako Batzar Etxean, bere egoitza nagusia dalako eta Gernikako Arbolari, demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloari, babesa emoten deutsolako.