Aurreko Albisteak

MURILLOK PANDEMIAREN GARAIAN EGOITZETAN EGIN DAN FORU KUDEAKETEA DEFENDIDU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Gizarte Ekintzako diputatuak gogoratuarazo dauenez, egoiliarren senideen asebetete-mailea “handia” da, inkesta batek erakusten dauenez, eta oposizinoari “sistemea eten barik zalantzan ez jarteko” eskatu deutso.

  • Murillok ukatu egin dau Babestu alkarteak aurkeztu dauen bere dimisino-eskaerea baloretea, Elkarrekin Bizkaiak egindako proposamenari erantzunez.

(Bilbon, 2021eko martiaren 31n). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak, bere sailak pandemian egindako kudeaketea defendidu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, 2020ko abenduan egoiliarren senitartekoen asebetetearen ganean egindako inkestan lortutako emaitzetan oinarrituta. Bizkaiko Batzarretako Gizarte Ekintzako batzordean Elkarrekin Bizkaiak eskatuta egindako agerraldian, lurraldeko egoitza-sistemea “eten barik zalantzan ez jarteko” eskatu deutse oposizinoko taldeei. “Emon deiegun sinesgarritasuna” senideen eretxiari eta Fiskaltzaren lanari .

Elkarrekin Bizkaiak Diputatua Batzarretara etorteko eskatu eban, pandemia osoan zehar asistentzia-zentroetako senitartekoei egindako inkesta baten emaitzak ezagutu ostean Babestu alkarteak, gutun baten bidez, diputatuaren dimisinoa eskatu ostean. Talde moreak gogoratuarazo dauenez, gutunean, Foru Gobernuaren “autokonplazentzia” eta “beharrezkoa ez dan exhibizionismo mingarria”, salatzen da.

Murillok azaldu dauenez, pandemiagaz erlazionautako “1.560 deiren eta 364 kexen” artean bere sailak jasotako “8 kexen” erantzuna izan dau alkarte horrek. “Kasuren batean 24 ordu baino gitxiagotan eta kasurik txarrenean sei egun baino gitxiagotan” erantzun jake.

“Komunikabideetako erreferentzietatik haratago”, Foru Aldundiak gutun hori jaso izana ukatu ostean, diputatuak ez dau gutunaren eukia balorau gura izan. “Ez dot hirugarrenen posizionamenduen ganeko eretxirik emongo”, esan dau. Kudeaketea defendiduteko, bere sailak egindako azken asebetete-inkestaren emaitzetan oinarritu da, barriro be. Inkesta hori, egoiliarren tutore diran “2.015” senide edo personari egin jake, eta bere ziurtasun mailea “% 95,5ekoa” da. Bizkaiko egoitzak erabilten dituen adinekoen familiek 8,06ko balorazinoa emon eutsien euren senideek jasoten daben arreteari, eta 7,18koa Bizkaiko Foru Aldundiak egoitza-zentroetan egiten dauen kudeaketeari, Covid-19aren osasun-krisiari jagokonez. Gizarte Ekintza Sailak lan hori erabili gura dau oinarri moduan, lurraldeko laguntza-sarea hobetzeko “ekintza-ildoak ezarteko”.

Hector Fernandez (Elkarrekin Bizkaia) “kezkatuta” agertu da Aldundiak arretea alderdi kuantitatiboetan bakarrik jarten dauelako. “Finago jokatu behar da”, eta sistemaren puntu “ahulenei” erreparau behar jake, Aldundiaren gainbegiraketari, beharginen faltari eta informazinoaren hobekuntzari, besteak beste. Inkestan parte hartu dauen “lautik batek” uste eban “ez egoala behar besteko ikuskapenik eta zentroetan behargin gehiago behar dirala”, gogoratuarazo dau. Babesturen kexari jagokonez, zentroen kudeaketan beharginen eta senideen eretxia kontuan hartzeko eskatu dau.

Murillok onartu dau badagola “hobetzeko tartea”, baina positibotzat jo dau aurreko inkesteagaz alderatuta bilakaera onena izan dauen elementua egoitzen kontrola izan dala. Izan be, 2020ko abenduan egindako inkestan “6,01 puntukoa” izatetik “7,13 puntukoa” izatera igaro da. Horrez gain, inkestatuen “% 71,8k” Bizkaiko egoitza-zerbitzua 8tik 10era balorau dauela azpimarratu dau.

AHOZKO ERANTZUN-ESKEA

Beste alde batetik, EH Bilduren ahozko erantzun-eske bati erantzunez, Murillok aitortu dau “pandemiarengaitik” oraindino ez dala posible izan Bizkaiko Batzar Nagusien agindu bat betetea. Agindu hori, Umeen Zerbitzuak gurasoen alienazinoaren sindromea ez erabilteko neurrien ganean 2020ko urtarrilaren 22an osoko bilkuran onartutako zuzenketa-eske transakzionalagaz dago erlazionauta. Bertan, Bea Ilardiaren berbetan, Umeen Zerbitzuko profesionalei umeen kontrako sexu-abusuaren eta indarkeria matxistaren arloan prestakuntzea emotea eta identifikautako babesbakotasun-egoerak aztertzea eskatu zan. Murillok azaldu dauenez, balorazino horreek “banan-banan” egin behar dira, eta pandemiagaz ez da posible izan. Aurrez aurreko lana normalizau arte ezingo dirala egin esan dau, eta “ez dakigu hori noiz gertatuko dan”.

Pandemiaren atxakia “larregitxo erabilten da”, erantzun dau Ilardiak. Item bat (“instrumentalizazinoa gurasoen arteko gatazketan”) balorau ez danez, EH Bilduko bozeroaleak salatu dau profesionalen prestakuntza faltea dala eta, Aldundia, “gure lurraldean gaur egun gertetan ari diran ankerkeria batzuen harrizko konbidaua eta konplize” dala. Kasu “asko eta askotan”, adinbakoei Umeen Zerbitzuan terapiak egitera behartzen jake, beharginek sexu-abusuen eta tratu txarren ganeko prestakuntzea euki barik.