Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ESKOLA KIROLA BERMATZEKO LURRALDEAN DISEINAUTAKO PROTOKOLOA BABESTU DABE

  • Batzarretako taldeek umeen kirol-jarduerea ez etetearen alde agertu dira, egoera epidemiologikoak ahalbidetzen badau.

(Bilbon, 2021eko martiaren 30ean). Batzarretako taldeek EH Bilduren arauz besteko proposamen bat eztabaidatu dabe gaur, eta, bertan, ikastetxeetan “burbuiletan eta espazio edegietan” eskola kirola martxan jarteko eskatu deutsie Aldundiari, beti be egoera epidemiologikoak eskatzen dituan osasun-baldintzak beteten badira. Ekimena ez da azkenean bozkatu, proposamena egin dauen taldeak atzera bota dauelako, orain hiru hilebete erregistrau eban proposamen bat bozkatzeari uko egin deutsolako. Halanda be, aurreko eztabaidan, Batzarretako taldeek kirola egitea ahalbidetzen dauen protokoloa babestu dabe, “osasuna sustatzen laguntzen dauen jarduerea dalako”.

Geldialdi baten ostean, eskola kirolak urtarrilaren 13an berreskuratu eban bere jarduerea Bizkaian, jeltzaleek gogoratuazo dabenez. LABIren jarraibideei jarraituz, Aldundiak argi berdea emon eutsen 6 personako burbuila-talde txikietako entrenamentuei. 500etik gorako intzidentzia-tasea daukien udalerrietan (eremu gorrikoak) jarduera hori etenda jarraitzea proponidu zan.

Zigor Isuskiza koalizino abertzaleko batzordekideak deitoratu egin dau abenduan aurkeztutako ekimenaren eztabaidea hainbeste atzeratu izana, eta Jane Eyre Urkieta jeltzaleak Batzarren “baliabideak optimizetearren” justifikau dau hori, ez zalako gai zerrendan puntu bakarra lantzeko Euskera, Kultura eta Kirolerako Batzordea deitzearen aldekoa. Batzordearen funtzionamentua malgutzeko prest agertu da, antzeko egoerea berriro gertatzen bada.

Ekimenean, EH Bilduk Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean “lantalde bat” sortzea proponiduten eban, klubek eta federazinoek parte hartuta, kirola egiteko bete behar diran baldintzak adosteko. Umeek “erantzukizun handia erakutsi dabe” pandemian zehar, baina ez da “barra librerik” eskatzen, eta bai umeek espazio edegietan eta “burbuila-taldeetan” kirola egiteko aukerea. “Kontua ez da gazteek egunero borroka greko-erromatarra egitea”, esan dau Hector Fernandez Medrano Elkarrekin Bizkaiako batzordekideak.

Foru Gobernua babesten daben taldeak (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta Talde Berezia bat etorri dira eztabaidea “zaharkituta” dagola esatean; izan be, neurria urtarriletik apliketea eskatzen zan. Aldundia babesten daben alderdi biek indarrean dagon araudiagaz “jarraitzearen” alde egin dabe, eta euren eretxiz “ez da beharrezkoa daborduko egiten ari dana egiteko eskatzea”.

INDUSTRIA-ONDAREA

Sestaoko Labe Garaiko ondare-elementuak ostearen ondorioz, Elkarrekin BIzkaiak jakin gura eban Euskara, Kultura eta Kirol Sailak zer esparrutan esku hartzen dauen industria-ondareari jagokonez, eta baita aurretik egindako lanaren balorazinoa eta gai honen inguruan etorkizunerako ikuspegiak be.

Kultura Sailaren 2021erako aurrekontuek, ondarearen ganeko bere laneko ildoan, eta zehatzago esanda “Bizkaia, Europako ondarearen lurraldea” izeneko 10. proiektuan, industria-ondarea sailaren “lehentasunetako bat” dala aitatzen dabe, Hector Fernandez talde moreko kideak adierazo dauenez.

Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak modu “positiboan” balorau dau industria-ondareari balioa emoteko egiten ari dan lana, eta bere saila lurraldean dagon ondare “zabal eta baliotsua” berreskuratzeko gauzatzen ari dan ekimenak aitatu ditu.

Bilbaok, Batzarretako taldeei txosten bat bialtzeko konpromisoa hartu dau, industria-ondarearen ganeko “agintaldiko esku-hartze guztiak” jasoten dituana, hasiera batean Aldundia inplikauta dagon ekimenak laburbiltzeko, zehatzago esanda, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan, La Encartada Museoan edo El Pobal burdinolan. Udara arte Nerbioi eta Ibaizabal ibaien ertzetako ondarea, “Durangotik itsasoraino”, ezagutzeko bisitak antolatzeko Urbideak proiektuaren definizinoa be aitatu dau Bilbaok.

Ekarpenen artean, Bizkaiko udalek, Itsas Museoak eta Lekeitioko ontziolek jasoten dituen laguntzak aitatu ditu Bilbaok. Modu berean, “hain agerikoa ez dan” eremu batean, Sestaoko La Navaleko artxiboa katalogetako eta berreskuratzeko Foru Artxiboan egiten dan ahalegina azpimarratu dau Bilbaok.

Etorkizuna, “ez dator ondo” arlo ekonomikoan, eta Bilbaok zuhur jokatu gura izan dau etorkizuneko proiektuakaz. “Erakundeen arteko lankidetzea handitzearen alde” egin dau, industria-ondarean eragin hobea izateko, baina argi itzi dau, aztarna asko dagozanez, “lehentasunak markau” behar dirala eta horrek “gauza batzuk alde batera iztea” esan gura dauela. “Zoritxarrez, ezinezkoa da guztiari aldi berean aurre egitea”, esan dau.

Eta Industriaren Ondarearen Euskal Alkarteak Ondarearen arloan “erakundeen itzikeria” salatu barri dauen adierazpenen inguruan galdetuta, Bilbaok ez dau polemikarik sortu gura izan. Orain 10 egun arduradunakaz alkartu ziran, eta “proiektu batzuetan” alkarte horregaz alkarlanean aritzeko konpromisoa agertu eben. Bilerak Aste Santuaren ostean egingo ditue, “esku-hartzeko erespideak ezarteko”. Bilbao “itxaropentsu” agertu da alkarlan horregaz, eta “gauza gehiago egiteko aukerea” izan daitekela uste dau.