Aurreko Albisteak

"EUSKAL HERRIAK KAPITALARI PLANTO" PLATAFORMAK BIZKAIA TORREKO EKINTZAILETZA-ZENTROAREN PROIEKTUA BERTAN BEHERA IZTEKO ESKATU DAU

  • Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, enpresa transakzionalen larregikerien kontrako plataforma horretako ordezkariek proiektuaren norabidea aldatzeko eskatu deutsie Aldundiari, beharginen klaseari eta tokiko ekonomiari mesede egiteko.

(Bilbon, 2021eko martiaren 26an). Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak Euskal Herriak Kapitalari Plantoko ordezkari bi hartu ditu gaur. Plataforma horrek “enpresa transnazionalen larregikerien kontra” egiten dau burruka, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean, Bizkaia Torreak ordezkatzen dauen eredu “jasanezina” salatu dau. Proiektu horren oinarria “edozein preziotan hazteko mantra” da, eta, horregaz batera, beherapen fiskalak, lan-prekariedadea eta diru publikoaren “desbideratze bihurria” datoz.

Aldundiak sustatutako eta PwCk kudeatutako Bizkaia Torreko Ekintzailetza Zentroa, atzerriko inbertsinoa barrikuntzea, “beste mantrea”, erabilita, erakarri gura dauen jarduketarako ildoaren beste adibide bat da plataforma horrentzat, Mikel Álvarez Olaetxea eta Janire Landaluce Pérez plataformaren ordezkariek salatu dabenez. Barrikuntza hori beste herrialde batzuetan “milioi askoko” aurrekontuak dituen unibersidadeetan oinarritzen da, eta hori aldendu egiten da Euskal Herriko unibersidade publikoaren izaeratik.

BBVAren eraikin zaharreko “ekintzailetzaren itsasargia”, “eredu kapitalista zahar horren lantzaren puntea” da. Halan, lehiakortasuna areagotzeko ekintzailetza-zentro handi bat sortzearen justifikazinopean, diru publikoa Asier Atutxak zuzendutako aholkularitza-enpresa pribadu batek zuzenduko dauen ekimen batean sartuko da. “Imajinetan dot hau dala aitatzen dan lankidetza publiko-pribadua”, esan dau ironiaz Alvarezek.

Modu berean, “startup” enpresen ekintzailetzara bideratutako inbertsino funtsen kudeatzaileek pandemiaren unerik kritikoenetan izandako beherapen fiskala salatu dabe. Atzerriko inbertsinoa “gustura egoteko” beheranzko karrera fiskal horrek aurrera jarraitzen dau Bizkaian, Soziedadeen ganeko Zergaren jatsieraren inguruko eztabaidagaz lotuta.

“Tamalez”, hori ez da multinazional handien aldeko agendaren mugarri bakarra. Euskal gizarteak, sektore publikoaren eta pribaduaren arteko lankidetzaren “porrota” ikusi dau, bizitzarako oinarrizko diran, baina gaur egun pribatizauta edo esternalizauta dagozan sektoreen erregulazinoan. Torrearen proiektuaren antzeko espirituagaz, “euskal gizartearen beharrei erantzuten ez deutseen” Energy Intelligence Center moduko ekimenetan sakontzea eta baliabide publikoak esku pribaduetara “ezelango kontrol barik” transferiduteko politika ekonomikoa nabarmendu dabe, Euskaltel, Gestamp edo Iberdrola moduko enpresei mesede eginez.

Azken batean, Bizkaia Torreak, aberastasunaren banaketan oinarritzen ez dan eta “huts egin” dauen ereduagaz jarraitzea erakusten dau. Baliabide publiko guztiak bertako eta kanpoko kapitalaren zerbitzura jarten dira. Hori dala eta, eredu sozioekonomikoaren “goitik beherako aldaketea” behar dala uste dabe, erreforma fiskalagaz hasteko eta hartu-emon publiko-pribadua aldatuko dauen gobernantza eredua aldatzeko. Euren eretxiz, barrikuntzea, tokiko ekonomiaren sustapenean eta zerbitzu publikoen hobekuntzan zentrau behar da.