ALDUNDIAK USTE DAU AP-68 AUTOBIDEA "BERANDU BAINO LEHEN" SARTUKO DALA BIZKAIKO TARIFEN SISTEMA INTEGRALEAN
- Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak gaurkotasuneko gaien ganeko itaunak egin deutsaz Foru Gobernuari, eta 2018ko lurraldeko Kontu Orokorra eta Ugao-Miraballeseko banderaren aldaketea onartu ditu.
(Gernikan, 2021eko martiaren 24an). Gaur osoko bilkura bikotxa (Kontrolekoa eta Ohikoa) egin da Gernikako Batzar Etxean. Aldundiak Bizkaiko gaurkotasuneko hainbat gairen ganeko azalpenak emon ditu. Horreetako batean, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak, Talde Berezia-PPB taldeak ahaldun nagusiari zuzendutako interpelazino batean, esan dau Aldundiak “behar dan guztia” egingo dauela bizkaitarrek AP-68 autobidea erabilteagaitik deskontuak izan daiezan. 2020ko urtarriletik errepide hori foru-titulartasunekoa da, eta kudeaketa pribadukoa 2026ko azarora arte. “Lege-oinarririk ez dogun arren”, Aldundia kontzesionarioagaz batera ari da beharrean “berandu baino lehen”, errepide hori ahalmen handiko errepideen tarifen sistema integralean sartzeko.
Horrez gain, diputatuak jakinarazo dauenez, “datozan asteetan” administrazino desbardinen (Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Garraio Ministerioa) arteko funtzionamentu erregimena arautzeko hitzarmena ixtea espero dabe, eta, horren ostean, emakidadunagaz “beste negoziazino batzuei kalterik egin barik”, gastuaren mugea “berme legal guztiakaz” aplikau ahal izango da, A-8 autobidean, Supersur izenekoan eta Artxandako tuneletan, hain zuzen be. Arabak eta Bizkaiak adostuta, hitzarmena abenduaren 25ean bialdu zan Madrilera.
AP-68 autobidea foru tarifa-sisteman sartzeko atzerapena deitoratu dau PPBk. Amaya Fernandez bozeramaileak “behingoz” AP-68 autobidearen Bizkaiko zatian bidesariaren murrizketa apliketako eskatu dau, beste lurralde eta erkidego batzuetan egiten dan moduan, eta errepidea eskualdatzeko akordioa egin zanetik “23 hilebete” pasau dirala eta batzorde teknikoan akordioa lortzeko epea amaitu zanetik “ia urtebete” igaro dala deitoratu dau.
Pradalesek gogoraratuazo dauenez, 2020ko urtarrilean Bizkaiak AP 68ren titulartasuna jaso eban, baina ez kudeaketea, euskal administrazinoak “hamarkadetan” beharrean eta gestinoetan aritu ostean. Avasagaz, autobidea 2026ko azarora arte kudeatzen dauen enpreseagaz, batera, hainbat alderdi tekniko lantzen ari da. Zehatzago esanda, datuen babesaren, iruzurra kontroletako ekipamenduen eta Interbiaken eta Avasaren arteko bateragarritasun informatikoaren ganeko alderdiak konpontzen ari dira.
KLAUSULA SOZIALAK, FISKALIDADEA
Elkarrekin Bizkaiak Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko enpresetan eta kontratuetan lan-baldintzak hobetzearen ganean egindako interpelazino batean, Unai Rementeria ahaldun nagusiak adierazo dau azken urte bietan (2019-2020) gizarte eta ingurumen arloko “2.783” klausula txertatu dirala “234” kontratu publikotan. Kontratazino pleguak bardintasunaren, ordainsarien, hizkuntzaren erabileraren eta ingurumenaren arloko lan-eskubide guztiak betetea arautzen dau, eta azpimarratu dau foru erakundearen menpe dagozan enpresek ez dabela “ezelango” ERTErik egin pandemia dala eta, eta Ogasunak kenkari fiskalak sartu dituala enpresek enpleoaren kalidadea hobetu daien.
Israel Escalante batzarkideak 2017ko urtarrilean indarrean sartu ziran klausula sozial horreek beteteko eta Aldundiak kontratazino arloan “modu eredugarrian” jokatzeko eskatu dau. Zentzu horretan, menpeko enpresetan azpi-kontratazinoa kontroletea eskatu dau, “larregizko lanaldiak edo soldaten prekariedadea” saihesteko. Enpresek beteten ez badabe, isunak “barregarriak” dira.
Beste alde batetik, Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko diputatuak, garraio publikoaren dobakotasuna urritasunen bat daukien personen laguntzaileengana zabaltzea, eskatzen eban Elkarrekin Bizkaiaren Interpelazino bati erantzunez, erabaki horreek MGPren barruan hartu behar dirala esan dau, laguntzen daben persona horreentzako onurak “orokorrak eta homogeneoak” izan daitezan lurraldeko garraio osoan.
Ahozko erantzun-eskeen txandan, oposizinoak aurkeztutako sei gairi erantzun behar izan deutse Aldundiak. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak mahai ganean jarri ditu bere saila neke pandemikoa prebeniduteko eta saihesteko egiten ari dan beharraren inguruko datuak. Gizarte zerbitzuetako 773 beharginek zentroetan konfinautako personakaz behar egiteko prestakuntzea jaso dabe, 1.141 profesionalek jardunbide egokien ganeko ikastaroak hartu ditue eta GUFEk arreta psikologikoko zerbitzu bat jarri dau martxan. Murillok azaroaz geroztik 985 erabiltzailerengan eragina izan daben aparteko neurriak ezarteko daukan gaitasuna gehitu dau. Gaur egun, 30 zaintzaile laguntza psikologikoa jasoten ari dira.
Beste alde batetik, Aldundiak berretsi egin dau Navaleko lurretan “industria-jarduereagaz jarraitzearen” aldeko apustua egiten dauela, udalaren urigintza-araudia betez, eta hori “oso garrantzitsua” dala esan dau Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak; izan be, enpresa pribaduen arteko alkarrizketak “oso positibotzat” jo ditu, Belgikako VGP enpresearen proiektuan ontzigintza edo itsasoko parke eolikoak edo industria-jarduerak sar daitezan. EH Bilduren eretxiz, Belgikako enpresea Sestaora etorteak bertan behera izten dau eremu horren erabilera industriala. Elkarrekin Bizkaiak “industria politikan esku hartzeko anbizino faltea” egotzi deutso Aldundiari.
EH Bilduren beste erantzun-eske batean, batzarretako taldeak “aliantza” publiko-pribadua eskatu dau Sestaoko Labe Garaia babesteko, izan be, orain dala gitxi hainbat objektu lapurtu dira bertatik, Industria Ondarearen Euskal Elkarteak egiaztatu dauenez. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak esan dau bere sailak jabeakaz batera lan egingo dauela ondasun horri balioa emoteko, izan be, leheneratzeko lanak amaitu ostean babes berezia izango dau. Dana dala, onartu dauenez, aurton Aldundiak ez dau labe garairako “ezelango aurrekontu berezirik” bideratu.
Europako Batzordeak, 2016. urtera arte Athletic Clubek eta beste hiru futbol klubek bete behar izan eben zerga-araubidea, Estaduko laguntzatzat hartzeko hartutako erabagia, eztabaidagai izan da Elkarrekin Bizkaiaren erantzun-eske baten bidez, eta legez kanpoko laguntza horreek berreskuratzeko epearen ganean galdetu dau. “Zer pausu emon ditu, edo emongo ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, Athletic Clubek jaso dituan legez kanpoko laguntzak berreskuratzeko? Zenbatetan zenbatesten ditu altxor publikora itzuli beharreko zenbatekoak?”, galdetu dau Eneritz de Madariaga bozeroaleak.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak berretsi dau ezin dala gai honen inguruko daturik emon, “isilpekoa dalako”. Athleticek Bizkaiko Aldundiaren aldeko tratua jasoten dauela “guztiz” ukatu dau. Izan be, “zerga-arauak bardin apliketan deutseguz bizkaitar guztiei”. Baieztu dauenez, 2016ko azaroaren 29an Batzordeak Ogasunari jakinarazo eutsan exekuzinoa berresten eban dokumentazino guztia jaso ebala. Erabagia irmoa ez zan arren, errekurriduta egoalako, Bizkaiak, Europako araudiak agintzen dauen moduan, lau hilebeteko epean betearazo eban, “guztiz eta batzordeak eskatu moduan”.
OHIKO OSOKOA
Kontroleko osoko bilkuraren ostean, ohiko osoko bilkurea egin da, eta Gorka Beitia Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordeburuak 2019ko irailaren 1etik 2020ko garagarrilaren 30era bitarteko batzorde horren jarduera-txostena aurkeztu dau. “Sei bilera”, aurreikusitakoak baino gitxiago, pandemia dala eta, eta auzo-alkarteen edo beste erakunde batzuen “8 eskaera”, kexak adierazoteko, ekologismoagaz, Zugaztietako larre-eskubideagaz, pentsioakaz, Artxandako ehizagaz, GUFEen oposizinoakaz, covid-19aren ondorio sozial eta ekonomikoakaz edo egoitzetako asistentziagaz zerikusia daukien gaien ingurukoak.
Azkenik, osoko bilkurak Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2018rako Kontu Orokorra onartu dau, EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren kontrako botoakaz, eta Ugao-Miraballeseko armarri heraldikoa aldatzea, kontrako boto barik, udalerri horretako osoko bilkurak hartutako erabakiagaz bat etorrita.