BIZKAIAK ANIZTASUNAREN ETA INKLUSINOAREN ALDEKO I. PLANA AKTIBAU DAU ANIZTASUNARI BALIOA EMOTEKO
- Teresa Laespada foru diputatuak, aniztasuna aberastasun moduan integretea aurreikusten dauen hiru urteko plana azaldu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan
(Bilbon, 2021eko martiaren 23an). Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako Foru Sailak, Aniztasunaren eta Inklusinoaren aldeko I. Plana jarri dau martxan. Lankidetza eta Aniztasun Zuzendaritzak beste 60 eragilegaz batera gauzatutako hausnarketa estrategiko baten emaitza da. Helburua aniztasunaren aldeko apustuan “aurrerapausua” emotea, eta Bizkaia “anitza” lortzeko bidean aurrera egitea da, “aniztasuna aberastasun moduan hartuz”.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Batzordean aurkeztu da gaur Aniztasunaren eta Inklusinoaren aldeko 2021-2023 Plana, Teresa Laespada foru diputatuak eskatuta. Diputatuak defendidu dauenez, “Bizkaiko errealidade barriak ikuspegi politiko barriak eskatzen ditu, aniztasun hori aberastasun moduan kudeatu eta integratu ahal izateko”, Bizkaia “mestizoa dalako eta gero eta gehiago izango dalako”, “hori ikusi gura ez daben personak egon arren”.
Testuinguru horretan, Laespadak “aniztasuna kudeatuko daben politika onak” bultzatzearen alde egin dau, “aberastasun kultural” moduan sartzeko erronkeagaz, “sensibilizazinoan eta komunikazino onean ahalegin handia eginez”. Horretarako, 2021ean, Lankidetza eta Aniztasun Zuzendaritzak 1,25 milioi euroko inbertsinoa kudeatuko dau aniztasuna sustatzeko politiketan eta programetan.
Hausnarketa estrategiko baten ondorioz, Aniztasunaren eta Inklusinoaren aldeko I. Plan hau hiru talde parte-hartzailegaz egin da: Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saila bera, gizarte-erakundeak (30) eta aditu talde baten eretxia. Horrez gain, plana bat dator 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen aldeko apustuagaz.
Dokumentuak 3 helburu eta 26 ekintza batzen ditu, eta Laespadak zuzentzen dauen Saileko ganerako arloenganako “zeharkakotasuna” eskatzen dau. Horrek, “Aldundiaren hainbat gaitan eta politiketan aplikauko dala bermatzen dau, horreen artean, enpleoan eta ekintzailetzan, gizarteratzean, bardintasunean edo lankidetzan”.
Laespadak zehaztu dauenez, diskriminazinoaren kontrako burrukan sentsibilizazino kanpainetan sakontzea eta jardunaldietan parte hartzea edo “Zurrumurruen kontrako sarea” moduko ekimenakaz bat egitea ezarten da. Beste alde batetik, aniztasunaren arloko erakundeakaz alkarrizketa-mahai iraunkor bat sortzea eta diru-laguntza deialdien finantzaketea indartzea aurreikusten dau.
Laespadak azaldu dauenez, neurri horreekaz guztiakaz, Aldundiak “Bizkaia, bere aniztasuna aberastasun moduan ikusten dauen gizarte bihurtu gura dau”. Gizarte horretan, “aniztasunak ez dau desbardintasunik edo bazterketarik sortuko”.
BATZARRERAKO TALDEAK
Planaren helburuakaz bat etorri ostean, Amaya Fernandezek (Talde Berezia-PPB) esan dau 40 orrialdeko dokumentuak “orokortasunerako joerea” eta “autokritika faltea” daukazala, baina “hobetzeko” balio dauela. Jarduketarako ildoei “leku gitxi” emoten jake, eta zenbateko ekonomikoen faltea sumau dau. Bere taldearentzat, plan hori “ez da Bizkaia inklusiboago bat lortzeko konponbidea izango”. Laespadak zehaztu dauenez, ekintzak “plan operatibo batean gauzatuko dira”.
Eva Maria Cabornerok (Elkarrekin Bizkaia), bere aldetik, plana “pausu txikia, baina positiboa” dala esan dau. Laespadagaz bat dator “desbardintasunak kudeatzea ez dala erraza” esatean, eta plan horreek enpresetan eta Foru Aldundian be gauzatu ahal izango ete diran galdetu dabe.
Foru Gobernua babesten daben taldeen aldetik, Juan Oterminek (PSE-EE) heterogeneotasun soziala “gorde beharreko aberastasun handia dala” esan dau. Bere berbetan, Aldundiak “beste bultzada bat emon deutso arlo horretako ekintza publikoari”. Bizkaia “gizatiarragoa eta hobea” egiteko “asmo handiko plan indartsua” da, eta hori “barri ona da”, esan dau.
Izaskun Duque (EH Bildu) bat etorri da plana “albiste ona” dala esatean, baina dokumentua aurretik taldeei emon ez izana kritikau dau. Dana dala, ardatz bakotxean, “ekintza gehiagoren faltea” sumetan dau koalizino abertzaleko batzarkideak. 2021eko plan operatiboaz eta ekintzak “garaiz eta behar dan moduan” zelan gauzatuko diran galdetu dau. Modu berean, ekintza “interesgarri” bi nabarmendu ditu: Natxo Rodriguez Lankidetza eta Garapenerako zuzendariaren berbetan, Bilbon izatea aurreikusten ari dan udal eremuko proiektu pilotu komunitarioa, eta kolektiboak auto-antolatzeko ekimenak bultzatzeko beste ekintza bat. Orokorrean, Duquek “koherentzia faltea” ikusten dau Administrazinoaren maila desbardinen arteko politika publikoetan, arlo horretan dagon ekimen kopuruarengaitik, horreen artean, “Immigrazinoaren aldeko Euskal Ituna, LGTB Legea, udal-ekimenak…”
Azkenik, Ana Esther Furundarena Euzko Abertzaleak taldeko kideak azpimarratu dau Aldundiak 14 urte daroazala “aniztasunaren eta lankidetzaren arloan beharrean”. Plana “positiboa” dala uste dau, eta “estatikoa” ez izatea eta “unean uneko beharren arabera egokitu ahal izatea” azpimarratu dau.