Aurreko Albisteak

Ignacio Corcuera "Livingstone" bilbotarrak geldialdia egin dau Dakar lasterketan Gernikako Arbolearen landarea Argentinako Cordobako Euskal Etxean lagateko

Córdoba

Bilbon, 2015eko urtarrilaren 12an

Argentinako Cordobako Gure Txokoa izeneko euskal etxeak Gernikako Arbolearen landarea landatuko dau, Gernikakoaren oinordeko zuzena genetikoki, laster hasiko dituan barrizketa-lanen barruan. Argentinan zehar igaroten dan Dakar rallyan parte hartu dauela aprobetxatuta, Ignacio Corcuera "Livingstone" bilbotarrak “mezulari” lanak egin ditu eta haretxaren landara ofiziala eroan deutse.

Bizkaiko Batzar Nagusiek emonda eta egiaztatuta eta Aldundiaren mendekoa dan Basalan foru enpreseak zainduta, euskal askatasunen ikur hori Cordobako Euskal Etxeko bazkide bati emon eutsan gidari bizkaitarrak joandako astean. Dakar lasterketearen edizino honetan bakarrean gidatzen dau Corcuerak, eta Estaduko lehenengoa bihurtu da bakarrean hirugarrenez parte hartzen.

Ibilbidean zehar beste leku bitan be lagako ditu landarak Corcuerak. Munduan euskal etxerik gehien daukan herrialdea Argentina da —mundu guztian 162 euskal etxe dagoz, eurotako 76 Argentinan—, baina Txile eta Boliviako beste euskal etxe bitara be eroango ditu landarak. Txilen 1943. urtean sortutako Valparaíso-Viñako Euskal Etxera eroango dau, eta Boliviaren kasuan —hor ez dago euskal etorkinen horrenbesteko tradizinorik— oraindik zehaztu barik dago zein euskal etxetan itxiko dauen.