Aurreko Albisteak

ENKARTERRIETAKO MUSEOAK 20 BIDEO-MIKROKONTAKIZUN EKOIZTU DITU ANTONIO DE TRUEBAREN FIGURAN SAKONTZEKO

Abellaneda

  • Galdamesko kronikari, historialari eta idazlearen bizitzaren eta lanaren ganeko erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusietako kultur zentroan egongo da ikusgai, maiatzaren 2ra arte, haren jaiotzaren 200. urteurrenean.

  • “20 EGUN TRUEBAGAZ”. Ikus-entzunezko flash txikiak datozan hiru asteetan zabalduko dira erakunde bien sare sozialen bidez (Facebook, Instagram eta Youtube).

(Abellanedan, 2020ko martiaren 15ean). Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Abellanedako Enkarterrietako Museoak, Antonio de Truebaren bizitzaren eta lanaren ganeko 20 bideo txiki argitaratu ditu. Aste Santura bitartean, Abellanedako kultur etxeak, “Antonio Trueba (1819-1889). Bizkaiko kronista” erakusketa handiak gordetan dituan altxor interesgarrienak batzen dituen azalpeneko pildora txikiak erakutsiko ditu bere sare sozialen bitartez. Erakusketea, maiatzaren 2ra arte egongo da zabalik, eta Bizkaiko Batzarrak, Foru Artxiboa, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Museoa eta bildumagile pribaduak jaube diran artikuluak ditu.

Covid-19ak herritarren mobikortasunari ezarri deutsazan mugak konpentsetako, Enkarterriko museoak “20 EGUN TRUEBAGAZ” proiektua aurkeztu dau, erakusketea teknologia barrien bidez gerturatzeko asmoz. Bertan, Javier Barrio museoko zuzendariak, 2 minutu inguruko ikus-entzunezko pieza txikietan, XIX. mendeko Bizkaiko pertsonaia garrantzitsuenetako baten pentsamentua, ibilbidea edo lana kontetan ditu. Askoren ustez, euskal kulturaren defendatzaile handia izan zan. Mikrokontakizunek Truebaren bizitzaren eta obraren ikuspegi modernoa eta kritikoa islatzen dabe, bizitzan jaso ebazan etenbako gorespenetan jausi barik, ezta euskal sustraien larregizko idealizazinoarengaitik jaso ebazan kritika gogorretan be.

Bideoek Galdamesko bizilagunak itzitako ondare osoaren zati txiki bat baino ez dabe kontetan; izan be, ehun pieza baino gehiagok osatzen dabe erakusketea, horreen artean, liburuak, jatorrizko dokumentuak, artelanak, ilustrazinoak, Truebaren garaiko intelektualek idatzitako testuak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Enkarterrietako Museoaren eta beste erakunde publiko eta pribadu batzuen bidez hainbat urtez eskuratu dituen hainbat pieza interesgarri.

Mikrokontakizunetan aurkeztutako informazino guztia 2019an eta 2020an zehar luzatu zan ikerketa-lanean oinarritzen da. Lan horretan honeek hartu eben parte: Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikideko katedradunak eta 2019ko Euskadi Ikerketa Saridunak, Montserrat Amores Bartzelonako Unibersidade Autonomoko literatura-irakasleak, Javier Barrio Marro Enkarterrietako Museoko zuzendariak eta Goio Bañales eta Jesus Arrate ikerlariek. Goio Bañales Enkarterrien azterketan aditua da eta Jesus Arrate gerra karlisten munduan. Ez da ahaztu behar urte batzuk lehenago José Antonio Ereño Deustuko Unibersidadeko irakasle erretirauak Antonio de Truebaren ganean argitaratu eban lana.

Bideoak modu librean ikusi ahal izango dira Enkarterriko Museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus) sartuz. Bertan, esteka batek youtube plataformara edo youtube plataformaren esteka berera (https://youtube.com/channel/UCCwjt48mZvmxZDUsgAt8ZoQ) eroango gaitu.

Hona hemen aurkeztuko diran kapituluak:

1. kapitulua: Trueba. Biografia labur bat

2. kapitulua: Trueba. Bere pentsamentu erromantikoa

3. kapitulua: Trueba. Unamuno eta Truebaren pentsamentua

4. kapitulua: Trueba. Kronistaren lana

5. kapitulua: Trueba. Poeta eta idazlea

6. kapitulua: Trueba. Artxibozaina eta kronista

7. kapitulua: Trueba. Kazetaria

8: Trueba. Enkarterriak eta Bizkaia

9. kapitulua: Trueba. Bere umezaroko harana

10. kapitulua: Trueba. Montellano eta Santa Gadea

11. kapitulua: Trueba. Somorrostro harana

12. kapitulua: Trueba. Industria

13. kapitulua: Trueba. Herrixka eta euskal munduaren idealizazinoa

14. kapitulua: Trueba. Bere kritika sozial eza

15. kapitulua: Trueba. Bere gizarte arloko bilakaera

16. kapitulua: Trueba. Bere pertsonaiak

17. kapitulua: Trueba. Emakumeak bere obran

18. kapitulua: Trueba. Gerraz betetako mende bat

19. kapitulua: Trueba. Foruen defentsa

20. kapitulua: Trueba. Legatua, ospea eta omenaldiak

DOBAKO BISITA GIDAUAK

Modu berean, Euskadiko mobikortasunaren edegiera aprobetxauz erakusketea bisitau gura dauenarentzat, Enkarterrietako Museoak martian eta apirilean bisita gidauen programea zabaltzea erabagi dau, Abellanedako erakusketea eta monumentu moltsoa ezagutzeko aukera parebakoa eskainiz.

Erakusketea dobako gideagaz eta bost laguneko taldetan ikusi daiteke, martiaren 19an, 25ean eta 28an, eta apirilaren 2an, 18an eta 24an. Egun horreetan bertan, baina beste ordutegi bategaz, Abellanedako monumentu moltsora ibilbide gidaua be egin daiteke (Batzar-Etxea, Korrejidorearen Etxea, Batzarkideen Ostatua eta Aingeru Zaintzailearen baselizea, goi-ordokia kostaldeagaz lotzen eban errege-galtzadaz gain). Informazino gehiago: https://www.enkarterrimuseoa.eus/home/VistaPrevia.asp?idboletin=1114

Lotutako estekak: